"Hiru urtetan gauza asko lortu ahal dira, eta are gehiago halako talde batean"
Damaris Egurrola gautegiz arteagarrak Liverpooleko Evertonen hasi zuen denboraldia, eta Lyonen dago orain ezker belaunezurreko lesiotik errekuperatzen. 2024ra arteko kontratua dauka klub frantziarragaz.
Hilabete eta erdi pasatu da PSGren kontrako Txapeldunen Ligako partiduan ezkerreko belaunezurrean lesionatu zinenetik. Zelan zaude? Zelan doa errekuperazioa?
Prozesua apur bat luzea egiten ari zait. Ez dut inoiz eduki halako lesio larririk. Benetan ez da lesio hain larria, badaude lesio txarragoak, baina bere denbora behar du. Hezurra da fisuratuta dagoena, eta horregatik, denbora behar da. Behin hori zarratzen denean, prozesua arindu egiten da asko. Ondo sentitzen naiz, ez daukat minik, eta egunero entrenatzera joaten naiz. Askorik ezin dut egin, baina beste gauza batzuk lantzen ditut.
Zelan bizi izan duzu hilabete eta erdia?
Hasieran gogorra egin zitzaidan, esan dudan moduan, orain arte ez dudalako eduki halako lesio larririk. Gainera, zein momentutan gertatu zen ikusita, apur bat kostatu egin zitzaidan onartzea. Nire momenturik onenetarikoan eta Championseko partiduan gertatu zen. Behin hori onartuta, apurka-apurka taldekideen laguntzagaz aurrera egin nuen. Normalean beti taldekoekin egonda dena erraztu egiten da, egunero bertara joan eta bakarrik gauzak lantzea gogorra egiten zitzaidan. Orain gauzak egin ditzaket, bi ordu egoten naiz gimnasioan beste gauza batzuk lantzen, ez da geldi-geldirik nagoela. Normal ibili ahal naiz, eta eguneroko planak egiten ditut. Hain larria ez delako eskertuta nago.
Aldaketen denboraldia izan da zuretzat, ilusioz betetako urtea. Salto handia eman duzu talde handietara joanda. Psikologikoki zelan eragin zizun lesioak?
Urte oso gorabeheratsua izan da, udan zelan hasi zen eta orain denboraldia zelan amaitu dudan ikusi besterik ez dago. Baina lesioa albo batera utziko nuke. Orain arte oso zoriontsua izan naiz, urtean pasatu zaizkidan gauza guztiengatik. Pasatu zenagatik uda momentu oso gaitza izan zen niretzat eta familiarentzat, baina gero gertatutakoagatik eskertuta nago. Ingalaterratik pasatu eta gero, hona heldu nintzen. Lesio bategaz amaitu dut denboraldia, baina lesio hau gutxiengoa da. Gehienbat prozesua zelan eman denagaz geratzen naiz. Uste dut egon ahal den lekurik onenetarikoan nagoela.
Bi taldetan egon zara 2020-2021 denboraldian. Zure helburuak bete dituzu? Egindako lanagaz gustura zaude?
Bai, eta hartu ditudan erabaki guztiekin pozik geratu naiz. Uste dut horretarako ona naizela; hartzen ditudan erabakiekin ez damutzeko.
Urtarrilean heldu zinen Olympique Lyonnaisera. Lesionatu arteko hilabeteak zelakoak izan dira? Zelan sentitu zara?
Urtarrilean hartu nuen deiak ezustean harrapatu ninduen, eta ezin nion uko egin, ezin nuen ezetzik esan. Uste dut halako klub batek deitzen dizunean ez dela bi bider pentsatu behar, eta segituan etorri nintzen. Nire helburuetariko bat zen hona heldu, eta hamaikakoan leku bat egitea. Banekien oso gaitza izango zela. Munduko talderik onenean, nire idoloekin jokatuta, euren artean leku bat egitea eta jokatzea izan zen nire helburuetariko bat, eta lortu nuen. Heldu nintzenetik minutu nahikoa eduki ditut. Konfiantza handiagaz jokatzen eta entrenatzen egon naiz, eta hori da garrantzitsua denboraldia ondo amaitzeko.
“Konfiantza askogaz jokatzen egon naiz,
eta taldean leku bat egitea lortu dut”
Evertonen egindako hilabeteen zelako balorazioa egiten duzu?
Nire lehenengo biderra zen etxetik kanpo, eta COVIDak sortutako egoeragaz banekien bakarrik egongo nintzela. Onaren –Ona Batlle jokalari katalana– laguntza eduki nuen, laguna dut, eta Manchesterren jokatzen duenez, biok batera aurrera egin genuen. Hasieratik hasi nintzen jokatzen Evertonen. Esperientzia oso polita izan zen, liga berri bat, jende berria, Wembleyn jokatzea… Oso arin pasatu zen, baina asko gozatu nuen prozesua, eta beti gogoratuko naiz bertan ezagutu nuen jendeagaz, entrenatzaileekin, denek lagundu zidaten moduagaz… Uste dut hori pauso bat izan zela hona heltzeko.
Manchester Cityrin kontrako Kopako finala galdu zenuten, baina taldean egiteko garrantzitsua eduki zenuen. Zelan bizi izan zenuen?
Aurretik debutatzeko aukera eduki nuen gure estadio handian Chelsearen kontra, eta Chelsea kanporatu genuen. Hori izan zen Wembleyra heltzeko lehenengo pausoa, eta horren parte izatea ere oso polita izan zen, bai debuta izatea eta bai irabaztea. Wembleyra astebete arinago joan ginen finala prestatzera. Hainbat momentugaz geratuko nintzateke. Egia da finala galdu egin genuela, baina luzapenean izan zen, jada oso nekatuta geunden, leher eginda. Taldeak sekulako lana egin zuen. Pena bat izan zen, baina esperientzia betirako gordeko dut eta baita ere taldekideekin bizi izan genuena. Hain denbora gutxian oso eroso sentitzen nintzen, oso gustura bai futbol arloan eta baita eurekin ere. Esperientzia oso aberasgarria izan zen, eta Wembleyn jokatzeak hunkitu egiten du.
Alde handia dago Ingalaterrako eta Frantziako ligen artean?
Hemen egonda ere, oraindik pentsatzen dut Ingalaterrakoa munduko ligarik onena dela. Heldu nintzenean benetan harritu ninduen, edozein partidu final baten moduan prestatzen da, dagoen lehiakortasun mailagatik. Berdin dio azkenaren kontra jokatu edo laugarrenaren kontra, partidu denak dira gaitzak irabazteko. Antolakuntza mailan ere Ingalaterra oso aurreratuta dago. Telebista piztu eta egunero bi orduko saioak ikusten nituen telebista irekian, eta horrek asko bultzatzen du nesken futbola. Frantzian ez dut denbora asko eduki ikusteko, baina uste dut hoberantz doala, aurreko urteekin alderatuta. Talde asko daude, eta asko ez ditut ezagutzen, baina uste dut Ingalaterrako mailara heltzeko oraindino apur bat bai falta dela, beste taldeak kontuan hartuta hori lehiakortasuna lortzeko.
Denboraldia nahi ez bezala eta arinago amaitu behar izan baduzu ere, hilabete gutxian amets eta gauza oso handiak lortu dituzu. Salto handia izan da zuretzat.
Bai, hala da. Pasatu zaidan guztia barneratzeko denbora eduki dut honetan asteetan. Egia esan, orain arte ez nuen asimilatzen, ez nuen horretan pentsatzen. Udan zer gertatu zen, Evertonera joan eta hilabetera Wembleyn finala jokatzen egotea, hainbat partidu polit jokatu ditut talde handien kontra, hona etorrita beste pauso bat eman… Amets bat da. Uste dut futbolari moduan lortu ahal den gauza handienetakoa dela Lyonera heltzea, eta 21 urtegaz hori lortzea ona da, eta berezia da hau bizitzea familiagaz, lagunekin… Lyonegaz sinatu nuenean familiakoak hemen egon ziren, eurentzat ere ilusio eta emozionantea da. Eguneroko lana ere hor dago, hemen egunero entrenatzera joatea niretzat plazer bat da, halako jokalariekin egotea, orain lesionatuta egonda ere gimnasioa urrezko baloi bategaz konpartitzea… horrek bultzatu egiten dit egunero hobea izaten. Hainbeste gauza esango nizkizuke, mila gauza izan dira.
Beraz, egunerokotasunean kontziente izan arren non zauden, zeneukan eguneroko errutina eten zaizunean eduki duzu hausnarketarako astia.
Bai, hori da. Orain arte gehienbat ez dut denborarik eduki kontziente izateko non nagoen, nogaz inguratuta nagoen… Lehenengo egunetan bai izan zen inpresio handia halako aldagela batera sartzea. Errespetu apur bat ematen zidan; zelan enkajatuko nuen, eurek zelan hartuko ninduten…Niretzat beti izan dira idolo moduan eduki ditudan jokalariak. Horrek errespetua ematen du. Hasieratik ikusi nuen dena normala zela. Entrenamenduetan gozatu eta konfiantza hartu nuen, eta eurekin futbolaz kanpo eguneroko planak egin. Hor ikusi nuen zelako taldea zen. Bada talde historikoa eurek lortu diuzten gauza guztiengatik, baina pertsona moduan oso bereziak dira.
Gainera, Txapeldunen Ligan debutatu duzu. Zer suposatu du zuretzako esperientzia horrek?
Beti eduki dut amets hori, Champions bat jokatzea eta irabaztea. Ametsetan ere ez nuen pentsatuko horrela pasatuko zenik. Hemen gure estadio handian Dinamarkako talde baten kontra debutatu nuen Championsen. Hamabost minutu jokatu nituen. Parisen, Parque de los Principesen jokatzeko aukera ere eduki nuen, orain dela pare bat urte harmailetan egon nintzen partidu batzuk ikusten. Paris Saint-Germainen kontra jokatzea Championseko final-laurdenetan izugarria izan da. Behin zelaira irteten naizenean, ez naiz kontziente izaten, bakarrik jokatu egiten dut, eta gero orduak pasatu ahala konturatzen naiz. Eta hainbeste urte pasatu ostean berriro Irene Paredesen kontra jokatzeak ilusioa egiten zidan. Gero, hemen, bueltako partiduan titular izatea ere sekulakoa izan zen. Partidu oso gaitza zen, COVIDak eragin zigulako aldagela osoari, eta prestatzeko astea konplikatua izan zen. Gogo eta ilusio handiagaz egon nintzen. Nork esango zidan orain dela pare bat urte telebistan ikusten nuen bezalako partidu batean hamaikakoan egongo nintzela. Horregaz betirako geratuko naiz. Mila gauza iza dira; oso berezia da. Pasatu diren gauzak dira, oso pozik eta harro nago, baina ez da geratu behar; oraindik gauza asko lortu ahal dira, eta horretarako lan egingo dut.
Hain zuzen ere, hiru urteko kontratua daukazu Lyonegaz. Zer suposatzen du klubak erakutsitako konfiantza horrek zuretzat? Ze helburu dituzu?
Eurek hasieratik erakutsi zuten konfiantza. Urtarrilean deitu zidatenean esan zizkidaten gauza guztiekin igarri nuen benetan fitxatu gura nindutela, erdilari bat fitxatzeko beharrizan hori zeukatela, eta nire profila bat zetorrela gura zutenagaz. 2024ra arteko kontratu bat gauza handia dela uste dut, eta errespetatu egin behar da. Denbora asko da, baina nik eguneroko lana landu behar dut. Hiru urte luze egiten dira, eta hiru urtean gauza asko lortu ahal dira are gehiago halako talde batean. Ez dut asko begiratzen 2024ra arte; urtero ze helburugaz goazen, ze titulu lortu gura ditugun ikusi behar dugu. Hemen lehenengo egunetik erakutsi zidaten dena irabazi behar dela, entrenamendu guztietan, partidu guztietan eta zelan irabazten den ere garrantzitsua dela. Eta hurrengo denboraldira begiratuta, uste dut Championsa irabaztea oso garrantzitsua izango dela.
“Espero dut denbora gutxian ondo errekuperatzea eta aurrera egitea”
Egunez egun, astez aste joatearen garrantzia aipatu duzu, eta gainera, errekuperazio prozesu baten barruan zaude momentu honetan. Prozesu hori zelakoa izango da? Medikuek zer esan dizute?
Bi astero egiten ditut erradiografiak lesioa zelan doan ikusteko. Azkenaren emaitzei itxaroten nago, eta horren arabera planning bat antolatuko dute udan zelan landu jakiteko. Hemen ekainaren 6an jokatzen dugu azken partidua, eta gero, etxera joango naiz. Bertan badaukat nogaz landu, nogaz errekuperatu. Denboraldi-aurrea laster hasiko da, beraz, espero dut denbora gutxian errekuperatzea eta aurrera egitea. Lesioarenak bizpahiru hilabete izango dira, eta uste dut garrantzitsuena dela ahalik-eta arinen errekuperatzea, baina ondo errekuperatzea. Halako lesioetan garrantzitsuena hori da, guztiz sendatzea.
Liverpoolen egon zinenean eta orain Lyonen egonda, hemengo kirol taldeen berri edukitzeko aukerarik baduzu?
Lointek Gernika Bizkaia asko segitu dut, eta zapatuko partiduaren aurretik, Gernika Rugby Taldekoei animoak bidaltzen dizkiet, bertan pare bat lagun dauz-
kat eta. Urrun egonda, faltan botatzen dut eurak ikustera hurbiltzea.