Museoen eguna eta gaua ospatuko dituzte
Euskal Herria museoak museoen gaua antolatu du maiatzaren 15erako. Arrantzaleen museoak eta Santimamiñek ere asteburuari begirako eskaintza daukate
Museoen Nazioarteko Eguna baliatuta, Museoen eguna eta Museoen Gaua antolatu dituzte Busturialdeko hainbat gunetan. Euskal Herria museoak, kasurako, Museoen Gaua ospatzeko ekitaldi bereziak antolatu ditu maiatzaren 15erako. 17:00etan hasita, 21:00ak arte hainbat jarduera izango dira herritarren eskura.
Lehenengo hitzordua 17:00etan izango da, izozkien dastaketarekin. Hala, Hemingwayk 1959an Bermeora egindako azken bisita ekarriko dute gogora. 17:30ean, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan Hemingway & Euskal Herria erakusketaren katalogoaren aurkezpen ofiziala egingo dute, Felicitas Lorenzo museoko zuzendariaren eta Edorta Jimenez idazlearen eskutik.
Berezitasunak ere izango ditu Museoen gauak. Izan ere, Erramun Mendibelanda artistak Pazko Bezperako Gaua- Night Before Easter ediziorako sortu zituen grabatuak erakutsiko dituzte, eta horiek ikusteko aukera bakarra izango da zapatuan.
Bertso saioagaz gozatzeko tartea izango da hurrengo. 18:30ean, Lorategian kantatuko dute bertsolariek, Museoen Nazioarteko Eguna gai hartuta.
Bisita gidatuak ere egingo dituzte, orduro, 16:30etik 19:30era. Museoa 21:00etan zarratuko dute zapatuan.
Bisita botanikoa. Maiatzaren 18a eta 21a ere egun bereziak izango dira Euskal Herria museoan. 21ean, hain zuzen, Iñaki Gonzalo biologoaren laguntzarekin, bisita gidatu botanikoa egiteko aukera izango da Euskal Herria museoko eta Europako Herrien Parkeko lorategia ezagutzeko. 18:00etan hasiko da.
Jarduera bakoitzean leku kopurua mugatua izango da. Hori dela eta, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da: euskalherriamuseoa@bizkaia.eus/94-625 54 51.
Bermeon eta Kortezubin. Arrantzaleen museoan eta Santimamiñek ere Museoen Nazioarteko Eguna presente izango dute. Arrantzaleen museoak, esaterako, bisita gidatuak egingo dituzte maiatzaren 18an, eta museora doazenek oparia hartuko dute. Santimamiñen, berriz, programazio berezia prestatu dute gune arkeologikorako. Maiatzaren 16an, bisita bereziak egingo dituzte, animazioarekin. Bi txanda antolatu dituzte: 12:00etan lehenengoa eta 13:00etan bigarrena. Hilaren 18an, doako bisitak eskainiko dituzte. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela zehaztu dute.