Mundakako EH Bilduk alkateari eskatu dio Basamortuko espedientea fiskaltzaren esku uzteko
Basamortuko espedientean jasota ez dagoen informazioa lortu asmoz, ezohiko osoko bilkura eskatu zuen Mundakako EH Bilduren udal taldeak.
Mundakako EH Bilduk eskatuta, ezohiko osoko bilkura egin zuten Mundakan, maiatzaren 5ean. “Basamortuko espedientean ez zegoen informazioa edota datuak lortzea zen gure helburua”, dio EH Bilduko Mundakako udal taldeak.
Ezohiko osoko bilkura horretan Mundakako alkate Mikel Bilbaok egin zituen “salaketa larriak” kontuan hartuta, Basamortuko espedientea fiskaltzaren esku uzteko eskatu dio koalizioak alkateari: “Espedienteak izapidetzean delituak egin ote diren erabateko ziurtasunez jakiteko eta Mundakako herriaren interesen alde egitera derrigortuta gaudelako, alkateari eskatzen diogu fiskaltzaren esku uzteko AIR EA 02 Basamortu espedientea zein horregaz zerikusia izan dezakeen nahiz haren antzeko ezaugarriak agertu ditzakeen beste edozein espediente ere. Modu horretan, deliturik izan den edo ez, epai bidez argitu ahal izango da”.