"Gutxienez behin bizi beharrekoa"
Zaporeak elkarteak Greziako Lesbos uhartean daukan sukaldean boluntario lanak egiten ibili da bost astez Gurutze Ormaza bermeotarra; egunean, 1.200-1.500 bazkari inguru prestatzen zituzten.
Bere bizitzako esperientziarik “politenetako bat” bizi izan du Gurutze Ormaza bermeotarrak Lesbosen; “emozioz beteta” lan egin du han egon den bost asteko egonaldian. Uste zuena baino esperientzia “askoz ere hobeagoa” izan da Ormazarentzat.
Hain zuzen ere, Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpalekuan egon da bermeotarra Zaporeak elkartekoekin; apirilaren 9an bueltatu zen.
Turismo arloan lan egiten du Ormazak, gidari profesionala da: “Lan asko neukan. Azken hamar urteetan turismoak gora egin du Euskal Herrian, eta lan eta lan ibili naiz. Koronabirusaren pandemia etorri zen, eta lan barik geratu nintzen. Une horretan ez dakizu zure bizitzagaz zer egin. Nire gorputza lasaitzeko erabakia hartu nuen, konturatzen ez bagara ere, estresaren eraginpean bizi gara eta”.
Peio Garcia Amiano Zaporeak elkarteko sortzaileetako bat ezagutzen zuen, eta haregaz jarri zen harremanetan, gorputza lasaitzeko prozesua amaitu ostean; Zaporeak elkarteagaz zerbait egin gura zuen. Lehenengo, Donostian, Martutenen daukaten biltegian laguntzen hasi zen. Lesbosera joateko prest zegoen galdetzen zioen inkesta bat bidali zioten, eta “pozik” erantzun zuen baietz, ikusten zuelako bere egoera denboran mantenduko zela.
Bost asteko egonaldiak egiten dituzte orain, aste bat konfinatuta egon behar dutelako: “Han PCR probak negatibo eman arte ezin zaitezke sukaldera lanera sartu. Kontuan izan behar da sukaldean hogei lagun inguru daudela lanean”. Lau laguneko taldean joan ziren Euskal Herritik, “talde ederra”, dio: “Oso batuta egon gara”.
Zaporeak elkarteak gauza guztiak “oso ondo” antolatuta dituela dio, “eta gauzak errazten ditu horrek”. Errefuxiatuekin sukaldean lan egiten dute orain, “hasieran ez bezala”, eta eurekin lan egin ahal izatea esperientzia “aberasten” duela aipatu du, “bestela ez daukazu errefuxiatuekin harremanik”. Eurekin une onak izan dituztela gogoratzen du, eta barre egiteko momentu asko ere izan dituzte, “behar dutelako barre egin”. Sukaldean 15 eta 20 pertsona inguru daude lanean, eta azaldu duenez, egunean 1.200-1.500 bazkari inguru prestatzen zituzten, “egunaren arabera”.
Nutrizionista batek eginda. Jakitera eman duenez, menuak nutrizionista batek prestatzen ditu: “Indabak, dilistak, arroza… denetarik jaten dute. Arraina, hala ere, delikatua da, eta arrain freskoaren ordez, hegaluzea jaten dute, kontserban. A zelako poza hartu nuen Bermeoko hegaluze lata piloa ikusi nuenean! Ilusio handia egin zidan, eta motibatzeko balio zidan! Astean behin jaten dute hegaluzea. Ohikoena izaten da entsalada handi batean hegaluze piloa jartzea”.
Ormazaren arabera, pertsona bakoitzak hilean 65 euro ditu bazkarietarako: “Ama batek 65 eurogaz ez du erosiko ez frutarik ez eta esnerik ere, garestiak direlako. Orduan, elikadura gabeziak daude. Hortik dator Zaporeaken azken kanpaina, esnea eta fruta batzearena. Azken aldian, hortaz, eguneko menuaz gain, asteko hiru egunetan, fruta ale bat eta litro bat esne banatzen dituzte. Poltsatan prestatzen dituzte familiaka, banaka… Sukaldean lan egiteaz gain, horiek prestatzen ere ibiltzen gara. Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batek batzen ditu guk prestatutakoak, kanpalekuetara eroateko”.
Ormazak argi utzi gura izan du, hemendik bidalitako esnea heldu egiten dela: “Ni bertan egonda, Gipuzkoatik etorritako 24.000 litro esne iritsi ziren. Bizkaian batutakoa ekaina inguruan emateko izango da. Oraindik, Araban eta Nafarroan batutako esnea bidaltzen ari direlako”. Garrantzitsua da sentsibilizazio kanpaina egitea.
55.000 litro esne Bizkaian. Apirilaren 24an esne bilketa egin zuten Bermeon, eta 5.309 litro esne batu zituzten. Bizkaian, guztira, 55.000 litro esne batu dira Lesbosera bidaltzeko. Zaporeak elkarteko arduradunak “oso pozik” daude batutako kopuruagaz.
Esnea batzeko deia kanpora luzatu badute ere, fruta han erosten dute barazkiekin batera: “Platanoa da gehien gustatzen zaiena”.
Sukaldean laguntzaile lanak egiten ibili da Ormaza, ez zeukan aurretiazko esperientziarik. Bi sukaldari daude, eta gainontzekoek horien aginduetara lan egiten dute: “08:00etan sartzen ginen sukaldean, eta barazki guztiak prestatzen genituen. Gero, bazkaria prestatzen zeuden bitartean beste lanak egiten genituen, prestaketak, garbiketak… esaten ziguten guztiak”.
Kanpalekuetan bizi duten egoera latza kontatu du: “Argi barik bizi dira, eta argia dagoenean, joan egiten da. Urik ere ez daukate. Kartoi eta palet gainean lo egiten dute. Kanpaleku txiki batean bi familia daude, kasu askotan ezezagunak. Egoera benetan txarra da”. Lesbos uharteko Kara Tepe errefuxiatuen kanpalekuan 7.000 pertsona inguru daudela dio Ormazak: “Joan den urteko irailean erre zen Moria, eta Kara Tepera lekualdatu zituzten. Morian baino hobeto daude, baina polizien kontrola ere handiagoa delako”.
Kanpalekua, gainera, leku “oso txarrean” dagoela dio, aurrez “espazio militar bat izandako lekuan”. Itsasoaren alboan dago, “hotza eta hezetasuna” tarteko. “Euria egiten duenean, lokatzez betetzen da dena, eta lokatza kanpaleku barruetara sartzen da”.
Bertan gertatzen ari dena zuzenean ikustea “izugarria” dela dio: “Kanpotik ikustea gauza bat da eta barrutik ikustea beste bat, ez dauka zerikusirik”. Gaur egun, errefuxiatu gutxiago heltzen direla dio, nahiz eta egunero iristen diren 40 eta 45 pertsona inguru. Dioenez, kanpalekuetako errefuxiatuek ez daukate ilusiorik; “ez dakite noiz aterako diren, etorkizuna beltz ikusten dute, han ez dago legerik”.
Ormazaren ustez, Zaporeak elkarteak ez du bakarrik jaten ematen, Euskal Herriko jendea kontzientziatzeko lana ere egiten du: “Ni bakarrik joan banaiz ere, han ikusitakoa eta bizitakoa nire lagun eta ezagunen artean zabaldu dut”. Elkartea lan “garrantzitsua” eta “polita” egiten ari dela uste du. Jakin badaki egoera salbatzea “ezinezkoa” dela, baina kontzientzia piztea ere garrantzitsua da Ormazaren arabera.
“Gutxienez behin” bizi beharreko esperientzia dela uste du. Betidanik buruan izan du horrelako zerbait egitea, eta asebeteta etorri da. Bere bihotzaren zatitxo bat han utzi du, eta, prest legoke berriro bueltatzeko; “ez jarraian, baina bai denbora batera”. Uste du, hala eta guztiz ere, ez dagoela boluntario faltarik. “Alaitasuna, poztasuna, lan egiteko gogoa eta laguntzeko gogoa baino ez dira behar”.