Asier Romero Andonegik jasoko du Hegaluze Saria
Romerok 'Itsosupeteko ondarea' webgunea kudeatzen du, eta bertan Bermeoko ondare materiala zein inmateriala zabaltzen du "pilula informatiboen bidez".
Bermeoko ondare materiala eta inmateriala bildu eta zabaltzeko egiten duen ahaleginagatik, Asier Romero Andonegik jasoko du 24. Hegaluze Saria.
Bermeotarrontzat “oso garrantzitsua” den Hegaluze Sariak, ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du. Bermeoren izena zabaldu eta goraipatzen duenari edo herriaren alde lan egiten duenari ematen diote saria.
Modu horretan, aurten Romeroren lana saritzea erabaki dute herritarrek. Romerok Itsosupeteko ondarea webgunea kudeatzen du, eta bertan Bermeoko ondare materiala zein inmateriala zabaltzen du “pilula informatiboen bidez”. Era berean, sare sozialak erabiltzen ditu “Bermeoko bitxikeria historiko horiek zabaltzeko”. Azaldu dutenez, bertoko zein kanpoko publikoarengana iristen dira Romeroren informazioak: “Horren adierazgarri webguneak egun dituen 98.000 bisitaldiak. 70 pilula informatibo argitaratu ditu, eta berri bat sare sozialetara igotzen duen bakoitzean 3.000 inguru ikustaldi izaten ditu egun berean”.
Romero Filologian doktorea da. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Hezkuntza Fakultatearen irakasle titularra eta fakultate bereko dekanoa da 2018.urtetik. Bere doktore tesiak Bermeoko Erdi Aroko dokumentazioa berreskuratzea izan zuen ardatz, eta bost urtez herriko dokumentuak bildu eta hamaika elkarrizketa egin zituen Bermeori buruz idatzitako guztia bereganatu nahian. “Bermeok aberastasun historiko, kultural eta ondare kalkulaezina du, hori ezagutzea, zaintzea eta helaraztea ezinbestekoa da”, nabarmendu du Romerok.
Arrain Azoka Elkartearen babesean Itsuki Irratiak antolatzen duen 24. Hegaluze Saria Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian banatuko da streaming bidez. Barikuan jasoko du Romerok saria Arrantzaleen Museoan, “gure historia erakargarri bihurtu eta ezagutzera emateko egiten duen lana eskertuz”.
Maiatzaren 21etik 23ra 27. Arrain Azoka egingo da, modu birtualean. Aurtengo azokak arrantzale eta enpresen lana balioan jarri gura.