Bogan, beteranoen ligaren bila
Mundakako Arraun Taldeko beteranoak bat gehiago izango dira aurten La Salve ligan. Maiatzaren 22an hasita, hamar estropada izango dituzte aurretik.
Seriotasunez hasi ez zena serio bihurtu dute Mundakako Arraun Taldeko beteranoek edo Bisonteek, hala deitzen baitiote taldeari. Beteranoen ligan gonbidatu modura parte hartzen ibili dira; aurten, baina, beste bat gehiago izango dira lehian, eta maila ona emateko gogoz daude.
2017an hasi zuten ibilbidea Mundakako Arraun Taldeko beteranoek, zuzendaritza berria sartzeagaz batera: “Pintxopote batean hasi zen dena. Inoiz arraunean egin ez genuenei ikastaro bat emateko proposamena egin genion hasi berri zen Ignacio Lezaola presidenteari. Arraun egiten ikasi gura genuen”, kontatu du Iñaki Irastorza arraunlari beteranoak. Hala, Iker Goikoetxea Mundakako arraunlariaren eskutik sartu ziren horietako batzuk arraunaren mundura. Apurka-apurka jendea batzen joan zen, eta lehenengo urtea gimnasioan eman zuten, “arraun asko ikutu barik”. Uda iritsi zen, eta Goikoetxeak bere arraun denboraldia hasi behar zuen. Hala eta guztiz ere, beteranoek lanean jarraitu zuten, eta uda horretan uretara sartu ziren lehenengo aldiz Joseba eta Fran Learreta anaiei esker: “Katastrofe bat izan zen. Denak zeuden guri barreka”.
“Garrantzitsuena ez da lehia, taldean daukagun giro ona mantentzea baizik”
Hala eta guztiz ere, taldera jendea batzen joan zen, gazteagotan arraunean ibilitako batzuk ere bai. Gaur egun, 30 arraunlari inguru daude, eta taldea “zarratu” behar izan dutela dio Jose Luis Uriarte arraunlariak: “Jendeari ezetza eman behar izan diogu, eta pena ematen du”.
Izatez mundakarren taldea bada ere, Bermeokoak eta Sukarrietakoak ere badaude Bisonteen taldean: “Bermeoko asko daude, eta gehienak arraunean ibilitakoak. Ondo egongo litzateke Bermeok ere beteranoen talde baten aldeko apustua egitea. Bermeo moduko herri batentzat polita izango litzateke. Ikusita, gainera, Mundakara datozenak asko direla, eskaria badago”.
Lehen urteko helburua gogoan daukate: Orioko jaitsiera. “Arraun egin genuen, eta parranda handia ere bai”. Gerora, gonbidatu modura ibili izan dira estropadetan, eta hala egin zuten iaz ere beteranoen ligan. Aurten, La Salve liga lehiatuko dute beste klub bat moduan. Eta beteranoen ligak babeslea izango du lehenengoz: La Salve.
Bihar hastekoak ziren Angelun, baina bertan behera geratu da. Hortaz, hilaren 22an izango dute lehenengo erronka, Pasaiako uretan. Herriko uretan ere ariko dira arraunean ekainaren 5ean. Beteranoek luze biko estropadak lehiatuko dituzte.
11 talde lehian. Mundakagaz batera honako taldeak ariko dira lehian: Iberia, Getxo, Plentzia, Bilbao Beteranoak, Badok 13-Zarautz, Sestao, Fortuna, Zumaia, Pontejos eta Ibaialde.
Bi traineru uretaratuko dituzte: Erramon eta Lamiak, nahiz eta lehian bakarra ariko den: “Bigarrena uretaratzea utziko digute denok arraunean egiteko”.
Premisa “garrantzitsu” bat daukatela dio Irastorzak: “Lehia ez da garrantzitsuena guretzat, baizik eta taldean daukagun giro ona mantentzea”. Izan ere, giro “izugarria” sortu da taldekideen artean: “Jende desberdina dago gure artean, eta denok arraun egitea da helburua”.
“Oso polita da ikustea taldeak hartu duen sendotasuna”
Estropadaz estropada hobetzen joatea da Mundakako beteranoen helburua. Beste taldeen maila aipatu dute; “Zarautz, Iberia eta Pontejos taldetakoak arraunlari ohiak dira denak, beste maila bat daukate”. Hala ere, diotenez, “ahaleginak” egingo dituzte euren mailan egoteko edo hobetzeko. “Aurten maila ona eman dezakegu, eta dena ematera joaten eta joango gara estropadetara”.
Bizpahiru estropada jartzen dituzte helburu. Aurtengo lehenengoa Legutioko distantzia luzeko Euskadiko Txapelketa izan zen, eta pozik daude bigarren postuan geratu zirelako. Helburu modura daukaten beste estropadetako bat Mundakakoa da, “herrikoa delako”, eta azkenik, Bizkaiko Txapelketa. Horietara besteetara baino “prestatuago” joango direla zehaztu dute.
Diotenez, “oso polita” da ikustea taldeak hartu duen “sendotasuna”: “Kontuan hartzekoa da erdiek orain dela lau urte ez zekitela arraunean”.
“Pozik eta gustura” dabiltza: “Ez da bakarrik kirola egitea, lagun berri asko egin ditugu”. Irastorzak dio arraunean hasi zenera arte “lan eta lan” ibiltzen zela, orain dela lau urtetik, entrenamenduetarako “lana uzten” du: “Hori ez dute lortu ez emazteak ezta seme-alabek ere”.
Liga amaitzen dutenean, herriko nesken taldeagaz batera estropada berezia egiten dute Santa Katalinatik Aztiraino eta buelta. Ondoren, bazkaritan batzen dira. “Giro ederra sortzen da herrian egun horretan”.
Mundakako Arraun Taldeko beteranoek eskerrak eman gura dizkiete hurrengoei: Mundakako Arraun Taldeari, bereziki, bere presidente Ignacio Lezaolari, Bisonteen taldea sortu eta klubaren parte egiteagatik; Iker Goikoetxeari arrauneko lehenengo pausoak irakasteagatik; Joseba eta Fran Learreta anaiei lehenengo udan taldea uretara ateratzeagatik eta Andoni Erauzkini arraunean irakatsi eta entrenatzeagatik.