Itsaskiak ezkutuan arrantzatzen zebilen pertsona bat atxilotu du Guardia Zibilak, Gaztelugatxen
Atxilotutakoak aurretik ere 2024ra arte arrantzatzea debekatuta zeukan. Beragaz zeuden bi laguni zigor administratiboa ipini diete, "desobedientzia eta nabegazio irregularra" egotzita.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren iturriak aipatuz, berri albisteek gaur zabaldu dutenez, Guardia Zibilak itsaskiak ezkutuan arrantzatzen zebilen pertsona bat atxilotu du Gaztelugatxen, eta esan dutenez, atxilotutakoak 2024ra arte arrantzatzea debekatuta zeukan.
Joan den astean hiru pertsona Gaztelugatxeko biotopo babestuan itsaskietan ari zirela jakinarazi zieten Guardia Zibilaren Bizkaiko Itsas Zerbitzukoei, eta bertara iristean ikusi zuten bi pertsona zeudela uretan, eta hirugarrena falta zela. Arrantzaleek guardia zibilei esan zieten eurek bakarrik zeudela, eta agenteek falta zen arrantzalea harkaitzen artean ezkutatuta zegoela uste zutenez, Zierbenako portuko amarratze-lekura itzultzeko eskatu zieten.
Tripulazioa identifikatu eta itsasontzia ikuskatu ondoren, agenteek lau kapazu eta urpeko arrantzarako fusil bat aurkitu zituzten.
Agenteak eta bi arrantzaleak Zierbenara bidean zirela, ezkutatuta zegoena harkaitzetatik atera zen, eta bertan itxaroten zituen Bizkaiko Foru Aldundiko langileak eta Gernikako kuarteleko Guardia Zibilak. Bera identifikatzean ikusi zuten 2024ra bitartean itsaskiak debekatzeko agindua zeukala, eta beraz, atxilotu egin zuten eta Gernikako Guardiako Epaitegira eroan.
Bestalde, Zierbenara joandakoak baimenik eta dokumentaziorik gabe atera ziren berriro Zierbenako portutik, Guardia Zibilaren Bizkaiko Itsas Zerbitzukoak eremu hartatik alde egin zutela pentsatuta. Baina, horiek antzeman egin zituzten, eta zigor administratiboa ipini zieten, “desobedientzia eta nabegazio irregularra” egotzita. Ontziak Santanderren zeukan amarratzea baimenduta, eta biotopo babestu batean baimenik gabe urpekaritza egiteagatik eta ontzian nahitaezko dokumentazioa ez eramateak bi arau-hauste administratibo leporatu zizkieten.