Xixili berreskuratzeko lanak hasiko dituzte
1980. urtean Lamerapunteko dikean jarri zutenetik, ez du mantentze lanik ezagutu. Lehenik eta behin, ekainaren 7tik 11ra bitartean, eskulturaren premiazko azterketa eta esku-hartzeak burutuko dituzte. Horretarako, Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultateak Hezkuntza Lankidetzako programa bat garatzeko hitzarmena sinatu dute, eta Arte Ederretako Fakultateko ikasle zein irakasleek hartuko dute lehenebgo faseko lanen ardura.
Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultateak Hezkuntza Lankidetzako programa bat garatzeko hitzarmena sinatu berri dute. Hain zuzen ere, Bermeoko portuan dagoen Xixili lamiaren eskulturaren premiazko azterketa eta esku-hartzeak burutu aldera, EHU, Eusko Jaurlaritzako portu zuzendaritza eta Bermeoko Udala elkarlanean ariko dira “hain egoera kezkagarrian dagoen herriko irudi adierazgarri horren edertasuna berreskuratzeko”. Lehenengo fasea datorren astean (ekainaren 7tik 11ra) izango da. Horretan, eskulturaren egoera aztertuko dute eta egin beharreko premiazko esku-hartzeak proposatuko dituzte.
Jose Luis Butron eskultoreak sortu zuen Xixili eskultura 1980 urtean. Lamerapunteko dikean jarri zenetik, “herriko itsas identitatearen errepresentazioa den irudiak”, ez du mantentze lanik ezagutu. Modu horretan, udalak “premiazko” ikusi du udalerrirarentzako “hain esanguratsua” den lan honen premiazko azterketa eta esku-hartze zehatzak egitea. Alegia, erabilitako sormen-prozesuak eta materialak ezagutzea, kontserbazio-egoera aztertzea eta lana kontserbatzeko zein arriskuak ekiditeko unean-uneko esku-hartzeak egitea, besteak beste.
EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasle zein irakasleek premiazko tratamenduak egingo dizkiote Butronen eskulturari, “egiturazko egonkortasunari eragiten dioten narriadurak geldiarazteko”. Enara Artetxe Sanchez eta Jose Luis Larrañaga Odriozola irakasleak eta Miren Oteros Etxeberria ikasleak parte hartuko dute esku-hartzean.
“Itsasotik datozen enbata eta giro gaziaren ondorioz, kalte larriak ditu. Lamiaren zenbait atal galtzeko arriskuan daude hormigoiak bere sendotasuna galdu duelako, irudiaren osotasuna eta ezaugarriak galzorian jarriz. Gauzak horrela, Bermeoko Udalak eta Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharberritzeko buruzko Graduaren artean hitzarmena sinatu da. Hortaz, graduko Miren Oteros ikasleak eskulturaren azterketa teknikoa, kontserbazio egoeraren diagnosia eta premiazko esku-hartzea Gradu Amaierako Lan gisa garatuko du”, azaldu du EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle Jose Luis Larrañagak.
Aipatu lankidetza hitzarmenari esker, obraren ikerketa egin eta integritatea bermatzeaz gain, Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko ikasleen unibertsitate-prestakuntza osatzea eta hobetzea ahalbidetuko da; izan ere, obra errealean ikusi eta esku-hartu ahal izango dute. Alde bientzako elkarlan “onuragarria” dela aipatu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Alkatearen arabera, “premiazkoa” da lan horiek egitea: “Xixili gure ikurra da, gure ondare historiko-artistikoa, denbora gehiegi egon da alde batera utzita”.