90 urte Foruan
Desanexio ondorengo alkate eta zinegotzi guztiek diploma bana jaso dute. EAJren 90. urteurrena ospatzeko, gainera, haritz gazte bat landatu dute Amotxerrin eta monolito bat ere jarri dute Berrizgane tontorrean.
Duela 90 urte eratu zen Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) Foruan, eta 90. urteurrena ez dute ospatu barik utzi gura izan. Sinbologiaz bete dituzte ospakizunak, eta ekitaldi politikoa ere egin dute.
Desanexio ondorengo alkate eta zinegotzi guztiak izan dituzte gogoan alderdiaren 90. urteurrenean. Herenegun egindako ekitaldi politikoan diploma bana jaso zuten. Aipamen berezia jaso zuen, berriz, ia hiru hamarkada Foruko Udalean zinegotzi daraman Izaskun Arrietak. Foruko alkate Mikel Magunazelaren esanetan, “hunkigarria” izan zen.
Alkateak azken urte “gogorra” ekarri zuen gogora domekako mitinean. Foruan pandemiak “izen eta abizenak dituela” nabarmendu zuen. Unea baliatu zuen, gainera, lehenengo lerroan eta etxez-etxe lanean ibili direnei eskerrak emateko. Orain, lehentasuna “osasuna eta bizitza soziala” berreskuratzea dela esan zuen, “eta lortuko dugu”. Foruko EAJk proiektua daukala esan zuen, eta “ilusioa” edukitzeaz gain, “lanerako prest” daudela aipatu zuen.
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea ere egon zen Foruan: “Jose Ortuzar lehen alkatea (1933) eta Juana Beaskoetxea Emakume Abertzale Batzako presidentea izan zena, pozarren imajinatzen ditut Jane Eyre Urkieta eta Mikel Magunazelaiaren lana ikusita. Eta harro gaude gu ere”.
Pandemia ere aipatu zuen, eta hori gainditzeko “bide onean goazela” esan zuen. Hala ere Atutxaren ustetan, “ezinbestekoa” da eguneroko lanean COVID-19 osteko egoera ekonomiko eta sozialari aurre egiteko prestakuntzan “etengabe aritzea”; “txertoak eta elkarlana lagun, aurrera goaz”. Hartutako neurrien “ondorio onuragarriak” ere nabaritzen dituztela esan zuen: udalek hartutako COVID-19aren kontrako laguntzak, aldundiak eta jaurlaritzak suspertutakoak…
Foruko EAJren presidente Jon Iñaki Lasa idazle eta poetak ere parte hartu zuen domekako mitinean. Forua txikia bada ere, “txikitasunean handitasuna” ikusi behar dutela esan zuen: “Proposamenak behar dira, ilusioa eta gogoa, eta Foruko EAJk bide horretan jarraitzen du. Eskuzabaltasuna da orain dela 90 urte Foruan alderdia ezarri zutenen ezaugarria. Haritz zahar bat daukagu Bizkaian eta haritz gazte, sendo eta zindoa landatu dugu gaur Foruan”.
Izan ere, ekitaldi politikoa baino lehenago haritz bat landatu zuten Amotxerrin. Sustrai artean beirazko kutxa bat lurperatu zuten. Kutxa horretan alderdikideen izenak sartu zituzten, ikurrinagaz batera.
Foruko EAJren 90. urteurrena ospatzeko, gainera, joan den barikuan monolito bat jarri zuten, Berrizgane tontorrean, 266 metroko altuerara; 2021eko ekainaren 4an sortu baitzen Foruko Uri Buru Batzarra. Monolitoa Berrizganen jartzea erabaki dute, handik Foruko ikuspegi osoa dagoelako. Leku horretan, gainera, San Kristobal baselizan agertu den estela jarri dute sinbolo modura. “Gure arbasoen lauburua islatu gura izan dugu monolito horretan”, esan du Foruko alkateak.