"Gure herria altxor bat da, eta zaindu egin behar dugu"
Bermeoko ondare materiala eta immateriala bildu eta zabaltzeko egiten duen ahaleginagatik, 24. Hegaluze Saria jaso du Asier Romero Andonegik gaur.
Zelan hartu duzu izendapena? Espero zenuen?
Oso harro nago, ez nuen espero, ez. Aurreko saridunek ez daukate zerikusirik nigaz, eta ez nuen espero. Uste nuen aurten erretiroa hartu duen Aingeru Astui Bermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendari ohiarentzat izan zitekeela Hegaluze Saria, lagun mina dut, gainera. Nire herriak emandako saria da, bermeotarrentzat oso garrantzitsua den saria da. Astelehenean deitu zidaten, eta ahots barik geratu nintzen, negarrez hasi nintzen; pilo bat hunkitu nintzen.
Herritarrek zure lana jarri dute balioan.
Hala da, bai. Herritar asko hurbildu zaizkit zoriontzera, eta sare sozialetatik ere mezu ugari jaso ditut. Tsunami bat izan da! Oso pozik eta harro nago. Eskerrik asko herritar guztiei saria neuri emateagatik.
Blogean 70 pildora daude, eta 89.000 bisita izan ditu. Egunean, batez beste, 300 bisita izaten ditu
Sariak indarrak ematen al ditu orain arte egindako lanagaz jarraitzeko?
Itsosupeteko ondarea webgunea sortzea estrategia bat izan zen. Bermeo Bizkaiko herririk ikertuenetako bat da etnografia, hizkuntza, historia edo kulturaren ikuspegitik. Ia 50 inguru daude argitaratuta. Herrian egon diren aldizkari desberdinetan eta jaietako programetan ere, gauza asko argitaratu izan dira. Horietako asko, baina, kontsultatu barik geratzen dira etxeetako apaletan. Orain dela pare bat urte, hezkuntzari buruzko kongresu batean eman zidaten ideia. Hizlarietako batek esan zidan ea zergatik ez nituen sare sozialak aprobetxatzen nire ezagupenak zabaltzeko. Hori bai, dibulgazio ukitua eta hizkuntza idatzi hurbila eduki behar zuen. Irakaslea eta ikerlaria naiz, eta horrela begiratuta, ez zen zaila izan behar proiektua martxan jartzea. Hala, 2019ko udan, Santa Maria de la Talaia-ri buruzko pildora bategaz hasi nintzen Facebooken, eta oso arrakastatsua izan zen; sei edo zazpi hilabete ibili nintzen horrela. Lehenengo pildorak oso arrakastatatsuak izan ziren: Las niñas de la ballena, Xixili esa gran desconocida, Que es en realidad el Castillo Roto, Trenak ekarrikuek… Horietako batzuk 400 aldiz baino gehiago elkarbanatu ziren. Pasadizo moduan kontatu beharra dut Facebooketik deitu zidatela, politikaria edo enpresaria nintzen galdetu zidaten. Egia esan, tsunamia izan zen. 2019ko Gabonetan nire arreba Ainara Romerok proposatu zidan webgunea egitearena. Oso ondo moldatzen da teknologia berriekin eta berak sortu zidan bloga, gaur egungo Itsosupeteko ondarea. Hasiera hartan, Facebooken zeuden pildorak nire arrebak sartu zituen blogean. Gaur egun, erraz ikusi daitezke pildora guztiak blogean. Bilaketa egiteko aukera ere badago. Orain metodologia berbera jarraitzen dut beti: pildora guztia idazten dut blogean, eta gero, bost lerrotako amua jartzen dut Facebooketik zabaltzeko, eta sarrera hori nire emazteak egiten du, Elik. Jendea erakartzeko amua izaten da.
Bisita asko dituzu, hortaz.
Pildora horietako batzuk 5.000 pertsona baino gehiagok ikusi dituzte; Nuestros arrantzales de txapa, Xixili se nos esta muriendo, Aritzatxu: La historia de nuestra playa… Martitzeneko zenbakiak kontuan hartuta, blogean 70 pildora daude, eta 89.000 bisita izan ditu. Egunean, batez beste, 300 bisita izaten ditu. Oso datu positiboak dira.
Zelan erabakitzen dituzu gaiak?
Denboraren arabera. Bi pildora mota daude: historikoak eta etnografikoak. Gai historikoei buruzko ia informazioa guztia liburuetan dago, eta liburu horiek etxean dauzkat, laburpena egitea izaten da eta argazkiak bilatzea. Gai etnografikoak zailagoak izaten dira, esaterako, Aritzatxuri buruz liburuetan ez dago ezer idatzita, oso gutxi. Kasu horretan, telefonoa hartu eta zenbait dei egiten ditut. Aingeru Astui, Manu Muñoa edo Jose Antonio Apraiz Koiote daude harremanen artean. Hortik hasten naiz sokari tiraka. Sare indartsu bat sortu da, eta pozik nago.
Erraz irakurri beharreko pildorak izatea garrantzitsua da zuretzat.
Bai, hori da. Etxean beti esaten diet komunean irakurtzeko modukoa izan behar dela, hau da, hiruzpalau minutuan irakurtzekoa. Era berean, argazki erakargarriak eduki behar dituzte. Horietako batzuk liburuetan aurkitzen ditut, beste batzuk, herritarrek etxeetan dituzte. Salome Camposi buruz idatzi nuenean, Camposeko arduradunekin hitz egin nuen, eta ez zeukaten haren argazkirik. Orduan, argitalpena idatzi nuen Googlen aurkitutako argazkiekin. Pildora argitaratu eta zabaldu nuenean, haren ilobak deitu zidan, argazkiak bazeuzkatela esateko. Argazki oso politak eskuratu nituen familiari esker.
Informazioa zabaltzeko gonbidapena egiten duzu.
Bai, hori izan zen estrategia. Gauzak ondo kontatuta, baina hiru minutuan irakurtzeko modukoak zabaltzea. Gauza azkarra izan behar da, oso dibulgatiboa eta hizkuntza errazean idatzita, barrokoak ez du funtzionatzen.
Xixiliren orraziari buruz idatzi gura nuen, eta Xixili zaharberritzeko prozesua abiaraztea lortu dugu. Harro nago!
Zeintzuk izan dira arrakastatsuenak?
Bi nabarmenduko nituzke: Trenak ekarrikuek da bat, eta bestea, Xixilirena. Esan beharra daukat asko kostatu zitzaidala Trenak ekarrikuek idaztea, oso pertsonala zen. Familian bi begirada ezberdin ditut, eta horregatik pentsatu nuen behar nuela pildora txiki bat idatzi. Idazten amaitu nuenean, ez nintzen gai argitaratzeko botoiari emateko, nire emazteak egin zuen. Facebooketik 500 aldiz elkarbanatu zen, ia 50.000 aldiz irakurri zen. Izugarria izan zen! Bestalde, Xixiliren pildoran, orraziari buruzko istorioa kontatu asmoz, lekura hurbildu nintzen argazkiak ateratzeko. Xixili egoera tamalgarrian dago, zati batzuk ditu jausteko moduan, eta egoerari buruz idaztea erabaki nuen. Hala, Xixili se nos esta muriendo izeneko pildora idatzi nuen; 6.000 bisita izan ditu. Egun batzuetara Bermeoko alkate Aritz Abaroaren deia jaso nuen. Unibertsitatean ditudan harremanak baliatuta, Arte Ederretako fakultatean zaharberritze gaietan adituak direnekin harremanetan jarri nintzen. Hainbat bilera egin ostean, aurreratu ahal dut ekainaren hasieran hasiko dela Xixili zaharberritzeko prozesua. Alkatearen inplikazioa eskertu gura dut, eta eskerrak eman gura dizkiot zaharberritze prozesua gidatuko duen Jose Luis Larrañaga EHUko irakasleari. Larrañaga bera egongo da laugarren mailako hiru ikaslerekin lanean. Xixiliren orraziari buruz idatzi gura nuen, eta Xixili zaharberritzeko prozesua abiaraztea lortu dugu. Harro nago!
Hurrengo pildorak zeri buruzkoak izango dira?
Gaviota plataformari buruz idatzi gura dut orain, hori daukat buruan. Udako jaiei buruz ere zerbait idazteko asmoa daukat, sanjoanak, madalenak… Gure herria altxor bat da, eta zaindu beharra daukagu. Altxor horiek guztiak mahai gainean jarri behar ditugu, eta bloga amu moduan baliatzen badugu hori egiteko, ni pozik.