Hegaluzearen jasangarritasuna aztertuko dute
Bermeo Tuna World Capital Elkarteak topaketa birtuala antolatu du biharko; sektorearen gaurkotasunean sakonduko dute, ikuspegi integral batetik.
Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak hegaluzearen jasangarritasuna ardatz izango duen topaketa birtuala antolatu du bihar 10:00etatik 13:15era. Erreferentziazko kolaboratzaileekin batera, hegaluzearen arrantzaren sektorearen gaurkotasunean sakonduko dute, ikuspegi integral batetik. Parte hartu gura dutenek elkartearen webgunean (www.bermeotunaworldcapital.org) izena eman dezakete.
BTWC elkarteko arduradunen esanetan, egun 4,9 milioi tona hegaluze arrantzatzen dira; “gehienezko errendimendu iraunkorraren %96”. Erritmo horretan jarraituta, “etorkizunean ezingo litzateke arrantza areagotu, eta aldi berean, arrain populazioen ustiapena baldintza jasangarrietan bermatu”.
Espainiarentzako “bereziki garrantzitsua” da hegaluzearen iraunkortasuna ziurtatzea: “Europan gehien ekoizten duen herrialdea da, eta munduko bigarrena, Tailandiaren ostean”. Gogorarazi dute sektoreko euskal enpresek 1.969 milioi euroko negozio bolumena sortzen dutela munduan. Horietatik 924 milioi zuzenean etortzen dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoara. Gainera, euskal enpresa izoztaileek 3.100 lanpostu sortzen dituzte, zuzenean zein zeharka, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Egitaraua
10:00. Ongietorria eta irekiera:
Ignacio Serrats Bermeo Tuna World Capitaleko presidentea eta Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria.
10:15. Sarrera, Helena Orella Bolton Foodeko Garapen Iraunkorreko arduradunagaz.
10:20. Aztiko Arrantza Kudeaketa Iraunkorreko koordinatzaileak espezieen ustiapen-mailak eta etorkizunerako aukerak eta gestio iraunkorraz arduratzen diren erakundeen rola ezagutaraziko ditu.
10:50. Mikel Ortiz Eroskiko erosketen arduradunak eta Juan Corrales Tri Marineko CEOak hegaluze kontsumoaz eta kontsumitzaileen eta merkatu estrategien erabaki gero eta arduratsuagoez hitz egingo dute.
11:40. Alberto Martin MSC Espainia eta Portugaleko Senior Fisheries Managerra eta David Verano Nekazaritzako Elikagaien Industriako eta AENOReko banaketako zuzendaria ziurtagiri ezagunei buruz ariko dira.
12:30. Borja Velasco Arrantza Zaintzako eta Arrantza Ilegalaren aurkako Borrokaren zuzendariordea EU atun arrantzategien kontrolaren abangoardian txostenari buruz ariko da.
13:00. Laburpena eta ondorioak, Helena Orellanagaz.
13:15. Itxiera.