Sindemiari erantzun bateratua ematearen garrantzia
COVID-19ak sortutako krisi globalari irtenbidea emateko proposamenak bildu dituzte hainbat arlotako profesionalek aurkeztu duten Liburu Zurian. Lorea Larrañagak eta Nahia Idoiagak ere parte hartu dute.
Shock egoera honetan esparru ezberdinetatik egindako hausnarketak biltzen ditu COVID-19aren Liburu Zuriak. Hausnarketa kolektibo bat da, konponbide zehatzak bilatzeko. Hainbat esparrutan diharduten profesionalak bildu, eta lan mardula kaleratu dute. Nork bere lantaldean, baina liburuan parte hartu dute Lehen Mailako arretako medikua eta Osatzeneko juntakidea den Lorea Larrañaga mutrikuarrak eta Psikologian doktorea eta Bilboko Hezkuntza fakultateko irakaslea den Nahia Idoiaga gernikarrak.
Pandemia hitza barik, sindemia berba erabili du Larrañagak, eta ikuspegi poliedrikoa duela gehitu du Idoiagak: «Badirudi osasuna ikuspuntu bakarretik aztertu behar dela, eta gizartean oso zabala izan da». Hala, liburu zuria zati ezberdinen batura baino gehiago dela dio: «Denon artean osatu dugun mosaiko bat da».
COVID-19ak eragindako sindemiak eragindako shock kolektiboa arindu gura dute hainbat profesionalek. Horretarako, Larrañagak dio tokiko hausnarketa egin behar dela, erantzunak kanpoan bilatu beharrean. «Hartzen diren neurri denek leku guztietan ez dute balio. Lekukotu egin behar dira. Osasun krisi bat izan arren, leku bakoitzean antolaketa desberdina da, eta inportantea da diziplina asko bateratzea, erantzuna globala izateko».
14 hilabeteren ostean ziurgabetasuna oso handia dela azpimarratu du Idoiagak. «Azken momentuan gabiltza beti, eta ematen du ezin dela proposamenik egin epe luzera. Segurtasun bat behar da».
ESIen artean desberdintasun handiak egon dira eta daude, eta ez da azalpenik eman. Horrek nahaste handia sortzen du profesionalengan”
Neke pandemikoa
175 proposamen jaso dituzte COVID-19aren liburu zurian parte hartu duten 40 ikerlari baino gehiagok. Langile bezela, protokoloak goitik heldu zaizkiela kritikatu dute biek, «ez da lantalderik sortu hau guzti hau kudeatzeko». Larrañagak dio Osakidetza barruan, kasu eta kontaktuen protokolo bateratua izan duten arren, ez dela berdina gertatu tratamenduarekin. «ESIen artean desberdintasun handiak egon dira eta daude, eta ez da azalpenik eman. Horrek nahaste handia sortzen du profesionalengan, sinesgarritasuna kolokan jarriz egoera aldakor honetan».
Idoiagak dio beste zenbait arlotan ere profesionalen esperientzia ez dela kontuan hartu. «Hasieran, itxialdian, ikerketa dexente egin genituen, eta nazioarteko aldizkari zientifiko esanguratsuetan publikatu dira. Hemendik kanpora ikerketek oihartzuna izan dute, bai. Berton, komunikabideek galdetu digute baina autoritate publikorik ez da gurekin harremanetan jarri. Ume askoren ahotsa batu genuen, gazteena, herritarrena, irakasleena… Baina politikoak ez dira gurekin harremanetan jarri, eta harritzekoa da. Nazioartean kasu egin digute eta berton, komunikabideek ezik, inork ez digu ezer galdetu».
Gizartean neke pandemikoa zabaldu dela diote, eta horri aurre nola egin aztertzen dute Liburu Zurian. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) neke pandemikoa erabiltzen du jendeak neurriak ez betetzeko azalpen moduan. Baina bestelako ustea du Idioagak: Hori aztertu dute berriro eta ikusi dute ez dela horrela: «Gazteen ahotsa jaso dugu eta bai, onartu dute oso nekatuta daudela, baina neke horrek ez ditu eramaten neurriak ez betetzera. Neurriak betetzen dituzte, beraz, ezin da esan nekatuta dagoen jendeak ez dituela neurriak betetzen».
Dioenez, ez da ezer egin jendearen neke psikologiokoa arintzeko, eta nekeari heldu behar zaio, «kanalizatzen ez bada haserre bihurtzen delako».
Hemendik kanpora ikerketek oihartzuna izan dute, baina autoritate publikorik ez da gurekin harremanetan jarri”
Plan baten beharra
Larrañagak dioenez, jendartea sentimendu negatiboekin bizi da. «14 hilabete pasatu dira eta iazko egoera antzerakoan gaude. Are gehiago, osasun sistemak datu okerragoak ditu». Plan bat beharrezkoa dela uste du medikuak, «itxaropenerako neurriak». Egoera aztertzea ezinbestekotzat jo du, baita autokritika ere: «Orain puntu honetan bagaude, zer egin dugu gaizki?». Itxiera perimetralaren adibidea jarriz, Larrañagak dio agian ez-nahikoa izan dela. «Eragin bat baino gehiago dakarren pandemia bada, neurriak ezin dira apustu bakarrekoak izan. Txertoarekin ari dira orain. Hori da irtenbidea? Agian badaude beste gauza asko konpontzeko».
Liburu Zurian aipatzen denez, Zero COVID eszenario bat ez da posible orain, «eta birusarekin bizikidetza bat beharrezkoa bada, neurri batzuk hartu beharko dira neke pandemikoari aurre egiteko, arlo askotan».
Nekatuta egon arren, gizartearen erantzuna txalogarria izan dela deritzo Idoiagak; «hala ere, gizarte bezala inork ez digu zoriondu». Guzti honek ondorioak izango dituela uste du, eta jendearen ongizatea zaintzen hasteko ordua badela dio: «Berandu gabiltza, baina hemendik 14 hilera baino garaiago gaude».
Hausnarketarako guneak
Larrañagak zalantzarik ez du: zaintza sistema indartu behar da, eta sistema publikoak egin behar dio aurre arazoari. Idoiagak osasun langileak zaintzearen garrantzia aipatu du: «Horien eta talde zaurgarrien osasun mentala zaindu behar da».
Osasun langileen egoera profesionala aldatu egin dela aitortu du lehen arretako medikuak. «Presentzialtasuna kendu digute eta ikasi behar izan dugu telefonoz arreta ematen. ‘Gerra medikuntza’ egiten dugu, eta gabezia asko ditugu. Sistema publikoari asko exigitu zaio, eta pribatuak osasun gastuaren zati bat hartzen duen arren, ez dugu nabaritu bere lana».
Idoiagak ere argi du irakaskuntzan presentzialtasuna galtzeak ondorioak dituela: «Dinamika parte-hartzaileak hezkuntzan asko galdu dira, eta galera esanguratsua da».
Hausnarketarako espazioak eskatzen dituzte, baita profesionalen eta kolektiboen ahotsa entzutea. «Profesionalen eta ikerlarien lana ez da kontuan izan. Oso piramidala da dena». Diotenez, arazoaren konponbidea ezin da bakar batzuen esku utzi: «Neurriak berdinak izan dira behin eta berriro, eta puntu berberera heldu gara beti»: