Mundakako Beteranoen I. Estropada jokatuko dute zapatuan
Beteranoen La Salve Ligaren hirugarren estropada lehiatuko dute zapatuan, 15:00etatik aurrera, Mundakan.
Beteranoen La Salve Ligaren egutegiko Mundakako Beteranoen I. Estropada lehiatuko dute zapatuan [ekainak 5], 15:00etan hasita.
Ligaren hirugarren jardunaldia da Mundakakoa. Pasaian hasi zuten liga, eta Zumaian lehiatu zuten bigarren estropada. Mundakako Arraun Taldeko beteranoek edo Bisonteek sailkapenaren erdikaldean amaitu dituzte aipatu estropadak, eta asteburu honetan, etxean emaitza hobea lortzea espero dute: “Pasaian seigarren geratu ginen, eta Zumaian zortzigarren. Ea hobera egiten dugun etxeko estropadan. Sentsazioak onak izan dira, baina erritmo falta igartzen da. Lan erdietan beheraldi apur bat eduki izan dugu. Orokorrean gustura ari gara”, azaldu du Jose Luis Uriarte arraunlariak.
Badok 13 Zarauzko Arraunlari Beteranoek irabazi dituzte orain arteko bi banderak. Ligan dauden taldeen artean maila altua dagoela azpimarratu du: “Badok, Pontejos, Zumaia, Getxo… arraunean aritu den jendea dago, eta adibidez, Getxoko taldean Urdaibain egondako Eneko Van Horenbeke dago eta beste batzuetan ere badaude olinpiar jokoetan lehiatutakoak. Jende indartsua dago”.