Barikura arte parte hartu daiteke Jakin Badakigu lehiaketan
Ikasturte amaiera baliatuta, irteera egingo dute ekainaren 4an, Busturiko eta Bermeoko Berbalagunek antolatuta.
Busturiko Berbalagun egitasmoak Jakin Badakigu lehiaketa abiarazi du, bigarrenez. Parte hartu gura duten horiek barikura arte egin ahalko dute.
Aurreko lehiaketan egin modura, parte hartzeko lau galdera “erraz” baino ez dira erantzun beharko. Telefono zenbakia edo helbide elektronikoa eta izena zehaztea eskatu dute, “hartu-emanetan jartzeko”.
Lehiaketa amaitzen denean, Busturiko Udalaren webgunean (www.busturia.org) argitaratuko dituzte erantzun zuzenak. Jakitera eman dutenez, lehiaketan parte hartu duten guztien artean opari bat zozkatuko dute. Lehiaketan parte hartzea “erraza” dela iritzita, herritarrak animatu dituzte parte hartzera.
Udako mintzataldeak. Beste alde batetik, gogorarazi gura izan dute udan ere euskara praktikatzeko mintzataldeekin jarraituko dutela: “Talde txikiak izango dira, espazio seguruetan eta neurri guztiak beteta”.
Doan parte hartu daiteke mintzataldeetan, eta izena eman gura dutenek, WhatsApp bidez jarri daitezke harremanetan, 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzita. Izena emateko azken eguna ekainak 11 izango da.
Irteera Busturia eta Bermeo. Ikasturte amaiera datorrela kontuan hartuta, berriz, irteera egingo dute ekainaren 4an (barikua), Busturiko eta Bermeoko Berbalagunek antolatuta.
Azaldu dutenez, Bermeo-Busturia-Bermeo egiteko batuko dira bi herrietako berbalagunak. Bermeotarrak 09:30ean batuko dira Bermeoko tren geltokian, Busturira joateko. Busturian, berriz, 10:00etan jarri dute ordua, Axpe auzoko tren geltokitik abiatzeko. Oinez egingo dute Busturitik Bermeorainoko bidea; buelta, berriz, “aukerazkoa” izango dela aipatu dute, “oinez edo trenez”.
Aipatu irteeran parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute 607 60 95 80 telefonoan, eta horretarako azken eguna maiatzaren 31 izango da.