Asel Luzarragaren 'Malthusen ezinegona'-k "ikusiko ez dugun etorkizuna" dakar
Elkar argitaletxeagaz argitaratu berri du Asel Luzarraga Zarrabeitiak bere hamargarren liburua. "Trilogia distopiko baten azken aleak" XXIII. mendean kokatuko du irakurlea.
50 urte beteko dituen honetan, hamargarren liburua kaleratu du Asel Luzarraga Zarrabeitiak (Mundaka, 1971). Malthusen ezinegona eleberria argitaratu berri du Elkar argitaletxeagaz. “Ikusiko ez dugun etorkizuna” dakar Luzarragaren azken liburuak, XXIII. mendea, hain zuzen ere.
Karonte, Bioklik, eta orain, Malthusen ezinegona. Idazleak azaldu duenez, eleberri distopiko batzuen “azken kate begia” da. Karonte (2005) momentuko kezken emaitza izan zela gogorarazi du. Idatzi zuenean, ez zeukan asmorik horren ondorengorik idazteko, baina zenbait urte geroago etorri zen Bioklik (2018). Dioenez, zer edo zelan Karonteren jarraipena izan zen; hango pertsonaia bat ere badago. Bigarren horrekin ere “bere etorkizun hiperteknologikoari egindako begirada” hor gelditzea izan zen asmoa, hau da, uste zuen amaituta zegoela zientzia fikzioa bere eleberrietan. Urte berean, udazkenean, “sofan lasai zegoela”, Malthus etorri zitzaion burura. Azaldu du, hurrengo lau hileetan “obsesionatuta” idatzi zuela, “sukar batek jota modura”, amaitu arte.
Liburuaren bitartez, beste behin ere, etorkizunera jo du: “Karonte liburukoa etorkizun hurbila zen, gaur egun gaindituta daukaguna. Bioklik da egunen baten ukituko dugun etorkizuna eta Malthusen ezinegona liburuak ikusiko ez dugun etorkizunera egiten du salto”.
Luzarragak sortu duen gizarte horretan gaur egungo gizartearen gaitz guztiak gaindituta daude. Mundu osoan milioi bat pertsona bizi dira, luxu eta ondasun guztiak eskura, inguruan beren zerbitzurako hainbat robot-gizaki dituztela, ez dute lanik egiten, ez daukate gaixotasunik… “ardurarik barik” bizi dira. Dena da “lasaia eta gozagarria, izatez”, baina badira lasai ez daudenak ere, horien artean Malthus. Pertsonaia nagusiak ez dauka nahikorik horregaz: “Zer edo zer falta du. Falta duena da, hain zuzen ere, besteen gaineko boterea erabili ahal izatea”. Itxura batean “hain perfektua” den gizarte horretan sentitzen du, hortaz, zer edo zer kendu diotela.
Handik abiatuta, hainbat hausnarketarako bidea ematen duela dio: adinaz, denboraz, lanaz… “Lan egin behar ez dutenez, denbora bera arazo bihurtzen da, zelan bete denbora. Gainera, ehundik gora urte bizi dira, eta beti gazte”. Malthus gutxi-gutxika joango da deskubritzen mundu perfektu horren arrakalak eta gezurrak. Hala, historiaren martxa irauliko duen plan bat pentsatzen du.
Judith ere agertzen da liburuan. “Kontrapuntua” dela dio, “ispiluarena” egiten du: “Zenbait momentutan agertzen da, eta hausnarketa paraleloak egiten ditu, beste leku eta zentzu batetik”.
“Ederra, bikaina eta sendoa”. Sortu zuenean “obsesio” bihurtu zela dio; “oso erakargarria” egiten zitzaion pertsonaia garatzea eta haren baitan sartzea. “Hain justu, nik gura dudan guztiaren kontrakoa da. Askoz gehiago gozatzen dut nire kontrako pertsonaien baitan sartzen naizenean”.
Luzarragak esan du liburua idatzi ahala, “argi” ikusi zuela “segida guztiz logiko, koherente eta naturala” osatzen zutela hiru liburuek: “Trilogia distopiko bat, gainditu dugun etorkizun batetik beharbada gizakiok desagertuta egongo garen etorkizun baterantz, begiak gero eta urrunago jarrita”.
Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, liburua “ederra, bikaina eta sendoa” da aldi berean.