Basamortuko lurren auzia epaitegietara iritsi da
Mundakako familia batek jarri du demanda, prozesuaren exekuzioan izandako atzerapenagatik.
Mundakako Basamortuko lurren auzia epaitegietara iritsi da, herriko Herrera familiak demanda bat jarri ostean, prozesuaren izapidean eta exekuzioan izandako atzerapenagatik. EH Bilduk eskatuta, Mundakako alkate Mikel Bilbao independenteak azalpenak eman zituen joan den astean egindako ezohiko osoko bilkura batean.
Basamortuko espedientea aztertzen hasita, ez zituzten gauzak “argi” ikusten, eta aipatu espedientearen aurrekariak eta egungo egoerari buruzko argibideak eduki amoz, ezohiko bilkura eskatu zuen Mundakako EH Bilduk. Informazioa emateko udalbatzarra izan zen.
Alkatearen eta Eusko Alderdi Jeltzalearen artean tentsio uneak sortu ziren Basamortuko lurren kudeaketagatik. Bilbaok urteetan atzera egin zuen, eta puntuz puntu azaldu gura izan zuen nondik datorren gaur egungo gatazka. Jakitera eman duenez, prozesua aurreko agintalditik dator (orduan EAJ zegoen agintean). Esan zuenez, Mundakak Herrera familiaren eskutik jaso zuen gaur egun Lamiak eta Atorrak den parkea. Horren ordez, “familiak probetxurako portzentajea jaso zuen Basamortun eta Itxasbegin urbanizatzeke dauden bi gunetan”.
Ildo horretatik, alkateak gogorarazi du 2016ko abuztuan Mundakako Udalak enkante publikora atera zuela bere titulartasuneko orubea. Ordu hartan lizitazio prezioa 491.607,52 eurokoa izan zen. Gaur egun, aipatu orubea berriro dago enkante publikoan, hala ere, lizitazio prezioa aldatu egin da, milioi bat eurotik gorakoa da. “Lehenengo tasazioa inoiz ez da egon udaletxean dagoen espedientean”, esan zuen alkateak. Hala, orduko balorazioa “fidagarria ez zela” iritzita, lurren balorazio txosten berria eskatu zuten iazko apirilean: “Txostenak, gainera, esaten zuen lurren trukea egitea ahalbidetzen duen balioaren %40 gainditzen duela. Horregatik, administrazio-enkantera jo genuen. Alegazioen epean, Herrera familiakoek esan zuten orubearen salmentako baldintza-agiriak oso sinpleak zirela”. Gerora, baina, udalak ez ditu baldintza agiri berriak egin, “ez daki” zergatik. “EAJk erabili gura izan nau Batzokitik ekarritako truke urbanistiko ilegal bat onartzeko, aurreko udalbatzak kontratatutako aholkularitza juridiko baten bermeagaz”, salatu du alkateak. Bilbaok gogorarazi du, gainera, enpresa horren zerbitzuei uko egitea erabaki zuela. Aipatu du trukatze prozesua “irregulartasunez” beteta egon dela, eta ezin ziola oniritzirik eman.
Kudeaketa “negargarria”. Mundakako EAJren arabera, alkatea «gezurretan» dabil Basamortuko lurren inguruan egin duen adierazpenetan: “Basamortukoa legeak onartzen duen lurren truke bat baino ez zen. Diruagatik saldu barik, ondasunak ematen dira, eta balioaren desberdintasuna dirutan ordaintzen da”.
Jeltzaleek Bilbaoren kudeaketa “negargarria” kritikatu dute: “Joan den agintaldian bideratuta utzi zen prozesu bat hiltzen utzi du. Ez du ezer egin Herrera familiarengana hurreratzeko eta irtenbidea bilatzeko”.
“Ezgaitasun” horren ondorioz, Mundakako Udalak 400.000 euro baino gehiagoko diru sarrerak galduko ditu EAJren arabera. Kopuru horri, bestalde, epaiketa-kostuak gehitu behar zaizkiola gaineratu dute jeltzaleek.