Baso politika iraunkorragoa egiteko konpromisoa hartu du udalbatzak
Aho batez onartu dute adierazpen instituzionala. Herritarren artean basogintza iraunkorraren kontzientziazioa sortzeko ekintzak bultzatzeko konpromisoa hartu dute.
Bermeoko Udalak basoak modu iraunkorrean kudeatzeko eta desertifikazioaren aurka borrokatzeko garapen jasangarrirako helburuekin bat egin du. Modu horretan, Basoa lantaldean landutako adierazpen instituzionala aho batez onartu dute azken osoko bilkuran.
Klima aldaketaren aurkako borroka “guztion erronka” dela aipatu du udalak, “guztioi eragiten digu nola edo hala”. Horrek, “konpromiso pertsonal zein kolektiboa” eskatzen duela nabarmendu dute. “Berotze globala arduraz kudeatzeak onurak ekarriko dizkio ingurumenari eta gizarteari”; ondorioz, eta aspaldi hasitako bideari jarraituz, Bermeoko Udalak (Udalsarea 21 ekimenean esku hartu zuen) garapen jasangarrirako helburuekin bat egin du, “basoak modu iraunkorrean kudeatzeko, desertifikazioaren aurka borrokatzeko, lurren degradazioa gelditzeko eta biodibertsitatearen galera alderantzikatzeko”.
Horiek lortzeko, udalak hainbat konpromiso hartuko ditu, eta horiek adierazpen instituzionalean txertatu dituzte. Hala, besteak beste, mendi publikoetan, bereziki, udalaren jabetzakoetan, baso kudeaketa iraunkorrago baten alde egingo du eta eukaliptoen azalera murriztu, bertako baso anitzak sustatuz.
Herritarren artean ere basogintza iraunkorraren garrantziaren kontzientziazioa sortzeko ekintzak bultzatzeko konpromisoa hartu dute. Are gehiago, udalak, Bermeoko lurretan baso politika iraunkorragoa egiteko konpromisoa eta lankidetzarako borondatea helaraziko dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari.
Horrez gain, baso jabe pribatuei, baso kudeaketa iraunkorrago baterako informazioa eta aholkularitza eskainiko die eta beste administrazioekin (Eusko Jaurlaritza, URA, Urdaibaiko Patronatua, Bizkaiko Foru Aldundia…) elkarlana sustatuko du.
Eukaliptoen zabaltzeak, gainera, “kezka” sortu du. Aipatu dutenez, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak eukaliptoen landaketa mugatzea eta Bizkaiko basoetan espezie autoktonoen presentzia areagotzea ezarri ditu lehentasun modura datozen hilabeteetarako.
Udalak bide beretik jarraitu gura du, mendietako eukaliptoen azalera murriztuz. “Gure basoetako espezie autoktonoak berreskuratzea ezinbestekoa da garapen jasangarri bat lortzeko, beste erakundeekin elkarlanean jardungo dugu gure basoak modu iraunkorrean kudeatu eta gure biodibertsitatea zaintzeko” esan du Aritz Abaroa alkateak.
Mozioaren ezetza gogora. Osoko bilkuran Bermeoko EH Bildukoek gogora ekarri zuten 2020ko azaroan aurkeztu zuten mozioa; “beste baso politika bat sustatzea zuen helburu nagusi”. Mozioak oinarri zientifiko “oso sendoa” zuela esan zuen Jokin Lapaza zinegotziak, eta hala ere, EAJk mozioaren aurka bozkatu zuela, “eztabaidatu eta ekarpenik egin barik”.
Orain onartu duten adierazpen instituzionala EH Bilduren mozioan oinarrituta dagoela gehitu zuen Lapazak: “Guk aurkeztutako mozioaren aldean, adierazpen instituzionala oso pobrea da. Mozioa ausartagoa eta landuagoa zen”. Hala ere, adierazpen instituzionala “aurrerapausoa” dela uste dute.
Basoa lantaldea, berriz, EH Bilduren proposamena izan zela gogora ekarri du zinegotziak; talde horretan interesa duen edonork parte hartzeko aukera duela gogorarazi du, “elkarlanerako interesa duen edonork”.
Aldundira bidali duten informazio eskaria ere koalizioak “prestatutakoa eta bultzatutakoa” dela aipatu dute. Oraindik, baina, erantzunik ez dute jaso.
“Bermeo berdeagoa”. Guzanekoen iritziz, “garrantzitsua” da mota horretako gaiak udalean lantzea. Hala ere, haien ustez, horrek erakusten du herrian badaudela beste mota bateko beharrizan batzuk ere: “Gai berdea lantzen ari garen honetan, uste dugu Bermeon jesarri beharra daukagula Bermeo berdeago baten alde egiteko. Azken urteetan ikusi dugu Pergolan, kanposantu ondoan, ikastolan… zuhaitzak edo zuhaixkak kentzen ari garela inongo irizpide edo protokolorik jarraitu barik, udal modura inongo konpromiso berderik hartu barik. Aholkuak ematen gauden honetan, gu erreferenteak izan beharko ginateke, eta erreferente izateko balioan jarri beharko genituzke herri barruko gune berdeak. Erronka bat daukagu horretan”.