"Praktika onak funtsezkoak dira jasangarritasuna sustatzeko"
2018. urtean hasi zen martxan Bermeo Tuna World Capital (BTWC). Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da.
Zer suposatzen du Bermeorentzat atunaren munduko hiriburu izatea?
Bultzada bat izan behar da. Ezin daiteke Bermeo ahanzturan geratu. Antxoagaz Santoñak (Kantabria, Espainia) eroan du izena, nahiz eta Bermeo ere antxoaren portu garrantzitsua izan zen. Atunagaz ikusi zen Bermeoren izena nazioartean jartzeko aukera bazegoela. Atuna izozteko 50 ontzi eta baxurako 25 ontzi baino gehiago ditu, arrantza sistema jasangarriekin, eta MSCk markatutako hegaluzeagaz. Horrez gain, hainbat kontserba enpresaren egoitza da, baita ekipo ondasunen zenbait enpresa teknologikorena ere. Halaber, mundu mailako erreferentzia da, izan ere, tunido tropikalen munduko harrapaketen %10 baino gehiago egiten du. Herri txiki batek munduko harrapaketen %10 egitea izugarria da. Indargune horiek guztiak kontuan hartu ziren Bermeo jendearen ahoetan egon dadin berriro ere eta Bermeo garrantzitsua bihur dadin. Zelan egingo dugu hori? Garena aldarrikatzen, atuna eta iraunkortasuna ardatz hartuta. Asmoa, gainera, atunaren balio katearen parte diren guztiek elkartean parte hartzea da, indarra emateko.
Kudeaketa jasangarria duzue helburu garrantzitsuenetako bat.
Zertaz hitz egiten da gaur egun? Jasangarritasunaz, ingurumenaz, ekonomia zirkularraz… mundu guztia ari da horretaz hitz egiten. Guk geuk, denbora asko daroagu horretaz hitz egiten. BTWC, hortaz, maila globalean atunaren inguruko kudeaketa jasangarria sustatzeko sortu zen, ezagutza zientifikotik eta praktika onen lidergotik abiatuta. Bermeo erreferente da horretan.
Elkartea hedatuz joan da.
Bai, gaur egun, hegaluze eta hegalaburraren balio kateko 30 enpresa eta entitate publiko zein pribatu baino gehiago daude elkartean. Uste dut, hala ere, hedapena gure araberakoa ere izan dala, hau da, guk zelan gura izan dugun marka zabaldu. Iraunkortasunaren alde egiten ari diren gero eta erakunde gehiago daude guregana hurbiltzen, eta hori oso ona da.
AZTIren parte hartzea nabarmentzen duzue.
Arrantzaleen eta kontserberen praktika onen aldekoak gara, eta horretarako oso garrantzitsua da ezagupen zientifikoa. Horregatik, AZTI ezinbesteko pieza bat da. AZTI maila goreneko itsasoko zentro teknologikoa da, Europako onenetarikoa.
BTWC elkarteak hiru adar ditu.
Hala da, bai. Adar horietako batek lotura emozionalagaz dauka zerikusia, herria eta herritarrekin. Hau da, bermeotarrek ulertu, sinistu eta lan egin behar dute. Horrek konpromisoak eskatzen ditu. Adibidez, ez dauka zentzurik Bermeoko taberna bateko pintxoko hegaluzea Bermeotik kanpoko kontserbera batekoa izatea. Merkeagoa izango da, baina txarragoa ere bai. Bermeo Tuna garrantzitsua dela pentsatu gura baldin badugu, garrantzitsua da aipatu dudan alde emozionala lantzea. Uste dut, hala ere, promozio gehiago behar dela. Herrian ez dago ezer esaten duenik Bermeo atunaren munduko hiriburua dela. Herritarren buruetan geratzeko ondo egongo litzateke herrirako sarrera-irteeratan zer edo zer jartzea. Bigarren adarrak posizionatze globalagaz dauka zerikusia. Horrek eman behar dio bultzada maila nazionalean eta nazioartean. Horretarako lan egiten ari gara, nazioarteko hitzaldi eta kongresuetan parte hartzen, esaterako. Eta ekimen desberdinak ere antolatu izan ditugu, Innovathon, esaterako. Hirugarren adarra garapen ekonomikoa eta soziala izango litzateke, lanpostuen sorreragaz lotuta. Enpresa bat sortzeko pausoak ematen ari gara, eta jasangarritasuna izango du ardatz nagusi. Fruituak, hortaz, ikusten dira.
Atuna proteina iturri natural eta osasungarria da, giza elikaduran oinarrizkoa, etorkizuneko belaunaldientzat bermatu beharrekoa. Baliabide urri horren inguruko praktika onak sustatzeko bidean, zer egin behar da? Zer egiten ari zarete?
Lehenago esan dugun moduan, atunaren kudeaketa jasangarria sustatu behar dugu, ezagutza zientifikotik eta praktika onen lidergotik abiatuta. Praktika onak funtsezkoak dira. Bertoko baxurako arrantzak MSC ziurtagiria dauka, hau da, iraunkortasun zigilua dauka, munduko garrantzitsuena. Zelan lortzen da hori? Itsasoaren kudeaketa onagaz. Praktika onei buruz berba egiten dugunean, berriz, arrantza metodoei buruz ari gara. Baxuran erraz ikusten da, baina alturako arrantzan ere beharrezkoa da egitea: gura ez ez diren espezieak arrantzatu barik, debekualdiak errespetatuta, egokiak ez diren arrantza tresnak ez erabiltzea, langileak errespetatuta… Erreferenteak gara horretan, orduan egiten dugunaren berri emanda, besteei irakatsi egin behar diegu, hobeto egiteko. Horren aurreratuta ez dauden herrialdeei irakatsi eta lagundu egin behar diegu, etorkizunera begira atuna bermatuta egoteko eta antxoagaz gertatu zena ez gertatzeko. Hala eta guztiz ere, kontuan hartzekoa da politika kontuak ere tartean daudela.
Ozeanoetako plastikoengatik ere arduratuta zaudete.
Atuna da gure ardura nagusia, hortaz, horiek plaatikorik ez jatea garrantzitsua da. Dena dago jasangarritasunagaz lotuta, eta jasangarritasunak lotura zuzena du ingurumenagaz. Nik uste dut onera egin dezakegula, badagoela atzera bueltarik. Gizartea aurrera doa, lehen ez genuen birziklatzen eta gaur egun egiten dugu. Gure seme-alabek ez dute lurrera paperik botatzen, gure gurasoek egiten zuten. Uste dut itsasoarekiko errespetua ere hobetzen joango dela, baina hori nik uste dudana da. BTWCetik errespetua bultzatzen ari gara, eta ez gara bakarrak, hainbat dira horretan buru-belarri ari diren erakundeak. Ea denen artean kontzientziak piztea lortzen dugun!
Ekimen ugari antolatzen dituzue, baten bat nabarmenduko zenuke?
Denak dira garrantzitsuak. Aipatu ditugun hiru adarrak landu behar ditugu, bakarrean indarrak jarriko baldin bagenu, hankamotz geratuko litzateke proiektua. Ekimenak adar desberdinetara zuzendutakoak dira.