Neurri ez-nahikoak, ostalarien iritziz
Ordutegia gauerdira arte luzatzeak ezer gutxitan lagunduko dietela esan dute; osasun egoera kontuan hartu behar dela onartu arren, beraien sektoreak zigortuta jarraitzen duela deritzote
Neurriak malgutzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta ostalaritzak zein kultur jarduerek ordutegi zabalagoa izango dute bihartik aurrera. Taberna eta jatetxeen ordutegia gauerdira arte zabaltzea erabaki zuen atzo Labi Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak. Erabaki horrek, hala ere, ez ditu Gernika-Lumoko eta Bermeoko ostalariak konbentzitu.
Bostale Bermeoko ostalarien elkarteko kide eta Bermeoko Kafe Antzokiko arduraduna da Patxi Erauzkin. Haren esanetan, atzo iragarritako neurri berriek ez dute ezertan laguntzen: “Gaueko aisialdian lan egiten dugunontzat kalterako izan daiteke”. Dioenez, gaueko aisialdian lan egiten dutenentzat lanerako bi ordu gehiago izateak ez du hobekuntzarik izango. Edukiera oraindik mugatuta dago, gainera. “Kalean jendea elkarrekin egon daiteke, baina tabernara sartu eta mahai bakoitzean lau pertsona bakarrik batu daitezke. Neurri horiek ulerkaitzak dira”. Osasun neurriak hartzea beharrezkoa dela dio, baina osasuna bada arrazoia leku denetan zaindu beharko litzatekeela uste du Erauzkinek, “ez bakarrik ostalaritzan. Gainontzeko enpresa eta arloetan ez dugu ikusten neurri horiek hartu behar direnik. Ostalaritza da zigortu den sektore bakarra”.
Tabernarien kasuan ere, bi ordu gehiago izatearen neurria ez-nahikoa dela uste du, “ordutegia 20:00etatik 22:00etara luzatu zutenean ere zertxobait nabaritu dute, baina ez askorik”.
14 hilabetetako zama. LABIren batzorde teknikoak hiru aste barru erabakiko du neurriak gehiago arindu daitezkeen. Erauzkinek dio hiru aste gehiago gehiegi dela, 14 hilabeteren zama daramatelako gainean. Egoera ekonomikoa oso kaltetuta dagoela dio. “Paandemia hasi zenetik Jaurlaaritzatik 3.500 euro jaso ditugu laguntzetan, eta argindarren faktura, hilero, 3.000 eurokoa da nire kasuan”. Bermeoko Udalarekin du aloikairu kontratua, eta berau osotasunean ordaindu behar ez izateko adostasun batetara heldu direlako eskertuta dago.
Ekonomikoki bakarrik ez, Erazukinek nabarmendu du psikologikoki ere eragin handia izan dutela aurreko 14 hilabeteok: “Norantz jo ez dakigu, ezta zer egin behar dugun”. Gainera, dioenez, langileak ERTEan eta egoera ezegonkorrean edukitzea ere kezkagarria da ostalarientzat. Gauza bera aipatu du Gernika-Lumoko SOS Ostalaritzako kide eta Zallo-Barri jatetxeko arduradunak. “Langilean ERTEan ikusteak ardura sortzen du. Nahi duguna da langile denak lanean hastea”.
Edukiera muga beraren muga. Baina gaur egungo egoeran ezinezkoa dela dio. Gauerdira arte zabaltzeko baimena ondo ikusten duela dio, baina edukiera mugak ez duela laguntzen: “Lauko mahaiak mantendu behar ditugu, eta, horrela, jende gutxiago sartzen da jantokian”. Mahai bakoitzean batu daitekeen pertsona kopurua handitu ala ez hiru aste barru erabakiko du Jaurlaritzak, “baina beste hiru aste asko da guretzat. Udaran sartzeko gaude, eta lanean hasi behar gara lehenbailehen”. Gogoan du urrian mahai bakoitzeko 10 lagun batu zitezkeela, “eta orain, jendea txertoa hartzen ari den arren, neurriak murriztaileagoak dira. Badirudi ez dela ezer aldatu”. Mugak ostalaritzan bakarrik mantendu dituztela gogoratu du, “etxeetan zortzi lagun batzea arriskutsuagoa izan daiteke”.
Hamalau hilabeteko zama asko nabaritu dutela esan du Ordorikak: “Geldialdi asko izan ditugu, eta horietako bakoitzak gastu gehiago suposatzen du”. Onartu du SOS Ostalaritzako kideak alokairuak ordaindu behar dituztenen egoeragatik beldur direla. Laguntzak ez dira gastuak mantentzeko beste izan. “ERTEek lagundu dute, baina gu behartu egin gaituzte zarratzera. Hau da, ez digute lan egiten utzi”. Espainiako Gobernutik heldu zitzaien lehenengo laguntza-paketearekin zorrak estaltzeko beste izan zutela dio Ordorikak, “baina bigarrenez itxi behar izan genuenean egoera aldatu egin zen. Eusko Jaurlaritzaren esku geratu ziren eta ez laguntzak ez baldintzak ez ziren berdinak izan. Taberna edo jatetxea ixtera behartzen bagaituzte babesa behar dugu. Ulertu daiteke osasuna ezeren gainetik dagoela, baina gu ere kontuan hartuta”.
Hala ere, hiru aste barru neurriak malgutzea eta egoerak hobera egitea espero du Ordorikak. “Lan egin guar dugu, eta uda hau desberdina izatea espero dugu”.