Jabi Amorrortu martxa zikloturistan 600 txirrindularik parte hartuko dute
Ekainaren 12an egingo dute, eta parte-hartzaileek 162, 128 eta 75 kilometroko ibilbideak izango dituzte aukeran. Izena emateko epea amaitu da, eta itxaron-zerrenda 100 pertsonatik gorakoa dela jakinarazi dute antolatzaileek
Jabi Amorrortu martxa zikloturista egingo dute ekainaren 12an. XI. edizioa izango da, eta 600 txirrindularik parte hartuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, izena emateko epea amaitu da, eta itxaron-zerrenda ehunetik gorakoa da.
Parte-hartzaileek hiru ibilbide izango dituzte aukeran: luzea, ertaina eta laburra. Ibilbide luzean 162 kilometro egingo dituzte, 3.200 metroko desnibelarekin; ertainean 128 kilometro egingo dituzte, 1.800 metroko desnibelarekin eta laburrean 75 kilomegtroko ibilbidea egingo dute, 1.000 metroko desnibelarekin.
Bizkaiko kostatik egingo dute martxa, eta lehiakorra izatetik urrun, txirrindularien gozamenerako izatea da antolatzaileen asmoa. Horregatik, denbora tarteen kontrolik ez dute egingo.
Hala ere, indarrak neurtu gura dituztenentzat Oizera kronoigoera egiteko aukera ere emango du Aixerrotapek. Aukerazkoa izango da, eta animatzen direnek beraien denbora txirrindulari profesionalek Vueltako etapan egin zituzten denborekin konparatu ahal izango dute.
Irteerak, tarteka. Segurtasuna eta osasun neurriak zaindu asmoz, txirrindularien irteera tarteka egingo dute. Ibilbide luzea egin behar dutenentzat bi irteera ordu zehaztu dituzte: batezbesteko abiadura 28 kilometro/ordutik gorakoa duten txirrindulariak 08:00etan aterako dira, eta abiadura 28 kilometro/ordutik behera dutenek 08:10ean izango dute irteera. Ibilbide ertainekoek 08:20ean izango dute irteera eta ibilbide laburrekoek 10:00etan. Beti ere, irteera bakoitzean gehienez 200 txirrindulari izango direla zehaztu dute antolatzaileek. Parte-hartzaile denek lasterketaren mallot ofiziala jantzi beharko dutela jakinarazi du Aixerrotape Txirrindulari Taldeak.
Dortsalak aurreko egunean (ekainaren 11n) jaso daitezke Santanape kiroldegian, 18:00etatik 21:00etara. Egunean bertan ere horretarako aukera izango da. Ibilbide luze eta ertainekoek 06:45etik 07:45era jaso ahalko ditzute dortsalak, eta ibilbide laburrekoek 08:45etik 09:45era.
Ibilbidean zehar anoa-postuak ipiniko dituzte txirrindularientzat. Ibilbide luzekoek Gernikan (57. kilometroan), Gizaburuagan, Oizeko ermitan (edatekoa bakarrik) eta Gernikan helmugan izango dute indarberritzeko aukera. Ibilbide ertainekoek Gernikan (57. kilometroan), Gizaburuagan eta Gernikako helmugan izango ditzute anoa-postuak, eta Ibilbide laburrekoek Gizaburuagan eta Gernikako helmugan.
Maskararen erabilera. Irteera punturarte eta Gernikatik atera bitartean maskara jantzita izan beharko dute txirrindulariek. Maskara ez duenak ezingo du irteera gunera sartu. Gainera, anoa-postuetan eta helmugan ere maskara jantzi beharko dute parte-hartzaileek.