Hondartzek edukiera mugatua izango dute aurten ere
Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak aurtengo hondartzen denboraldia aurkeztu du gaur [maiatzak 28] goizean Lekeitioko Isuntza hondartzan.
Datorren martitzenean [ekainak 1] hasiko da Bizkaiko hondartzen denboraldia, eta aurreko denboraldian COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurri berdinak aplikatuko dira. Segurtasun distantzia mantendu ahal izateko, iazko sistema errepikatuko dute, eta hondartzainek eta sorosleek hondartzetako okupazioa neurtuko dute.
Hondartzetan, bozgorailuaren bidez emango da okupazioari buruzko informazioa, eta anbar koloreko bandera jarriko dute erabiltzaileek edukiera betetzen ari dela jakin dezaten eta modu antolatuan hondartzatik irteten hasi daitezen.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiaren hondartzen webgunean okupazioaren maila jakinarazteko panpina berde bat, bi panpina anbar eta hiru panpina gorri erabiliko dira, eta aldundiak iaz martxan jarri zuen BizkaiUP aplikazioan sistema bera erabiliko da; aplikazio hori telefono mugikor guztietan deskargatu ahal izango da. “Aplikazio horretan edukiera mailak eta hondartzetako ezaugarriekin lotutako bestelako informazioa eta udalek une bakoitzean ezarri ditzaketen neurriak jasoko dira, besteak beste, aparkalekuetako zonen itxiera perimetralak, hondartza dinamikoa ezartzea, sarbideekin lotutako kontuak”, azaldu dute.
Iaz emandako gomendioa ere mantendu dute, hau da, hondartzan hiru ordu baino gehiago ez egotea, txandakatzea bermatzeko eta ahalik eta pertsona gehienek hondartzez disfrutatu ahal izateko.
Jakitera eman dutenez, hondartzetako zerbitzu guztiak egongo dira martxan. Egunero lanean egongo dira 6 koordinatzaile eta 88 sorosle 24 sorospen postutan banatuta. 11:00etatik 20:00etara emango dute zerbitzua, hondartzen denboraldiko egun guztietan.
Hondartza guztietan Ume Galduak izeneko eskumuturreko zerbitzua ere egongo da, zortzi urte baino gutxiagoko adingabeak identifikatzeko, eta Hondartza denontzat bainatzeko laguntza zerbitzua ere martxan egongo da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra La Arenan, Ereagan, Plentzian, Mundakan, Lekeition eta Ondarroan, 11:15etik 18:45era.
Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten 113 dutxa, 80 iturri, hankak garbitzeko 80 gune, parrila duten 367 plataforma eta egurrezko pasabideak (1.920 metro) jarriko dituzte hondartzetan. Denboraldi honetan ez da egongo zakarrontzirik ezta bidoirik hondartzetan. Ontzi horiek hondartzetako sarreretan egongo dira, hondartzetatik kanpo, eta ez dute estalkirik izango.