Gaur hasi eta domekara arte modu birtualean egingo da Arrain Azoka
Arrantzale eta enpresen lana balioan jartzera dator 27. Arrain Azoka. Asteburuan, kontserba enpresa batzuek ateak zabalduko dituzte euren produktuak zuzenean saldu ahal izateko.
Aurten ere Arrain Azoka beste modu batera ospatu beharko da, “koronabirusaren pandemiak horrela derrigortzen duelako”. Hala eta guztiz ere, gaur hasi eta domekara bitartean bermeotarrek 27. Arrain Azokaz gozatzeko aukera edukiko dute, beste behin ere modu birtualean bada ere. Aurten, hala ere, iazko esperientziatik ikasita, “modu hobean” egitea espero dute.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak gogorarazi duenez, iaztik hona arrantzaleek zein enpresek ez dute etenik egin: “Pandemiak eragindako baldintzak kontuan hartuz, ahalegin handiz bete dute beraien lana, izan ere, pandemiak ez du mundua gelditu. Euren ondoan egotea da aurtengo azokaren helburuetako bat. Modu horretan, aurtengo Arrain Azokak horien guztien lana goraipatu gura du; bizi dugun egoeran erakutsi duten konpromisoagatik”.
Eta horien lana ezagutzeko aukera ere egongo da aurtengo Arrain Azokaren egitarauaren baitan. Esaterako, Bermeoko atunontziekin eta herritik kanpo dauden enpresekin konexioak egingo dituzte, Zoom plataformaren bitartez. Lan egiteko baldintzak nolakoak diren azaltzeko aukera edukiko dute.
Rafael Lopez Guillenen La neskatilla de Bermeo liburua ere aurkeztuko dute gaur bertan Arrain Azokaren egitarauaren baitan. Azaldu dutenez, Bermeoko neskatilekin bisita bat egin ostean bururatu zitzaion egileari testuinguru hori erabiltzea, eta gaur horren inguruan mintzatuko da.
Ekintzaileentzako lekua ere egongo da, eta hiru ekintzailetza proiektu berri aurkeztuko dituzte bihar arratsaldean.
Arrantzaleen Museoak ere parte hartuko du Arrain Azokan, bisita gidatuak eskainiz. Erreserbak aurretiaz egin beharko dira: 94-688 11 71/arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus. Gainera, asteburu honetan doan bisitatu daiteke museoa.
Birtuala eta “erraza”. Azokaren informazio eguneratua Arrain Azokaren web orrialdean egongo da eskuragarri: https://www.bizibermeo.eus/arrainazoka. Bertan aurkitu daitezke jarduera guztietarako lotura zuzenak, erabiltzaileek eguneko ekintzak zuzenean edo grabatuta ikusi ahal izateko. Horrez gain, Arrain Azokako sare sozialetan (Facebook, Instagram eta Youtube) informazio eguneratuaz gain, enpresei buruzko bideoak ere jarriko dituztela jakitera eman dute.
Bego Gangoiti turismo teknikariak azaldu duenez, azoka birtuala bai, baina jendearengana iristeko “erraza” ere izan behar da: “Azken urtean asko aurreratu dugu, baina egia da denontzat ez dela erraza teknologia berri horietara iristea”. Hortaz, aurten, iazkotik ikasita, “egokitzen” saiatu direla dio, eta iaz baino “hobeto moldatzen” eskaintza digitala, “ahalik-eta jende gehiengana iritsi asmoz”. Hortaz, Arrain Azokaren webgunean lotura guztiak edukitzeaz gain, WhatsApp bidez ere zabaldu egingo dituzte, “errazago sartzeko”.
Erosteko bi modu. Lameran salmahairik ez da egongo, baina produktuak erosteko aukera egongo da; «bertoko produktuak, kalitatezkoak eta Bermeoko marka daramaten produktuak, hain zuzen ere». Iaz martxan jarri zen plataforma baliatuz, sarean erosteko aukera egon badago (https://www.bizibermeo.eus/azokabirtuala). Joan den astelehenean abiatu zituzten salmentak, eta domekara bitartean erosi ahalko dira produktu desberdinak.
Sarean erosteaz gain, aurten, Bermeoko kontserba enpresek ateak zabalduko dituzte asteburuan, eta bertan ere erosteko aukera eskainiko dute. Erosketa guztiekin Bermeo Tuna World Capital (BTWC) eta Arrain Azokako banakako mahai-zapiak banatuko dituzte. Modu horretan, “faltan botatzen” duten publikoagaz harreman zuzena, “beste modu batera bada ere”, eduki ahal izango dutela esan du Aintzi Laburu Campos enpresako ordezkariak: “Astegunetan gure dendetara hurbildu ezin dutenek aukera edukiko dute asteburu honetan”.
Arrain Azoka “bermeotarrontzat eta mundu honetan mugitzen garen guztiontzat” urtero egutegian gorriz jarrita dagoen data dela aipatu du alkateak. Aurtengo Arrain Azoka, gainera, “estrategikoa” dela esan du: “Bizi dugun osasun krisi honen aurrean gure izate eta nortasuna ukiezinak direla erakutsi nahi izan dugu Arrain Azoka Elkartetik, eta Azoka gure bizimoduaren ikur erakusgarria da. Beste baldintza batzuetan ospatu beharko dugu zentzuz jokatuz, baina, gure idiosinkrasiaz harro gaudenaren beste lagin bat da. Gure oinarrietatik itsasoa eta arrantza daukagu bermeotarrok, gure herriaren garapenean sektore honek guztiak izan duen garrantzia balioan jartzen duen azoka bat da, eta bide horretan lantzen goazen azoka bat da, gainera”.
Arrain Azoka urtez urte lantzen eta ontzen joan den azoka dela gogorarazi du alkateak; “egoerara egokitzeko gaitasuna duela erakutsi du”.
Birtualki bada ere, jendea parte hartzera deitu dute. Era berean kontserba enpresetara gerturatzeko deia ere egin dute.