Gorenean helegitea aurkezteko asmoa dauka Mundakako alkateak
EAJk aurkeztutako «urgentziazko» mozioa ez eztabaidatzea gaitzetsi dute jeltzaleek; kasazio helegitea ez jartzea eta epaiei men egitea eskatzen zuten aipatu mozioan
Beste behin ere, tentsio une ugari sortu dira Mundakako osoko bilkuran. Oraingoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak joan den astean emandako epaiari Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezteko aukerak piztu du eztabaida. Mundakako alkate Mikel Bilbaok esan du Mundakako Udalak idazkariaren diligentzia defendatuko duela eta, hortaz, EAEko Auzitegi Nagusiak joan den astean emandako epaiaren aurka kasazio errekurtsoa aurkeztuko dutela. Epai horrek ere legezkotzat eman du Mundakako Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) joan den irailean Mundakako alkatearen aurka aurkeztutako zentsura mozioa.
Osoko bilkura «bahituta» izatea egotzi diote jeltzaleek Mundakako alkateari, “ahotsa eta botoa kentzen dietela” nabarmenduta. Hala, udalean jeltzaleen bozeramailea den Irati Gondrak Mundakako alkateari gaitzetsi dio talde politiko horrek aurkeztutako urgentziazko mozioa eztabaidatzea eragotzi izana.
Mozioak zentsura mozioaren aldeko epaiekin zerikusia zuen. Bi gai eskatzen zituzten gai ordenean sartu ez den mozioan: “Alde batetik, osoko bilkurak kasazio errekurtsorik ez jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka. Eta, bestetik, emandako epaiei men egitea”.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurkako kasazio errekurtsoa jartzeko ezarritako epea “hasita” dagoela eta, mozioa “urgentziazkoa” dela arrazoitu dute. “Mozioaren bidez proposatzen genuen osoko bilkurak eta udalak epai horien emaitzaren aurrean duten jarrera ebaztea; izan ere, gure ustez, udalari dagokio gai horri buruzko iritzia ematea, eta ez alkateari soilik”.
Gogorarazi dutenez, joan den barikuan aurkeztu zuten udalean mozioa, atzoko osoko bilkurako gai ordenan sartzeko; ez zen egin, ordea. Modu horretan, atzo goizean jeltzaleek beste idazki bat sartu zuten udalean, eskaera bera eginez, “AJAren 91.4 artikuluan (Antolaketa eta Funtzioen Erregelamendua) aurreikusitako presazko izapideari jarraituz”. Azaldu dutenez, ohiko bilkuretan, gai zerrendako gaiak aztertu ondoren eta galde-eskeen txandara igaro orduko, presidenteak galdetu egin behar du ea talde politikoren batek, urgentziazko arrazoiak direla medio, osoko bilkuraren iritzipean jarri nahi duen eta gai zerrendan ez dagoen gairen bat mahai gainean jarri gura baldin badu. Ondoren, presazkoa dela justifikatuta, eztabaida bidezkoa den edo ez bozkatu beharko litzatekeela diote, eta emaitza positiboa baldin bada, prozeduragaz jarraitu.
Mundakako osoko bilkuran, baina, ez da bozketarik egin, eta hortaz, mozioak ez du aurrera egin, irakurtzeko aukera eman badiete ere. Udalbatzako zinegotzien “oinarrizko eskubideen urraketa” eman dela aipatu dute: “Berriro ere, eztabaidatzeko, iritzia emateko eta erabaki bat hartzeko eskubidea kendu diozu osoko bilkurari. Babesa emango dizun gehiengorik barik eta zinegotzi bakarra izanik, kosta ahala kosta zure karguari eustea nahi duzu”.
Interes “pertsonalak” defendatzeko, udalaren diru-kutxari “alferrikako kostua” eragiten ari dela salatu zuten. Eta gogorarazi gura izan dute zentsura mozioa egin behar zela ezartzen duten bi epai eta Fiskaltzaren txosten bat daudela. Jeltzaleek jakin gura dute noraino eroango duen alkateak gatazka hori, eta zer txosten juridikotan oinarritu den horrela jarduteko. Zentsura mozioa egin egingo dela esan diote jeltzaleek alkateari; “zure esku dago noiz eta zelan”.
“Defentsa-gabezia”. Mundakako alkateak esan zuen udalak idazkariaren diligentzia defendatuko duela: «Idazkariak bere interpretazioan argi, zehatz eta egiazko gauza bat planteatzen duela uste dugu, eta hori hartzen dugu ontzat. Horregatik, udalak defendatu egingo du aipatu diligentzia. Errekurtsoa jarriko da Gorenean, eta horrek izango du azken erabakia».
Alkateak mozioa gai zerrendan ez sartzeko arrazoiak azaldu zituen: “EAJren zinegotziak izan dira udaleko idazkariak jarritako txostenaren aurka demanda jarri dutenak. Hortaz, defentsa-gabezia emango litzateke zinegotzi horiek, gehienezkoa izanda, irmoa ez den sententzia bati kasazio helegitea aurkeztuko zaion ala ez erabakitzeko ahalmena izango balute. Ezin daiteke nagusitasuna modu horretan erabili. Mozioagaz gura duzuena da Mundakako Udalak defendatzeko aukerarik ez izatea, eta udalak defendatzeko aukera eduki behar du. Udala ordezkatzen duten abokatuen arabera, ez dagokio osoko bilkurari erabakitzea oraindik irmoa ez den epai baten inguruan egin beharrekoa. Hortaz, epaileek erabaki beharko dute. EAJren interes partidisten alde egin ez nuen momentutik, nire etorkizuna idatzita zegoela banekien”.
EAJk zentsura mozioa aurkeztu zuenean, idazkariak egindako diligentzian “zerikusirik ez zuela” eduki aipatu du Bilbaok; “bere interpretazioa izan zen, artikulu bat ez zelako betetzen”.
Bilbaok dio ez dela “interes pertsonala”, herriaren interesak ere defendatzen ari dela gaineratuta: “Agian zuen interesa da ni hemendik botatzea, hainbat informazio ez ateratzeko, edo zuek izango dituzue zuen arrazoiak”. Zentsura mozioa egingo den edo ez, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak erabakiko duela esan du alkateak. “Gastuak ez dira nire interes pertsonalerako, zuek epaitegietara eroandako gauzengatik ari gara diru publikoa gastatzen”.
Eskatzen dioten dimisioaz ere mintzatu da Bilbao: “Udalaren egungo egoera zein den ikusita, ez dut uste nire dimisioa mundakarrentzat ona izango litzatekeenik”.
Idazkariak ere bere iritzia eman zuen. Mozioan lantzen zen gaia “sakona” zela eta, “modu arinean” ezin zuela erabakirik hartu esan zuen. Modu horretan, lan egiteko behar duen denbora errespetatzeko eskatu zuen.