Iñaki Iturri: "Lehen sorospenak egiten jakinda, bizitza bat salbatu dezakegu"
Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioko Heziketa Komisioko kidea eta Leartiadi SOS klubeko koordinatzailea da Ondarroan bizi den natxituarra. Istripuak saihesteko neurriei buruzko azalpenak eman ditu.
Zer istripu mota dira ohikoenak uretan?
Istripu asko itsas korronteek eta erresakek eragiten dituzte. Jendea korrontea dagoen tokira sartzen da, eta gero ez daki hortik irteten. Korrontearen aurka hasten dira igerian, baina halakoetan ezbehar asko gertatzen dira, baita itotakoak ere. Korrontearen aurka igeri egitea alferrik da, indarrak ahuldu besterik ez du egiten.
Korrontetik irteteko erarik badago?
Besoak altxatu eta sorosleei abisua eman behar da, baina horiek ailegatu bitartean, korrontetik irteten ahalegindu behar gara. Korronteari metro gutxi batzuk eramaten laga behar diogu lehendabizi, 30-40 bat metrora korrontea indarra galtzen hasten da, eta orduan paraleloan hasiko gara igerian. Paralelo horretan olatuak egoten dira, eta olatu tarte horretara joango gara paraleloan igerian; olatuen laguntzagaz uretatik pixkanaka irteteko aukera edukiko dugu.
Haurrekin ere kontu berezia eduki beharko da, ezta?
Umeak beti-beti heldu baten zaintzapean egotea komeni da. Flotagailu, koltxoneta eta halakoekin umea bakarrik uztea oso arriskutsua da; itotzeko arriskua saihesteko ez dute balio. Flotagailua zulatzen bada, ihes egin edo buelta ematen baldin badu, arriskutsua da. Haurrekin gaudenean beti horien gainean egotea komeni da, uneoro gainbegiratuta egon behar dute. 10/20 deritzon araua kontuan eduki behar da beti. Heldu baten ardurapean dagoen haur bat hamar segundotik behin, gutxienez, gainbegiratuta egon behar da. Horrez gain, umeari zerbait gertatzen bazaio 20 segundo baino gutxiagoan laguntzeko eta erreakzionatzeko moduan egon behar du heldu horrek. 20-30 segundotan ume bat erraz urperatu daiteke, eta horregatik da hain garrantzitsua arau hori beti kontuan edukitzea.
“Uretara salto egitera goazen tokia ondo ezagutu dezakegu, baina guk ez dakigula, ohol bat egon daiteke azpian, eta salto txar bat emanda bizkarrezur-muineko lesio bat eduki dezakegu”
Istripuak saihesteko, zer gomendatzen duzu?
Beti-beti sorosleen zaintzapean dauden tokian igeri egitea komeni da. Jendea ezagutzen ez duen tokietara joaten da, eta halakoetan gertatzen dira ezbeharrak. Lekua ezagutzen ez baduzu itsasertzaren paraleloan egin igeri, nora joateko asmoa dugun esan etxekoei eta entrenamendu bat egitera bazoaz buia bat eraman. Igerian taldean egitea ere gomendatzen da, zer edo zer gertatzen bada ere, hobeto da lagunduta egotea. Hondartza ezagutu egin behar da, eta hobeto sorosleen zerbitzua dagoen leku batean, segurtasun handiagoa edukiko dugu, balizajeak edukiko ditugu… bestelakoan arretaz jokatzea gomendatzen da, burua joan barik. Arriskuak saihesteko jarraibiderik garrantzitsuenak prebentzioa eta zentzua edukitzea dira; egia esan, erreskate on baten osagai nagusia prebentzioa da.
Jendea jabetzen al da uretan dauden arriskuez?
Ez. Jendeak, eta batez ere gazteek, eurei sekula ez zaiela ezer gertatuko pentsatzen dute. Eta zerbait gertatzen denean, normalean, ondorio oso eskasak egoten dira. Espainia mailan 400 pertsona baino gehiago itotzen dira urtero. Istripuetako asko zaintza gabeko espazioetan edo sorosleak lanean ez dauden orduetan gertatzen dira. Uretara salto egitera goazen tokia ondo ezagutu dezakegu, baina guk ez dakigula, ohol bat egon daiteke azpian, eta salto txar bat emanda bizkarrezur-muineko lesio bat eduki dezakegu, eta horrek ondorio eskasak ekar ditzake. Gerta izan da egun eder bat izan behar zuena tragedia batean amaitzea.
Norbait estuasun batean dagoela ikusten badugu, zer egin behar da?
Abisua ahalik-eta azkarren eman behar zaie sorosleei. Sorosleak azkar antolatuko dira horri erantzuna emateko. Erreskate bat egiteko material guztia daukate, eta beharraren arabera, material bat edo beste erabiliko dute.
Eta soroslerik ez dagoen tokietan?
Lekua ezagutzen badugu eta ura egoera onean badago, norbere ardurapean egin daiteke erreskatea, baina arrisku handia da. Halako kasuetan, norbera ere arriskuan ipintzen da, eta gero ondorioak larriagoak izaten dira. Iaz, esaterako, Bakioko hondartzan, sorosleak joan eta gutxira, olatu artean zebilen gaztetxo bat erreskatatzera bere aita joan zen. Gaztetxoa surflari batek atera zuen, baina aita itota hil zen.
Digestioa egiten gaudenean uretara ezin dela sartu diote. Hori egia ala mitoa da?
Digestio-etendura barik, hidrokuzioa ematen da. Hidrokuzioa da gorputz tenperaturaren bat-bateko jaitsierak eragiten duen sinkopea. Hondartzan sekulako beroagaz eguzkitan izerditan blai bazaude eta kolpean askoz hotzagoa dagoen uretan sartzen bazara, hor ezbeharra gertatu daiteke.
“Lehen sorospenak egiten jakinda, bizitza bat salbatu dezakegu, eta bizitza baino garrantzitsuagoa den beste ezer ez dut uste dagoenik”
Horrelako kasuetarako, zer aholkatzen duzu?
Bero handia egiten duenean uretara bat-batean sartu ordez, aurretik dutxara joan eta gorputza apurka-apurka freskatu eta egokitu behar da. Lehenengo zangoak bustiko ditugu, gero eskuak eta besoak, eta, horien ostean, paparra, sabela eta kokota. Ez badugu ezer sentitzen eta ondo bagaude, osorik sartuko gara dutxan, eta dutxa ostean ondo bagaude, uretan gutxika sartzeko moduan egongo gara.
Lehen sorospenetako gutxieneko jakintza batzuk edukitzea garrantzitsua da?
Garrantzitsua iruditzen zait lehen sorospenei buruz jendeak zer edo zer jakitea; hainbat ikastaro eskaintzen dira. Nire ustez, derrigorrezko ikasgai bat izan beharko litzateke, matematika edo lengoaia moduan. Jakintza horiek ume-umetatik erakusten hasi beharko liratekeela uste dut, gainera. Lehen sorospenak egiten jakinda, bizitza bat salbatu dezakegu, eta bizitza baino garrantzitsuagoa den beste ezer ez dut uste dagoenik. Gaur egun, bihotz-birikietako bizkortzea zelan egin eta desfibriladore bat zelan erabili irakasten duten ikastaro asko eskaintzen dira. Zer edo zer gertatzen bada adineko pertsonetatik hasi eta haur jaioberrietara bihotz-birikietako bizkortzea zelan egin erakusten dizute. Desfibriladorea erabiltzea, egia esan, oso erraza da. Berak makinak esaten dizu dena zelan egin. Edozein lantokitan halako ikastaroak egitea beharrezkoa dela uste dut; denontzako oso mesedegarria da.