Alde Zaharreko ostalariek terrazak jarri ahalko dituzte
Aukera desberdinak aztertu dituzte, Alde Zaharreko ostalariei laguntzeko. Gaur goizean egindako osoko bilkuran onartu dituzte, aho batez.
Jakitera eman dutenez, pandemia egoerak “hamaika muga eta murrizketa” ekarri ditu, eta bereziki ostalaritzak pairatu ditu. Establezimenduen barne edukieraren erabilera %50 murriztu da, “eta badirudi udara begira murrizketa horiek indarrean jarraituko dutela”. Aipatu neurriek kalte handiak eragin dizkio ostalaritzari, batez ere, terrazak jartzeko aukera ez duten establezimenduei, eta horietako asko herriko Alde Zaharrean daudela gogorarazi dute. Hori horrela, Bermeoko Udalak terrazak jartzeko aukera desberdinak onartu ditu gaur osoko bilkuran; aho batez onartu dituzte.
Udaletik azaldu dutenez, egun indarrean dagoen ordenantzaren arabera, terrazek establezimenduaren fatxadaren paraleloan dagoen erabilera publikoko espazioa okupatu ahal dute bakarrik. Beraz, udalak salbuespenezko neurriak onartzearen beharra ikusi du, “terrazak kanpoan jartzeko aukerarik ez dutenei eragindako kalteak saihesteko asmoz”. Hala, ostalaritzako establezimenduen barruko espazioaren erabileraren murrizketek iraun bitartean, Alde Zaharreko establezimenduei araudiak finkatutako eremutik kanpo terrazak jartzeko aukera emango zaizkie. “Gainera, osasun arloko adituen gomendioen arabera, aire librean egotea hobesten da”.
Baimenak, hala eta guztiz ere, aldi baterakoak izango dira eta espazio horiek erabiltzean, ostatuek mahaien arteko distantzia eta ordutegiari buruzko araudia errespetatu beharko dute. Eremuari dagokionez, Arresi, Lope Diaz de Haro eta Nardiz tar Benantzio kaleak izan ezik, Alde Zahar osoan ezarriko da. Horrez gain, ostalariek establezimenduetatik hurbil dauden plaza edo espazio publikoetan terrazak jartzeko baimena edukiko dute, baita galtzadetan jartzeko ere, baldin eta ibilgailurik ez dauden kaleak badira. Terrazetan mahaiak eta aulkiak jartzea baino ez da baimenduko, eta gunearen arabera, eguzkitakoak jartzeko baimena ere izango dute.
Gehienez ere, sei mahai jarri ahalko dituzte. Era berean, baimenaren titularrak okupatutako espazioa, garbiketa eta higiene baldintza egokietan mantendu beharko du.
Nabarmendu gura izan dute bizikidetza bermatu beharko dela eta eguna amaitzen denean altzarien elementuak establezimenduaren barrura sartu beharko dituztela. Terrazak zarratzeko ordutegia une bakoitzean indarrean dagoen pandemiaren araudiaren araberakoa izango da.
Bermeoko Udalak ezinbesteko ikusi du COVID-19ak herrian eragin dituen kalte ekonomikoak leundu aldera neurriak hartzea eta, era berean, Alde Zaharreko establezimenduei bultzada ematea. Hala eta guztiz ere, eskaerak kasuz kasu aztertuko dituztela azaldu dute, “bizikdetza errespetatzeko”.
Aukera bat dela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak: “Ikusten bada funtzionatzen duela eta Alde Zaharrari bizia ematen laguntzen duela, aurrera begira ordenantza aldatzea proposatu daiteke”.