"Momenturik onena aukeratu dut futbola uzteko; eskertuta nago"
Bere kirol ibilbideko azken partiduan, Urbietan, mailaz igotzea ziurtatuta eta azken jardunaldian ligako titulua irabazita agurtu da Imanol Etxabe Bilbao gernikarra.
Ligako txapeldunak zarete. Igoeragaz eta ligako tituluagaz borobildu duzue denboraldia. Ze balorazio egiten duzu? Nola deskribatuko zenuke aurtengo denboraldia?
2020ko udan zalantza asko sortu ziren. Pandemiagatik ez genekien denboraldia hasiko genuen edo ez. Normalean uztailean denboraldi-aurrea hasten dugu, eta iaz irailaren 1ean hasi genuen. Azkenean, talde oso lehiakorra egin dugu. Jokalari onak eta aldagela baterako itzelezko pertsona taldea osatu dugu. Hasieratik ikusi genuen hor goian egon ahal genuela. Bigarren jardunalditik egon gara sailkapenean lehenengo, eta hori zerbaitegatik da. Momentu gogorrak bizi izan genituen Aitorren heriotzagaz, baina horrek ere indartsuago egin gintuen. Bizpahiru partidu galdu genituen, hilabete txar bat eduki genuen, baina errekuperatu ginen, eta azkenean lortu dugu bai beragatik ere.
Gainera, denboraldiko etxeko azken partiduan eta zure ibilbideko azkenean ziurtatu zenuten igoera.
Nire azken-aurreko partiduan, Pasaian irabazi egin genuen, eta oraindik matematikoki ez genuen 2.B mailarako igoera lortu, beste faktore batzuen menpe geunden. Bagenekien etxean irabaziz gero, lortuko genuela. Etxean igoera lortzea momentu ezin hobea izan zen, eta, gainera, nire azken partidua izan zen. Familiakoak eta lagunak etorri ziren, eta zelai kanpotik jende asko egon zen, bolanderak ere bota zituzten. Egoera ez zen onena izan, baina jendea egon zen, eta eskertuta eta pozik nengoen.
Zer sentitzen da agurraren momentua heltzean?
Azken partidua betiko errutina izan zen, baina egia da noizbehinka burura etortzen zitzaidala Urbietako azkena zela. Izatez, ez zen izan behar azken partidua, baina bai etxeko azkena. Lau txartel hori neuzkan, eta hemen atera zidaten bosgarrena, horregatik ez nuen jokatu azken jardunaldia. Hor momentuan ez duzu askorik pentsatzen, modu naturalean, ateratzen zaizun moduan jokatzen duzu. Momentu hunkigarria izan zen. Urte asko izan dira futbolean, eta bizitako momentuengatik pozik nago. Agurraren momentuan emozionatu nintzen. Denboraldia amaitu da, baina oraindik buruan futbola daukat. Aste honetan taldekideekin egon naiz entrenatzen eta, egia esan, oraindik ez dut asimilatu. Batez ere, denboraldi-aurrea hastean, uztaila-abuztuan hor igarriko dut. Nire bizitzan beste etapa bat hasiko dut orain, eta topatuko ditut beste motibazio batzuk.
Aurreko denboraldia azkena izango zela iragarri zenuen, baina beste denboraldi bat gehiago segitzea erabaki zenuen. Zergatik?
Bai, pasaden urtean futbola uzteko izan nintzen, baina pandemia bete-betean, pena ematen zidan etxean nengoela futbola uztea. Eta beste urte bete segitzea erabaki nuen. Ez da erraza erabaki hori hartzea, oso gaztetatik futbolean jolasten, jokatzen egon naiz; ez dut bizi urte bat futbolik barik. Orain dela bi urte 2.B mailatik jaitsi ginenean, pentsatuta eduki nuen uztea. Baina jaitsiera hurbil eduki genuenean esan nuen ezin nuela futbola utzi, gainera, kapitaina izanda ezin nuen Gernika horrela utzi, Hirugarren Mailan. Jaistea eta uztea agur tristea izango zen. Eta iaz pandemiagatik pentsatu nuen ezin nuela utzi etxetik eta agurtu barik, eta aurten igoera lortu dugunez, momenturik onena aukeratu dut. Bide luze honetan alboan eduki ditudanei eskertuta nago, batez ere taldekide guztiei. Baina ez bakarrik taldekideei, presidente, zuzendaritza talde, fisioak, medikuak, Iñigo, Goitisolo, delegatu piloa, eta esan gabe geratzen zaizkidanak… denei eskertuta nago. Oso ondo portatu dira nigaz, eta ni ere gauza bera egiten ahalegindu naiz. Igartzen dudan maitasunagatik pozik nago.
Nahi zenukeen moduko agurra izateko, zure azken partiduan Urbietako harmailak beteta ikustea falta izan zitzaizun?
Amestutako agurra ez da izan ez, hainbeste jende batzea ez zen posible izan. Baina oso pozik nago, batez ere lortutakoagatik, eta agur polita izan zen.
Agurraren ostean, kirol ibilbidearen errepasoa egiteko ordua da. Zelan laburbilduko edota deskribatuko zenuke?
Urte asko izan dira futbolean, eta talde askotan egon naiz. Gernikan hamabi denboraldi bete ditut. Egon naizen leku guztietan oso ondo tratatu naute, oso pozik egon naiz, asko ikasi dut eta lagun piloa egin ditut. Horregaz geratzen naiz. Talde eta aldagela askotan egon naiz, baina Gernikan bizi izan duguna desberdina da. Askotan esaten dugu aldagela hau desberdina dela, eta horrela da. Hemen egondako edonori galdetuta, gauza bera esango dizu. Esentzia berezia dauka. Beti txantxetan egonda ere, momentu serioetan serio jartzen gara. Urte hauetan momentu on eta berezi asko bizi izan ditut. Esate baterako, 2.B mailan autobusean egiten genituen bidai luzeetan pasadizo asko ditugu.
“Talde oso lehiakorra egin dugu; hasieratik ikusi genuen
goian egon ahal genuela”
Umetan lehen baloikadak ematen zituen Imanol hartatik Imagol izatera pasatu zara. Ze irakaspen eman eta utzi dizkizu futbolak?
Hainbeste momentu, hainbeste lagun… horregaz geratzen naiz. Edozein lekura, edozein herrira noala, beti ditut futboleko lagunak. Lehenengo baloikadak San Fidel Ikastolan eman nituen, eta futbola gustatzen zitzaidala ikusi nuen, eta neurri batean ona nintzela. Gero, Lezamara joan nintzen, eta ordutik aurrera dena joan da ia konturatu barik.
Futbolari moduan zelakoa da Imanol Etxabe? Ze ezaugarri, adjektibo datorzkizu burura?
Batez ere lehiakorra, esaten den moduan, kaniketara ere ez zait gustatzen galtzea. Agian, horrek futbol munduan erasotzaile, oldarkor edo antzeko etiketaren bat jartzea eragin lezake. Baina ezagutzen nauen jendeak badaki futbol zelaian era batekoa naizela eta zelaitik kanpo beste erabatekoa. Beti nahi izan dut irabazi eta, beraz, esango nuke lehiakorra, taldekide ona eta denei laguntzeko prest dagoen futbolaria naizela.
Azken asteotan gauza asko entzun dira zuri buruz: Bizkaiko futbolean aurrelari onenetarikoa eta legenda, eredu, langilea, zintzoa, leiala… Zer sentitzen da halakoak entzun edo irakurtzean?
Emozionatu egiten naiz. Poztekoa da. Hitz politak dira, eta horiekin geratzen naiz; jendeak pentsatzen duenagaz geratzen naiz. Esan dudan moduan, lagun asko egin ditut, beti eroan naiz ondo denekin, bai jokalariekin, entrenatzaileekin, zuzendaritza taldekoekin, hemen beharrean dauden hainbat langilerekin, kazetariekin… Uste dut hori zaindu izan dudala beti, ondo portatu naizela.
“Aldagela hau desberdina da; esentzia berezia dauka”
2015ekoa errepikatu duzue. Baina oso bestelakoa da egungo egoera. Nola gogoratzen dituzu orduko igoeraren bizipen haiek?
Horrek momentuak ikaragarriak dira. Bideo asko ditut. Pertsonalki denboraldi ikusgarria egin nuen. Gernikar asko egon ginen urte hartan. 18 urtegaz Gernikara etorri nintzen, hemen bost urte egin, eta zortzi bat urtez beste talde batzuetan egon ondoren, berriro bueltatu nintzen. Justu 2014-2015 denboraldirako bueltatu nintzen eta dozena bat gernikar egon ginen, jokalari onak. Play off-a oraingoaren desberdina izan zen, aurkari moduan Espainia osoko taldeak tokatu ahal zitzaizkigulako. Sekulako meritua eduki zuen igoera lortzeak. Urte hori betirako geratzen da; denboraldi itzela egin genuen, inork ez zuen espero, eta igoera lortu genuen.
Denboraldia itzela eta ospakizuna ere halakoa izan zen. Herri guztiagaz partekatzeko aukera eduki zenuten, eta zoritxarrez, orain ez da posible izan halakorik.
Aurten ere komentatu dugu hori. 2015ean partidua amaituta eta igoera lortuta, kamioi batean joan ginen Gernikatik, eta udaletxera igo ginen. Horiek momentu oso bereziak dira, eta sekulako argazkiak betirako. Aurten ez da posible izan. Momenturen batean pentsatu genuen ea antzerako zerbait egin ahalko genukeen, eta pena horregaz gaude, baina egoera dagoen moduan hartu behar da.
Aipatu bi igoerak eta aurten lortutako ligako titulua klubaren historiako lorpen garrantzitsuenetakoak dira, eta momentuz zeu zara klubaren historiako golegile nagusia. Karguak, izendapen horrek pisua, zama dauka? Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Emozioa. 2017an Aimar Cidek Gernika uztean, orduan agertu zen bere golen zifra. Berak zeukan errekorra, bera zen klubaren historiako golegile nagusia. Orduan hasi nintzen informatzen, galdetzen ea zenbat gol neramatzan, eta hortik aurrera hasi nintzen golak kontatzen. Aimarren 62 golak 2019ko abenduan gainditu nituen, eta 83ra heldu naiz. Pozik nago horregatik ere.