"Zelako nekazaritza, ekoizteko ze eredu bultzatu behar den hausnartu behar du administrazioak"
Xabier Arriagak dio benetan iraunkorra izango den sektorea sortzera bideratu beharko lituzketela laguntzak. Etorkizunerako ze nekazaritza eredu nahi den hausnartu, lur plangintza egin eta lanpostu iraunkorrak izateko laguntza egokiak behar direla azpimarratu du.
Zelan dago sektorea?
Egoera ez da askorik aldatu azken urteotan. Urte askotan Europan eta hemen bultzatu diren nekazal politikei buruzko azterketa egin behar da administraziotik, jakiteko zergatik ez duten funtzionatu. Eta neurriak ipini behar ditu, belaunaldien arteko erreleboa ez dagoen lekuetan dauden ustiategiek jarraitzeko edo berriak sortzeko.
Zein da Bizkaiko EHNEren eskari nagusia?
Sindikatuan proposamen politiko bat egiten dugu; nekazaritza iraunkor bat gura dugu elikadura burujabetzaren marko horren barruan. Gure ustez, Euskal Herrian zelako nekazaritza gura dugun, ekoizteko ze eredu bultzatu behar den hausnartu edo berplanteatu behar du administrazioak. Argi daukagu eredu agroekologikoa eta iraunkorra bultzatu behar dela.
Etxalde Elkarteko kidea ere bazara.
Iparraldeko eta hegoaldeko lurralde guztietako jendea batuta sortu genuen Etxalde Nekazaritza Iraunkorra mugimendua, eta Bizkaiko EHNE eta iparraldeko Euskal Herriko Laborantza Ganbera (ELB) sindikatu moduan ere badaude. Daukagun proposamen politiko bateratua gizartera zabaltzea da asmoa, eskaeragaz ahalik eta jende gehienak bat egitea. Nekazariok ehuneko gutxi bat gara administrazioarentzat, eta bere aurrean presioa egiteko gure proposamena bultzatzen bada lan arloko sindikatuetatik, kontsumitzaile taldeetatik, ekologia edo ingurumen taldeetatik…, administrazioak ikusiko du gizartearen eskakizun bat dela. Indar bat sortuko dugu administrazioaren aurrean. Kate bat sortu behar da.
Gaur egun dauden laguntzak nahikoak dira sektorearen biziraupena bermatzeko?
Diru laguntzak egon dira, baina sektorea ez doa aurrera. Inbertsioetarako eta lursailei dagozkien laguntzak daude. Nekazal politiketatik intentsiborako bideak eta laguntzak bultzatu izan dira. Intentsiboak beti eduki ditu laguntza gehiago, eta hor porrot bat egon da. Eredu horretan ere gutxi batzuk daude, eta ez daukate erreleborik. Benetan iraunkorra izango den sektorea sortzera bideratu beharko lituzkete laguntzak. Etorkizunerako ze nekazaritza eredu nahi den hausnartu, lur plangintza egin eta laguntza egokiak behar dira lanpostu iraunkorrak izateko. Berton ekoizten diren produktuak bertoko plazetan eta dendetan saltzeko ere zerbait egin beharko litzateke administraziotik. Zerbait egin behar da jendeak bertokoa kontsumitzeko.
Ze irtenbide ikusten dituzue?
Lurren arazoa zelan konpondu ikusi behar da. Nekazaritzan lanean hasi edo jarraitzeko lurrak bermatu behar zaizkio jendeari. Lurra izan liteke pribatua, baina adiministraziotik ardura hartu behar dute jendeak lurra eduki dezan denetariko ustiapenetarako. Frantzian jubilatzean nekazal-lurrak badituzu nekazaritzarako utzi behar dituzu, ezin duzu lursail hori espekulatzeko erabili edo saldu. Gainera, lur-plangintza behar da, lurrak zertarako diren egokiak zehaztea, fruta-arbolentzat, ganaduarentzat, orturako… Administrazioak hortik hasi behar du, lur plangintza egitetik. Esaterako, eukaliptoa sartzen bada, gero ura falta da, lurrak sikatzen dira, lur horien aberastasuna galtzen doa. Adiministrazioak hori dena ikusi beharko luke; denari begiratu behar zaio.
Gazteak errentagarria ez dela uste dutelako ez dira sartzen nekazaritzan?
Hasieran salmenta ez da erraz lortzen, ez dago ia diru-iturririk. Gertatu liteke hastea eta itotzea, inbertsioa handia delako eta banketxearen menpe daudelako. Laguntzaren bat behar da, epe jakin batera lanpostu bat sortzeko ikuspegia daukana, eta, era berean, aholkularitza ere eskaini behar da, hasiko dena formazio aldetik eta ekonomikoki seguru sentiarazteko. Sektoreak irauteko zerbait jorratzen hasi beharko litzateke administrazioa. Etorkizunerako nekazaritza iraunkorra gura dugu, lurra, animaliak zainduko dituena eta egingo den produktua osasungarria izango dena. Baserritarrek ekonomikoki irauteko, lurrak irauteko eta ekoizpena naturala eta osasuntsua izateko eredua gura dugu.
Zer ez da eredu iraunkorra?
Baldintza desegokietan eta euren osasunen kalterako abere asko leku mugatuan pilatzen diren granja handiak, lurra kutsatzen dutenak, hektarea askotan tratamentu naturalak ez direnak erabiliz –pestizidekin etab– egindako ekoizpen hidroponikoak… Halakoak Km0 moduan aurkezten dituzte, berton ekoizten direlako, baina ze nekazaritza eredu dira? Lurrari lotutako eta nekazaritza iraunkorrari lotutako tokian tokiko proiektuak behar dira, eredu agroekologikoa. Lurrari pozoirik botatzen ez badiozu, ez duzu kutsatuko, eta lurra ez baduzu kutsatzen landarea edota ganadua ere ez. Hor dago iraunkortasuna, eta produktu osasungarria lortzen da. Nekazaritza eredu iraunkorra izan dadila arlo guztietan, lurrarentzat, osasunarentzat eta baita nekazariek duintasunez bizi ahal izateko ere.
Belaunaldi arteko erreleboa zelan bermatu daiteke?
Hori beste arazo bat da; asko uzten ari dira, eta berririk ez da sortzen. Asko jubilatzeko daude, baina segitzen dute pentsioa ez delako nahikoa, eta jubilatuta ere batzuek segitzen dute. Irtenbide bat izan daiteke jubilatzeko dagoenari diru kopuru bat ematea lur horiek nekazaritzarako uztearen truke, eta horrela gutxieneko pentsio bat bermatzea eta lurra hartzen duenak konpromisoa hartzea. Uzten duenak ilusio apur bat eta hartzen duenak ziurtasun bat edukitzeko balioko luke.
Zelan erakarri daitezke gazteak sektorera?
Belaunaldi berriei ilusioa sortzen dien nekazaritza behar da. Lur bankuak egiten hasi zen aldundia, eta horretan apur bat gehiago sakondu beharko litzateke. Sindikatuetatik aldarrikapena egin zen salgai dauden lurrak administrazioak hartzeko eta kopuru bat ordaintzea horiengatik, urte jakin batzuetarako lur horiek beste norbaitek erabiltzeko baldintzagaz. Lurrek lan tresna bat izan behar dute. Belaunaldi berriei merkatua egiten ere lagundu behar zaie, apur bat orokorrean denerako aholkularitza eta laguntza eman beharko litzaieke; lehenengo urteetan itota ez geratzeko eta ilusio bat edukitzeko.
Nekazal Eskolak badaude.
Nekazal Eskolan daudenek beste txip bat daukate, nekazaritzan lan egin nahi dute, baina ez dute gura modelo intentsibo bat, kontzientziatuta daude. Produktu ona egin gura dute, bai eurek jateko eta bai saltzeko eta hortik bizi ahal izateko. Lehen, Derioko Nekazal Eskolan, adibidez, negutegi eta ortugintzarako hidroponikoa bultzatzen zuten, errentagarria zelako eta abar, eta orain, ez.
Km0ko produktuak, Eusko Label izendapendunak… Horiek sektoreari balioa eta bultzada emateko balio dute?
Horrek ondo egon litezke merkatuari begira, baina benetan ez baduzu aurretik aipatu dudan lan hori egin, nor dago Km0-an? Km0 egoteko, egiteko, tokian tokiko nekazariak eta abeltzainak egon behar dira. Erantzun globala izan beharko litzateke, merkatuari, erosleei eta ekoizleei begirakoa.