Gernikako eta Muruetako alkateek begi onez hartu dute Guggenheim proiektua
Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira hedatzeko plan berria aurkeztu zuten atzo. "Ingurumenetik eta ingurumenerako egiten den" proiektu bat izan daitekeela diote Julen Karrion Muruetako alkateak eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak.
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu zen atzo Bilbon, eta Guggenheim Bilbao Museoa handitzeko proiektuaren berri jaso zuten Patronatuko kideek. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenaren arabera, Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira hedatzeko plan berria aurkeztu zuten batzarrean.
Hain zuzen, Gernika-Lumoko Dalia lantegi zaharra dagoen lursailean eta Muruetako ontziolan aurreikusi dituzte bi egoitzak. Bi eraikinak bide berde batek lotuko dituela adierazi dute.
Patronatuak zabaldutako oharrak dioenez, “museo eredu berri bat” izango da, ekoizpen artistikoa, ekologikoa, teknologikoa, harreman sozialak eta ikerketa bateratuko dituena. “Bisitariei esperientzia berri bat bizitzeko aukera eskainiko die. Bizipen hori gaur egungo Guggenheim Bilbao Museoan bizi dezaketenaz bestelakoa eta haren osagarria izango da”, azaldu dute oharrean.
Egoitza berriak eraikitzeko plana sortzerakoan ingurumena kontuan hartu dutela esan dute. Izan ere, proiektuak pasaian integratu gura dituzte.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak “proposamen berria” dela dio: “Eredu berria da munduan, Gernika-Lumoko eta Muruetako bi egoitzak ibilbide berde bategaz lotzea aurreikusten duena”. Proiektu artistikoak bultzatzeaz gain, proposamenak naturarekiko harremana ere sustatuko duela dio Gorroñok: “Proiektua kultura uztartuz gizartea ingurumenarekin eta baliabide naturalen babesarekin sentsibilizatzeko modu bat da”.
Gorroñok eta Muruetako alkate Julen Karrionek adierazi dute Murueta, Gernika-Lumo, Urdaibai, Busturialdea, Bizkaia eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoarako “bultzada” izan daitekeela. Karrionen arabera, “proiektu oso garrantzitsua” da.
Karrionek azaldu duenez, azterketa ugari egin dituzte kokalekua zehazteko, “bideragarritasuna zehazteko”. Proiektua “begi onez” ikusi behar dela deritzo: “Interesgarria izan daiteke, batez ere, Biosfera Erreserbaren bihotzean kokatuta gaudelako eta bihotz horretan kokatuta daukagu momentu honetan Muruetako Ontziola. Hainbat urtean oso garrantzitsua izan da ontziola Muruetarentzat, sinbolo bat izan da. Gaur egun, hala ere, gure eskualdeko berezitasunak ikusita, ontziolak etorkizun handirik ez duela ikusi da. Hortaz, orain aurkeztu dutena alternatiba bat izan daiteke han dauden azpiegiturak aprobetxatzeko, betiere, ingurumenaren eskutik doan proiektu bat baldin bada. Ingurumenetik eta ingurumenerako egiten den proiektu bat izango dela ematen du”.
Itsasadarrean dragatze arazoak hasi zirenean, eta ontziolatik itsasontziak ateratzeko arazoak hasi zirenean Muruetako Ontziolak Erandion beste alternatiba bat bilatu zuela dio alkateak; “une honetan Erandion dauka ontziolaren ehuneko handiena. Muruetan piezak egiten dituzte, iaz itsasontzi baten zati bat atera zen baina itsasontziak ez dira osotasunean hemen egiten. Muruetakoa euskarri modura daukate”.
Proiektua, hala ere, “ondo bideratzen” jakin behar dela uste du: “Proiektua ondo prestatu beharra dago, turismo jasangarritik bideratuta, gurelako herri txiki batean ondoriorik ez edukitzeko. Proiektua aurretik oso ondo landu behar da horrelako leku bateko bizi-kalitatean ahalik eta inpaktu txikiena izateko, eta batera joan daitezen bizi-kalitatea eta turismo jasangarria”. Gaur egun dauden baliabideekin, baina, gauza horiek “kontrolatu daitezkeela” uste du Karrionek.
Muruetako alkateak “zuhurtzia” eskatu du: “Proiektua hor dago baina ez dakigu osotasunean zelan egingo den”.
Hainbat komunikabidek esan dutenaren arabera, patronatuak azpimarratu du proiektu honek eskualdeko “jarduera ekonomikoa suspertzea” bultzatuko duela, betiere ingurumena errespetatuta.
Eusko Jaurlaritzak zerrenda bat egin du Europar Batasunaren diru-laguntzak jasotzeko hautagai diren egitasmoekin, eta horien artean dago Urdaibaiko Guggenheim Museoa. “Proiektu hori lantzen, eguneratzen eta testuinguru berrietara egokitzen aritu da museoa azken hilabeteetan, eta, berriki, Europako Next Generation berreskuratze-funtsak jasotzeko hautagai izateko aukeratua izan da”, adierazi dute.
Bi egoitza berriak Europako Batasuneko Next Generation funtsekin ordaintzea espero dute. Zabalkuntzaren aurrekontua 120 milioi eurokoa da, eta aurrekontu horretako 81 Europako Batasunetik letorke, eta gainerakoa tokiko erakundeetatik eta inbertsore pribatuetatik. Bost urte iraungo lukete lanek, eta urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dutela diote.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura sailburuaren berbetan, proiektuak “bide luzea du egiteko”. Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu duenez, “proiektuak 2008ko planarekin dituen desberdintasunak” azaldu zizkieten atzoko bileran. Hala ere, lehenengo eta behin Europako funtsak jasotzeko aukera izango duen edo ez jakin behar dela adierazi du bozeramaileak. Baina funtsik jaso ezean, ez du baztertu egitasmoak beste finantza bide bat izan dezakeenik, ezta baieztatu ere: “Datozen hilabeteetan ikusi beharko da proiektuetako zeintzuek egingo duten aurrera eta zeintzuek ez”.
Aurrekariak. Azken hamarkadan Guggenheim museoa Urdaibaira ekartzeko proiektuak zeresana ekarri du. Hasieran BBKren udalekuetara hedatzea aztertu zuten Busturian, baina krisi ekonomikoaren ondorioz atzera bota zuten egitasmoa. 2018an, baina, Juan Ignacio Bidarte Guggenheimeko zuzendariak Gernika-Lumo inguruan museoa zabaltzeko lekuen bila zebiltzala adierazi zuen. Museoaren 2018-2020 urteetarako plan estrategikoan ageri zen asmoa.