Euskadiko Trainerilla Txapelketan Bermeoko seniorrak hirugarren sailkatu dira
Euskadiko Trainerilla Txapelketa asteburuan jokatu dute Legution, eta gazte eta absolutu mailetako gizonezkoen zein emakumezkoen finaletan lehia estuak eduki zituzten atzo.
Seniorretan, emakumezkoetan Kaiarriba (Donostiarra) eta gizonezkoetan Santurtzi dira aurtengo txapeldunak. Bermeoko gizonezkoek brontzezko dominak irabazi zituzten.
Gizonezkoen finalean lau talde bizkaitarren arteko lehia estua egon zen, eta Bizkaiko txapelketan modura, Santurtzikoek eroan zuten bandera eta Zierbenakoek zilarrezko dominak. 13.12,73 denboran burutu zituen lanak Santurtzik. Hamahiru segundo eta 90 ehunen atera zizkion txapeldunordeari, eta Bermeo izan zen hirugarrena, Santurtzirengandik hamabost segundo eta 42 ehunenera sailkatuta. Isuntzakoek hamahiru minutu, 38 segundo eta 77 ehunenetan egin zuten estropada.
Emakumezkoetan, hamabost minutu, zortzi segundo eta hamazortzi ehunenetan amaitu zuten estropada Kaiarribakoek. Lau segundo eta 80 ehunenera sailkatu ziren oriotarrak. Deustuk lortu zuen brontzezko domina, txapeldunarengandik zortzi segundo eta 84 ehunenera. Ondarroak, berriz, irabazlearengandik minutu bat, 58 segundo eta 64 ehunenera amaitu zuen.
Bestalde, Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun dira Isuntzako mutil gazteak. Atzoko finalean, hamalau minutu, 36 segundo eta 75 ehuneneko markagaz irabazi zuten Euskadiko bandera. Hamar segundo eta 33 ehunen atera zieten San Juanekoei, eta Santurtzikoak izan ziren hirugarrenak, txapeldunengandik hamahiru segundo eta 53 ehunenera sailkatuta. Zumaia podiumetik kanpo geratu zen, 14:41,83 denbora eginda.
Kategoria bereko emakumezkoen finalean Kaikuk, Hibaikak eta Isuntzak osatu zuten podiuma, eta Deustu sailkatu zen laugarren. 42 ehuneneko tartea egon zen lehenengo bien artean; 15.57,97 egin zuen Kaikuk, eta irabazlearengandik 33 segundo eta 95 ehunenera sailkatu zen talde lekeitiarra.