Ingurumenarekiko eta herritarrekiko errespetuzko turismo iraunkorra bultzatu du Ibarrangeluko Udalak
Ingurune naturalaren baitako eskaintzez gain, eskaintza kulturalaren aldeko apustua egin du Ibarrangeluko Udalak.
Kultur eta ingurune naturalaren eskaintzan oinarrituta, “errespetuzko turismo iraunkorraren” aldeko apustua egin du Ibarrangeluko Udalak. Izan ere, bere hondartzek erakarrita, urtero batik bat uda sasoian milaka bisitari joaten dira udalerrira.
Laida eta Laga hondartzak, artadi kantauriarra, Atxarreko San Pedroko begiratokia… Ibarrangeluk “bere biodibertsitateagatik xarma handiko ingurune naturala” dauka, turistentzat erakargarria. Ondare naturala ez ezik ondare kulturala ere aberatsa da, eta horren adibide da San Andres elizako zur landuz egindako ganga polikromatua. Ganga ikusgarria da, eta ez dugu beste inon aurkituko material horrekin tamaina hain handian eraikitako gangarik. Horri esker, Euskal Herriko eliza originalenetariko bat da Ibarrangelukoa. Orain dela gutxi zendu zen Gianluigi Colaluccik, Kapera Sixtinoko zaharberritzaile buruak San Andres eliza bisitatu zuenean, txunditurik esan zuen honakoa ‘euskal arteko Kapera Sixtinoa’ dela”. Gangak interesa pizten du bisitariengan, eta parrokiaren eta Ibarrangeluko Udalaren laguntzagaz www.visiturdaibai.com webgunetik bisita gidatuak eskaintzen dituzte.
Mugikortasuna jasangarriaren garrantzia nabarmendu dute udal gobernutik, bisitariei garraio publikoa erabiltzeko dei eginez. Era berean, natur zein kultur ondareak balioan jarri eta errespetatzearen mezua luzatu du: “Ibarrangeluko Udalak jasangarritasunaren alde egiten du eta kultura-turismoa bultzatzen du. Garapen eredu horretan, mugikortasuna ere jasangarria izatea lortu gura da. Bisitariak garraio publikoaren eta baliabide jasangarrien bidez iristea bultzatu gura da, eta bertako txoko eta leku interesgarriak ezagutzeari dagokionez, udalerri barruko joan-etorrietarako, oinez ibiltzeko esperientzia paregabeaz gozatzera gonbidatzen du”.