Gernika RTk ehunka zaleren babesagaz aurre egingo dio Independienteri
Oso indartsu daudela eta irabazteko itxaropena daukatela dio Eduardo Maidagan entrenatzaile gernikarrak. 300 bat sarrera saldu dituzte udalerrian, eta oraindik Internet bidez eskuratu daitezke, eta zapatuan leihatilan erosi ahalko dira.
Promozioko finala jokatuko dute Gernika Rugby Taldeak eta Mazabi Santander Independiente RCk zapatuan [maiatzak 29], 18:00etan hasita, Valladolideko Pepe Rojo zelaian. Ohorezko Mailan lehiatzeko txartela edukiko dute jokoan; klub gernikarra mailaz igotzeko borrokatuko da, eta Santanderrekoak, berriz, maila mantentzeko irabazi beharra dauka.
Gernika RTtik La Vilaren kontrako finalean min hartu zuen Jon Mikel Aboitiz izan ezik beste taldekide guztiak jokatzeko moduan daude. “Ez dago atzera bueltarik, aurrera begiratu behar da. Taldea ondo dago, final bat da, eta horrela prestatu dugu dena. Oso indartsu gaude, eta morala oso altu daukagu”, dio Eduardo Maidagan entrenatzaileak.
Independientek maila bat gorago jokatu duenez, jokalariek “beste erritmo bat edukiko” dutela gogoratu du: “Jende handia da, oso frontalak, eta partidu gogorra izango da, oso fisikoa. Guk gure armak ditugu, eta uste dugu irabazi ahal dugula. Hori da gure itxaropena”. Belarrezko zelaia da Pepe Rojo, basurdeentzat aproposa: “Zelai naturala eta handia da, Urbietako modukoa. Oso ona da jokatzeko”.
300 bat sarrera saldu dituzte udalerrian, eta gaur eta bihar jaso daitezke sarrerak Rugby Tabernan, 18:30etik 20:30era. “Harmailetan ere indarra edukiko dugu. Agian, apur bat hori ere falta izan zitzaigun La Vilaren kontra. Euren etxean zenez, zale piloa egon ziren, eta hemendik 150 bat pertsona, eta hori ere zelaian sentitzen da”. Talde bakoitzetik 500 zaleko muga ipini dute: “Hor ibiliko gara, 300-350 pertsona artean. Jende piloa da Gernikatik joango dena”.
Oraindik Internet bidez, VRAC klubaren webgunean eskuratu daitezke, eta egunean zapatuan bertan leihatilan erosi ahalko dira.