Atxondoa auzoko bihurgunea hobetu du Foruko Udalak
Bihurgunea "arriskutsua" zela eta, bideko segurtasuna hobetzeko lanak egin ditu Foruko Udalak; galtzada konpondu eta argiztapena hobetu dute
Foruko Udalak Atxondoa auzoko errepidean dagoen bihurgune “arriskutsuaren” bide-segurtasuna hobetzeko lanak egin ditu. Hain zuzen ere, galtzada konpontzeko eta argiztapena hobetzeko lanak egin dituzte.
Udalak azaldu duenez, “Atxondoa auzora sartzeko errepideak, batez ere bihurgune arriskutsua zegoen zati horretan, ez zuen ikuspegi onik”; argi-puntu bakarra zeukan, eta iriste erraztasuna urria zen, “hormigoizko pista estu bategaz”.
Bide horretan “eragin berezia” izan dutela diote, Uraren Euskal Agentziak (URA) inguru horretan egindako kolektore orokorreko obrek. Horregatik, lan horiek amaitzen ari zirela aprobetxatu du udalak ingurua hobetzeko lanak egiteko. “Beharrezkoa zen errepide zati hori hobetzea, arrisku egoerak saihesteko eta bide segurtasuna hobetzeko, batez ere, bihurgune arriskutsu horretan. Hainbat istripu izan dira eremu horretan. Orain errepide seguruago bat daukagu; bide zabalagoagaz, bi ibilgailuk arrisku barik igarotzeko espazioa daukate. Gainera, argi gehiago jarri da, eta asfaltoa hobetu dugu”, esan du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak.
Gogorarazi duenez, Atxondoa auzoko errepideak auzune batera darama, baita ere Foruko jatetxe ezagun batera. Beste hobekuntza batzuen artean honakoak egin dituztela esan du alkateak: galtzadaren zabalera handitu da ibilgailuentzat; urak bideratu dira karkabak egokituz eta harri-lubeta bat eraikiz; asfaltatu egin da; argi-puntuak gehitu dira, ikuspena areagotzeko.