Foruko Udalak ere ume eta gazteentzako udalekuak antolatu ditu
Lekuak mugatuak dira, eta ekainaren 10a izango da izena emateko azken eguna.
Foruko ume eta gazteek ere, udalak antolatutako udalekuetan parte hartzeko aukera edukiko dute; 2007 eta 2017 urteen artean jaiotakoei zuzendutako udalekuak antolatu dituzte.
Hamabost eguneko bi txandatan banatu dituzte udalekuak; lehena, ekainaren 28tik uztailaren 9ra, eta bestea, uztailaren 12tik 23ra. Astelehenetik barikura izango dira, 09:30etik 13:30era.
Lekuak mugatuak dira, eta Foruan lehenengo edo bigarren bizilekua duten ume eta gaztetxoei zuzenduta daude. Ekainaren 10a izango da izena emateko azken eguna. https://forukoudalekuak2021.blogspot.com-era sartuta izena eman daiteke edota Foruko udaletxean goizez edo kultur etxean arratsaldez.
Azaldu dutenez, adin ezberdinei zuzendutako bi proposamen eskaintzen dituzte, eta denek “giza jokoa eta dibertsioa izango dute helburu”. Jarduerak, eguraldiak uzten duen guztietan, ingurune zabaletan egingo dira; hau da, plazan, parkeetan, kirol zelaian… “naturarekiko harremanak bultzatu asmoz”.
Udalekuak segurtasunez egitearen aldeko apustu sendoa egin dute, eta unean-uneko osasun arauak beteko dituztela azaldu dute.