Bermeoko olatu horma indartzeko 517 bloke jartzeko lanak hasi dituzte
Garabi handi bat jarri dute izotz fabrikaren ondoan.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Bermeoko olatu horma indartzeko lanak hasi ditu. Jakitera eman dutenez, hormigoizko 517 bloke berri jarriko dituzte olatu hormaren hainbat lekutan.
Modu horretan, 40 tonako 424 bloke jarriko dituzte, hain zuzen ere, olatu hormaren kanpoaldean, eta muturrean, berriz, 80 tonako 93 bloke. Proiektuaren aurrekontua 2.234.500 eurokoa da.
Bloke horiek guztiak bere lekuan jartzeko neurri handiko garabi bat jarri dute izotz fabrikaren ondoan. Portuzarra “ahalik-eta gutxien” kaltetu asmoz, garraio berezian eroango dituzte hormigoizko blokeak Erroxape kaira, hau da, portu komertzialera. Handik, garabiaren bitartez, dagokien lekuan kokatuko dituzte.
Muxikan egindakoak. Portu Zuzendaritzak azaldu du Bermeoko olatu horma indartzeko lanak urtarrilean hasi zirela, orduan hasi baitziren blokeak egiten Muxikako lursail batean. Blokeak egiteko erabiltzen ari diren hormigoiak agregatu siderurgikoa daramala diote, “altzairu fabriketako hondar geldoak erabilita”. Eusko Jaurlaritzarentzat “funtsezko premisa” da, iraunkortasuna eta ingurumena hobetu asmoz.
Lanak ekain amaierara arte luzatuko dira. “Lan hauen bitartez olatu hormari egonkortasuna eta errefortzua emango zaio, gero eta ohikoagoak diren denboraleei aurre egiteko”.