Laidako aparkalekuan TAO ez ezartzea erabaki du Ibarrangeluko Udalak
Osoko bilkuran ahoz batez erabaki dute hasitako prozedura etetea eta harturako erabakia Kosta Mugapeari jakinarazi diote. Laida eta Laga hondartzetarako "erakunde guztien artean adostutako" Mugikortasun Plana egitea beharrezkoa dela uste dute. Ibarrangelutik hondartzetara iristeko garraio publiko jasangarriko sistema indartzeko eta ezartzeko beharrezko kudeaketak sustatuko dituztela esan du alkateak.
Udako hilabeteetarako Laidako aparkalekuan TAO sistema ezartzea aztertzen aritu dira azken hilabeteetan, eta Ibarrangeluko Udalaren osoko bilkuran ahoz batez erabaki dute udalak martxoan hasitako tramitazioa edo prozedura etetea. Harturako erabakia Kosta Mugapeari jakinarazi diote.
Laida eta Laga hondartzetarako “erakunde guztien artean adostutako” Mugikortasun Plana egitea beharrezkoa dela uste dute udal arduradunek.
Erabakia aztertzen zeudenean Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak azaldu zuen herritarrekin berba egiten zeudela, iritziak eta proposamenak jasotzen, eta udalak beti ere “herritarren mesederako erabakia” hartuko zuela. Laidako aparkalekuan udan sortzen den aparkatzeko arazoari konponbidea ematea eta aldi berean herritarren eskubideak bermatzea izan da udal gobernuaren helburua. “Txosten tekniko-juridikoaren arabera, une honetan ezin da bermatu TAO sistema ezartzeak ibarrangelutarrei mesede egingo dienik. Aparkalekua kosta-mugapeari dagokio, itsas eta lur-juriskzioaren menpe dago. Kosten Mugapeak dio gune horretan denek dituztela eskubide eta betebehar berdinak. Bertako legeak bereizketarik egin ez eta pertsona guztiei berdin kobratzera behartzen du. Ibarrangelutarrek zergak herrian ordaintzen dituzte, eta beraz, TAO kobratzea, euren herrian bertan, Ibarrangeluko pertsonei kalte egitea izango litzake. TAO sistema ezartzearen helburua Ibarrangelun erroldatutakoei eta bizi diren pertsonei mesede egitea zen, udan beren herrian aparkatu ezin izateak eragiten dizkien kalteen ordainetan”, argitu du Ziluagak.
Osoko Bilkuran hizpide izan zuten Mugikortasun Plana. Alkate eta zinegotzien ustez, “Urdaibaiko hondartzek, bereziki Lagak eta Laidak, Mugikortasun Plan argi bat behar” dute, eta plan hori erakunde guztien artean adostutakoa izan behar da.
Plana “turismo estrategiekin eta ekonomia jasangarriarekin” bateragarria izatea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren “babes-parametroenpean” egina izatea ezinbestekotzat jo dute, bai eta herri txikiei urte osoan zerbitzu egokiekin bizitzen lagunduko dien plana izatea ere: “Aparkatzeko aukerak mugatuak eta urtaroen araberakoak direnez, uste dugu Urdaibaiko hondartzetan mugikortasun jasangarriko sistema bat ezartzea atzeraezinezko beharra dela, eta erakunde guztien inplikazioa eta adostasuna beharko dituela”.
Udalerritik hondartzetarako joan-etorrietarako eta tokiko zerbitzuen jarduera ekonomikoa bermatzeko “garraio publiko jasangarriko sistema bat indartzeko eta ezartzeko” beharrezkoak diren kudeaketak sustatuko dituzte eta horretarako lagundu: “Hori funtsezkoa da Ibarrangeluko garapen iraunkorrerako. Gure kostaldea babestea eta Urdaibain lan egitea eta bizitzea gure etorkizuneko bi errealitate bateragarriak izan behar dira. Urdaibaiko herri txikietan, bereziki, behar-beharrezkoa da”, azpimarratu du Ibarrangeluko alkateak.