Adimen urritasuna daukatenentzako aldi baterako 10 leku egokitu dituzte Mundakan
Aldi baterako egonaldien iraupena 15 egunekoa izango da.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gizarte Ekintza Sailaren menpeko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) bidez, adimen urritasuna daukatenentzako aldi baterako 10 leku egokitu ditu Mundakan, “familiek atsedena hartzeko aukera izan dezaten”. Jakitera eman dutenez, egonaldien iraupena 15 egun naturalekoa izango da.
Mundakako Laguntza Zentroak 33 leku ditu, horietatik 23 izaera iraunkorrekoak dira, eta 18 pertsona bizi dira han –7 emakume eta 11 gizon–.
Aldunditik azaldu dutenez, martxoan hasi ziren aldi baterako plazak egokitzen; ordutik, 15 pertsonek erabili dute zerbitzua. “Orain arte, kasu askotan, adimen urritasunak zituzten pertsonak ez ziren urte askoan bizitzen eta gurasoekin bizi zitezkeen bizitza osoan. Zorionez, arau hori gainditzen hasi da eta familiek aldi baterako atsedenaldia behar dute”, adierazi du Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillok. Mundakako aldi baterako egonaldietarako plazek 240 laguni eta haien familiei egingo diete mesede urtero. Eskaintza %27 handitu dela azaldu dute.
Bizkaian, une honetan, adimen urritasuna duten pertsonentzako aldi baterako 85 plaza daude: 32 asteburuko atseden-zentroko plazak dira, eta 53 atsedenerako aldi baterako egonaldiak egiteko. Horiek guztiak, hitzartuta dauden edo Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketa zuzenekoak diren 12 egoitza-zentrotan banatuta daudela zehaztu dute.
Mundakako Laguntza Zentroa GUFEk kudeatzen du. Pandemiak iraun bitartean, sortu diren zenbait beharrizanei erantzuteko balio izan du. Martxotik aurrera, berriz, adimen urritasuna duten pertsonentzako zentro modura egokitu dute, “jarduera sendotuz”. Aipatu dutenez, 20 profesionalek osatutako taldeak ematen du arreta.