Yoga eta autozaintza saioa egingo du Gazteriaren Kontseiluak Mundakan
Zaintzen Plaza proiektuaren baitako saioa da Mundakako Santa Katalinan egingo dutena; zapatuan batuko dira, 10:00etan. Parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da.
Zaintzen Plaza proiektuaren baitan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak yoga eta autozaintza saioa antolatu du zapaturako. Mundakako Santa Katalinan egingo dute, 10:00tatik aurrera.
Martxoaren 8an zaintzen inguruan egindako aldarrikapenen haritik, maiatzean ekin zion bideari Zaintzen Plaza proiektuak. “Zaintzak gutako bakoitzaren bizitzak egunerokotasunean funtzionatzea ahalbidetzen duten ezinbesteko ekintza guztiak dira, eta eguneroko berreraikitze prozesua, ongizate fisiko eta emozionala sostengatzen dituena”, azaldu dute Gazteriaren Kontseiluko kideek.
Maiatzeko lehen topaketan gazteak zaintzetan duten egitekoaz aritu ziren: “Gazteok zaintzari eskainitako denbora gure egunerokoan nabarmena dela ikusi genuen, baina zaintza mota hau, norbere buruarekiko zaintzari eskainia da gehienbat. Pandemia egoeragatik, ordea, gazteon osasun mentalaren egoera inoiz baino zaurgarriagoa da, eta gure buruen zaintza eta gazteon osasun mentalaren gaia lantzea proposatu zen”.
Hala, aipatu gaia lantzen hasteko antolatu dute zapatuan Mundakan egingo den saioa: yoga eta autozaintza. Jakitera eman dutenez, saioaren asmoa da yogaren teknika ezberdinen bidez, gorputzaren entzutea zabaltzea, minak askatzea eta barruko nahiekin eta jakinduriagaz birkonektatzea.
Bi ordu eta erdi inguru. Gazteriaren Kontseiluak esan du saioa bi ordu eta erdi ingurukoa izango dela. Alde fisikoa lantzen hasiko dira beroketa eta posturen bitartez. Erlaxaziorako denbora apur bat ere edukiko dutela jakitera eman dute. Gainera, kontzentrazioa eta barneratzea bermatuko dituzte “pranayama edo arnasketaren kontrolagaz”. Amaitzeko, meditazioaren bidez intuizioarekiko lotura sortu edo birsortuko dute, eta handik abiatuta, parte hartzaile guztien interesekoak diren gaiei buruz hausnarketa egingo dutela zehaztu dute.
Horregaz guztiagaz, ongizatea, osasuna osotasunean (fisikoa zein mentala) eta zaintzen inguruan eztabaidatzeko enpatia eta sorodidadeko gune bat sortuko dute. Era berean, parte hartzaileek dauzkaten ideiak eta praktikak elkartrukatuko dituzte, “feminismotik, dibertsitatea eta parte hartzaile bakoitzaren erritmoa errespetatuz”.
Bizitzan egiten dituzten autozaintzak aitortzeko tartea hartuko dutela jakitera eman dute: “Elkarbanatutako praktiketatik gako batzuk aterata, bakoitzak ardura hartuz, ekintza pare bati lehentasuna emango dio, benetan aurrera eramateko. Bidea, baina, ez dugu bakardadean egingo, baizik eta bidelagunekin”.
Saioaren helburuak honakoak dira: yoga autoezagutzarako eta autozaintzarako tresna boteretsu moduan zabaltzea; gorputzaren entzutea handitzea bere propiozepzioaren bitartez; ongizatea, emozioen kudeaketa hobea, buruko lasaitasuna, osasun fisikoa eta abar ekartzea; talde hausnarketarako gune segurua sortzea; taldean ahalduntzea eta denen arteko sorodidadea sortzea; bakoitzak bizitzan egiten dituen autozaintzak aitortzea eta elkarbanatzea; bakoitzak hartutako konpromisoak aurrera eramateko babesa garatzea.
Beharrezkoak. Zapatuko saioan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea hurrengo estekan: https://labur.eus/OLabY.
Parte hartzeko asmoa dutenek, ezinbestekoa izango dute estera eroatea, erlajaxiorako tapaki bat eta papera eta boligrafoa.
Rakel Garcia Teran santurtziarrak gidatuko du saioa. Arte Ederretako ikasketak egin zituen. Gizarte eremuan garapenerako hezkuntzako proiektuetan urte batzuk eman ostean, gaur egun agroekologian eta osasunaren autokudeaketan murgilduta dago. Yoga integralaren, hileroko terapiaren eta autokudeatutako ginekologiaren bidezko gorputzaren ezagupen eta ulermenean aditua. Marimatraka Talde Feministako kidea da.