Israelekin dituzten akordioak baztertzeko eskatu diete erakundeei
Gernika Memoriaren Lekuko plataformak deituta, hainbat lagun batu dira Gernika-Lumon, 'Gernika-Palestina. Elkartasuna. Askatasuna' aldarrikatzeko
Palestinarren mina gernikarren mina ere badelako, Israelek Palestinaren aurka darabilen kolonizazio, okupazio eta garbiketa etnikoa salatzeko bildu dira hainbat herritar. Merkurio iturrian elkarretaratzea egin, eta Juntetxera arteko ibilbidea egin dute ostean.
Ekitaldian Nadia Nemeh Shomaly euskal herritar-palestinarrak euskal erakundeei eskatu die bertan behera utz ditzatela Israelgo Estatuarekiko akordio ekonomiko, kultural, akademiko eta diplomatiko guztiak, nazioarteko zuzenbidea bete arte: ” Bertan behera utz ditzatela Palestinaren okupaziotik irabaziak ateratzen ari diren enpresetan, CAF enpresa, esaterako, egindako inbertsio guztiak”. Halaber, eskatu du Espainiako Gobernuari presio egin diezaiotela Juana Ruiz Sanchez langile humanitarioaren atxiloketa bidegabeari amaiera eman diezaion. Eta azkenik, euskal herritarrei dei egin die beste behin ere, herri palestinarrarekiko elkartasuna areagotzeko.
Herri palestinarrak bizitako Nakbaren 73. urteurrena oere gogoan izan dute ekitaldian. Nemehk aipatu du egunotan argi geratu deloa garbiketa etniko horrekin jarraitzen duela Israelek. “Ramadana hasi zenetik, Mezkiten zabalgunea eta Jerusalemgo Hiri Zaharra Israelgo armadak eta Poliziak setiatu ditu; joan den asteburuaz geroztik, 600 palestinar baino gehiago zauritu ditu Poliziaren eta militarren basakeriak”, esan du. Erasoak Al Aqsako Mezkita santuaren barruan ere eman direla gogoratu du, kolono israeldar armatuek jazarri, mehatxatu eta eraso egiten dieetela herritar palestinarrei, eta askotan, polizia israeldarraren babespean izan dela.
Egin duen irakurketan, Bermeoko bizilagun euskal-palestinarrak azpimarratu nahi izan du Jerusalemgo Sheikh Jarrah auzo palestinarrean 28tik gora familia etxegabetzeko arriskuan daudela, eta etxegabetze horien helburua sionismoaren hedapena Jerusalemen eta Palestinan are gehiago zabaltzearen estrategiaren urrats bat gehiago besterik ez dela esan du: “Bortizkeria hau Gazako Zerrendara ere zabaldu da. Azken egun hauetan gobernu sionista bonbardaketa etengabeak burutzen ari da, eta 100 pertsona erail ditu, horietatik 20 haur palestinarrak”.
800.000 palestinar desplazatuta. Komunikabideek zabaldutako informazioa ere zehaztasun bakoa dela aipatu du: “Gazako Zerrendatik jaurtitako suzirien helburu diren Askhelon, Holon eta Tel Aviv hiri eta kokagune israeldarrei buruz ere hitz egin digute albisteetan. Baina ez digute esan Israelgo hiri edo kokaleku horietako asko 1948an Nakba garaian suntsitutako herri palestinarren gainean eraiki direla, eta Israelgo herritar horietako asko 1948an kanporatutako palestinar eta palestinarren etxe eta lurretan bizi direla”. Hala, Bai, Nakbak 500 herri palestinar baino gehiago suntsituta utzi dituela azpimarratu du, eta 800.000 pertsona baino gehiago kanporatu eta desplazatu ditu. “Gaur egun, 5 milioitik gora dira errefuxiatu palestinarrak, eta Israelek ez die itzultzeko eskubiderik ematen, Nazio Batuen aitorpena izan arren”.
Israel Apartheid estatu bat dela esan du, eta hori duela gutxi Human Rigths Watchek egindako txosten batek jasotzen duela gogorarazi du. “Txosten horrek apartheid politikak, hau da, arraza-segregazioa aplikatzea eta gizateriaren aurkako krimen gisa tipifikatutako jazarpena gauzatzea leporatu dio Israeli”. Apartheid erregimen horri mendebaldeko gobernuen eta enpresen konplizitateari esker eusten diotela nabarmendu du Nemehk, estatu horretako politikei zerbitzuak, azpiegiturak eta laguntza ekonomikoa ematen dizkieten heinean, eta azpimarratu du Sheikh Jarrah auzoan gertatzen ari dena ezin da Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzatik bereizi: “Bertan CAF euskal trenbide enpresak parte hartzen du. Tranbia horrek Jerusalem eta Palestinako lurralde okupatuko legez kanpoko kokalekuak lotuko ditu, Sheikh Jarrah auzoa zeharkatzen duen proiektua, non, esan dugun bezala, Israelgo estatuak babesten dituen legez kanpoko kolonoak, auzo palestinarra etnikoki garbitzen saiatzen ari diren”.