30. Mendatako Udala Sari Nagusia lehiatuko dute domekan
Gazte mailako 30. Mendatako Udala Sari Nagusia lehiatuko dute domekan [ekainak 6], 10:00etatik aurrera.
88 txirrindularik izena eman dute, eta Mendatan egongo diren klub gehienak bizkaitarrak izango direla esan dute antolakuntzakoek: “Sei talde etorriko dira Gipuzkoatik eta Arabatik, eta gainontzekoak Bizkaikoak dira”. Izena emandakoen artean, Nabiga 360 Busturia TTko Xabi Aransolo gernikarrak lasterketa irabazteko lehian sartzeko aukerak dituela esan dute antolatzaileek. Denboraldian bikain ari da, eta PIPAS Txapelketan bere nagusitasuna erakutsi du, eta aurreko asteburan Zarautzen lehiatutako lasterketa irabazi zuen.
76 km-ko lasterketa da. Mendata, Arratzu, Gernika eta Ajangiz artean bi buelta emango dituzte, eta azkenengo buetan, Mendatatik Urrutxura pasatu eta Muniketaganera joango dira. Handik berriro Urrutxura bueltatu eta Bizkaiko Begiratokitik Munitibarrera joango dira, eta Mendatan amaituko dute.
Ciclista Gernikesaren kideek zehaztu dute COVID-19agatik osasun protokoloa ezarriko dutela, “besteak beste, txirrindulari guztiei tenperatura hartuko diete Mendatara heltzean”.