Gernika ATkoek Bizkaiko Txapelketan lortutako hiru dominekin amaitu dute pista denboraldia
3.000 metroko lasterketa irabazi du Erik Bilbaok, eta Aitor Beaskoetxea eta Alexander Costillas txapeldunorde geratu dira luzera jauzian eta pisu jaurtiketan, hurrenez hurren.
Gernikako Atletismo Taldea hiru dominagaz bueltatu zen 18 eta 20 urtez azpiko Bizkaiko Txapelketatik, zapatuan. Pistako denboraldia “sasoi onean itxi” dutela esan dute klubaren arduradunek. Erik Bilbao 3.000 metroko lasterketan txapeldun izan zen, eta Aitor Beaskoetxea eta Alexander Costillas txapeldunorde geratu ziren luzera jauzian eta pisu jaurtiketan, hurrenez hurren. Lorpen horietaz gain, taldekieek maila handia erakutsi dutela, kasu askotan finalean sartu direla, eta gehienetan euren marka pertsonalak hobetu dituztela nabarmendu dute.
Bilbaok bederatzi minutu eta hamazazpi segundoko markagaz irabazi zuen urrea 3.000 metroko lasterketan. Beaskoetxeak 5,56 metroko jauziagaz jantzi zuen zilarra (Euskadiko Txapelketa finalean hirugarren sailkatu zen). Costillasek, berriz, 9,70 metroko jaurtiketa egin zuen bere saiakerarik onenean, eta Euskadiko Txapelketan egin modura, txapeldunorde geratu zen.
Klubaren arduradunen berbetan, Gernikako taldeko gainontzeko atletek ere “goraipatzeko moduko parte hartzea” izan zuten Durangoko Landako pistan. Amets Antxia bosgarren postuan sailkatu zen 800 metroko finalean, 2 minutu eta 51 segunduko markarekin. Paul Auzokoa seigarren sartu zen 200 metroko finalean, 24 segundo eta 96 ehuneneko denbora eginda. Beñat San Josek 34 metroraino jaurti zuen xabalina. Ane Zugazaga eta Luzia Antxia maila onean aritu ziren 1.500 metroetan, eta Irati Duñabeitiak eta Jone Oar Artetak bere marka pertsonal onenak egin zituzten 3.000 metroko modalitatean.