Laga, Laida, Laidatxu eta Hondartzape hondartzetan ez erretzeko gonbidapena egingo du Osasun Sailak
Kerik gabeko hondartzen proposamena ekainaren 15ean hasiko da.
Tabakoaren kerik gabeko Bizkai, Araba eta Gipuzkoa baterantz aurrera egiten jarraitu asmoz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, aurtengo udan, lehen esperientzia bat abiaraziko du zortzi hondartzatan, horien artean daude Ibarrangeluko Laga eta Laida eta Mundakako Laidatxu eta Hondartzape. Proiektu pilotuak hurrengo eskaera egiten du: erabiltzaileak hondartzan dauden bitartean ez erretzea.
Ibarrangelu eta Mundakako hondartzekin batera, honakoek parte hartuko dute Osasun Sailaren proiektu pilotuan: Zumaiako Santiago eta Itzurun, Lekeitoko Isuntza eta Burgeluko Garaioko iparraldea.
Azaldu dutenez, helburua tabako kontsumoa desnormalizatzea da, bai eta kerik gabeko giroa sortzea ere, “adingabe ugari dauden aisialdiko gune horietan kontsumo pasiborik egon ez dadin”. Era berean, zigarro puntak espazio horietan kutsatzeko objektu ohikoenak izan ez daitezen lortu gura dute, baita natura-erakargarritasuna areagotzen lagundu ere. 2021eko udan, proiektu pilotua abiaraziko da udalerri horietan, 2022an gainerako hondartzetara zabaltzea gura dute, tabakorik eta kerik gabeko hondartzen sarea eratzeko asmoz.
Kerik gabeko hondartzen proposamena ekainaren 15ean hasiko da. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du ez dela zigor ekimen bat, baizik eta banako konpromisoan eta kolektiboan oinarritzen den ekintza bat: “Hondartzan dauden bitartean ez erretzeko konpromisoa hartzeko gonbidapena da, helburu dugun kerik gabeko Bizkai, Araba eta Gipuzkoan aurrera egiteko”.
Informazioa emateko kartelak egongo dira, eta hondartza horietan lan egiten dutenek lan pedagogikoa egingo dute, ez erretzea gomendatzeko.
Sagarduik jakinarazi du 2020an 7.820 pertsona hasi zirela tabakoa erretzeari uzteko Osakidetzaren programaren batekin; aurreko urtean (2.059) baino hiru aldiz gehiago. Gainera, 2020ko urtarriletik, Osasun Saila erretzeari uzteko medikamentuak finantzatzen hasi zela gogorarazi du, horretarako inbertsioa ia 2 milioi eurokoa izan dela nabarmenduta.
Gainera, Sagarduik gogorarazi du egungo pandemiaren egoeran erretzaileek arrisku handiagoa dutela COVID-19aren ondorioz sintoma larriak garatzeko eta hiltzeko.