Artza Pilota Elkarteko Eneko Garay txapeldun, Bizkaiko Kluben Arteko Txapelketan
22 urtez azpikoen txapela jantzi du Garayk. Senior mailan txapeldunorde geratu da Mikel Madariaga.
Bermeoko Artza Pilota Elkarteko Eneko Garay eta Mikel Madariaga pilotariek banakako 30. Bizkaiko Kluben Arteko Txapelketaren finalak lehiatu zituzten, zeinek bere kategorian, atzo arratsaldean [ekainak 2], Bilboko Bizkaia frontoian.
22 azpikoetan Garayk jantzi zuen txapela. Izan ere, Zeanuriko Joko Alai klubeko Urigoitiaren kontra jokatu behar zuen, baina ez zen aurkeztu eskuko minez zegoelako. Madariagak, berriz, 22 eta 10 galdu zuen Galdakaoko Adiskide taldeko Carregalen kontrako finala.
Partidu polita izan zen, baina banakakoetan pasatzen den modura, aurrelariak abantaila gehiago ditu atzelariaren kontra. “Gehiago jokatzen du airez eta hortik joan zen partidua. Aurrelaria airez sartzen zen sakeetan eta dena eta partidua irabazteko atzelari batek baino aukera gehiago ditu. Profesionaletan ere ikusi da hori, bi aurrelari heldu dira finalera aurten”, azaldu du klubeko kideek.