"Liburua nire 'txoritxuari' eskainitako opari idatzi bat da"
Azken proiektuaren emaitzak beteta utzi du Joseba Mikel Ugalde bermeotarra. 'Mesedez itxi atea' liburuagaz ordu asko eman dituela dio, baina maitasun osoz egindako lana da.
Ai gure Bermio (2010), Hirurehun eta hamar segundu haiek (2012), Urertzeko mamarrua (2013) eta Muakiss (2014) liburuen ostean, proiektu oso pertsonala dakar oraingoan Joseba Mikel Ugalde bermeotarrak: Mesedez itxi atea.
Ilobari eskainitako liburua duzu.
Argi dago liburua ilobari, nire txoritxua-ri eskainitakoa dela Mesedez itxi atea liburua, opari idatzi bat da. Liburuan, kolore morea erabili dut, hori delako nire ilobaren gustukoena. Bere begi bat ere agertzen da, eta gure eskuetako atzamarrak gurutzatuta ere badaude, askotan egiten dugulako. Hala ere, liburua atera eta gero, COVID-19 madarikatu honek arreba eroan digu, orduan azken eskaintza berarentzat izatea gurako nuke: zuri Maribel, arreba maitea. Betira arte.
Orain arte esan izan duzu zaila dela zure liburuak ohiko generoetan sailkatzea, berdin jarraitzen al duzu?
Orain arte esan izan dut nirea gen-eroa zela. Liburu hau sailkatzea ere ez da erraza, baina argi dago hau ez dela eroa. Literaturizatutako auto-epitafio eskainia izan daiteke. Eskainia bada, eta auto-epitafioa ere bai, idatzita utzi ditudalako esan gura ditudan zenbait gauza.
Tarte luzean egon zara ezer argitaratu barik. Zelan bururatu zitzaizun horrelako zer edo zer egitea?
2014an argitaratu nuen Muakiss. 2016an jaio zen Enara, nire iloba. Ordutik, lasai ibili naiz, aitita baten lanak egiten. Behin, Sukarrietara ilobaren bila joateko trena noiz iritsi zain nengoela, telefono mugikorrean idazten hasi nintzen, eskema bat egiten hasi nintzen. Argi neukan ilobari zer edo zer idatzi gura niola, gauza zen zelan eta zer egin. Buruan neukan ideia, eta pandemia etorri zen. Orduan hasi nintzen nire paper eta audio guztien artean bilatzen. Bihar edo etzi, iloba heldua denean eta nire bizipenak eta esperientziak kontatzeko aukerarik ez baldin badaukat, hemen izango ditu. Inoiz ez dakigu zer gertatuko den. Ilobari zenbait gauza helaraztea da nire asmoa, eta ez dakidanez etorkizunean horretarako aukera edukiko dugun, idatzita uztea erabaki dut. Gainera, liburua koronabirusaren pandemiaren lehen olatuagaz batera egiten hasi nintzen, eta txertoekin batera amaitu dut.
Atal ezberdinetan banatu duzu liburua.
Bai, hiru atal ditu. Atal nagusian nire bizipenak agertzen dira, baina ez ditut modu aspergarri batean kontatzen. Bizipen xelebreak sartu ditut; bizipenak eta bidaiak, literatura, musika, familia, ohiturak… agertzen dira. Beste ataletako batean, Enaragaz lau urte hauetan bizitako zenbait istorio kontatzen ditut. Horiek ere irribarre bat ateratzeko moduko bizipenak dira, modu astunean idatzi barik. Hirugarren atalean asmatu dut egun amestu hori iritsi egiten dela, hau da, iloba heldutasunera iritsi dela. Arratsalde batean gure etxera dator, kontatu egin behar diot liburu bat idatzi dudala. Hala, beretzat idatzi dudana kontatzeko unea iristen zaigu. Hori bai da asmatutako istorioa; hala ere, ukitu erreala ematen saiatu naiz. Atalez gain, horien guztien barruan, nire ateraldiak ere badaude liburuan, gustatu egiten zait horrelakoak egitea. Barrea derrigorrezkoa da. Hala ingelesaren eta euskararen nahasketaren bat edo beste agertzen da. Jendeak esango du harrikada daukadala, baina ez dit ardura, badaukat.
Liburuaren orrialdeak zenbaki barik daude.
Hala da bai, baina ilobagaz batzen naizen egun hipotetiko horretan grabagailu bat martxan jartzen dut. Orduan, bizipen bakoitzak ordu bat dauka, eta aurkibidea ere orduen araberakoa da.
Nondik dator liburuaren izenburua?
Gure etxeko atearen gainean jarri dut liburuaren izenburua: Mesedez itxi atea. Barruan gaudela irudikatu gura izan dut, iloba eta biok, egun hipotetiko horretan. Elkarrizketa edo solasaldi intimoa izatea gura izan dut. Izenburua, hala ere, abesti bateko pasarte bat da. Originalean, hitzak gaztelaniazkoak dira, abestiaren sortzailea Luis Eduardu Aute izan zen, haren abestiak Las cuatro y diez izena zeukan. Orain dela urte asko melodia hori hartu eta letra berri bat jarri nion. Hortik ateratakoa da liburuaren izena. Nire abesti hartan ere aitita bat eta bere ilobaren arteko solasaldi intimo bat zegoen; azken agurra izena ipini nion abestiari. Honegaz, era berean, iaz hil zen Auteri omenalditxo bat ere egin gura izan diot. Gura duenak orduan sortutako abestia entzun, nire izeneko soundcloud-era sartuta egin dezake.
Ilobak ba al dauka idatzi diozun liburuaren berri?
Bai, badauka. Berak, gainera, badaki aitita zelakoa den, proiektuaren parte ere egin dut. Uste dut etorkizunera begira gauza polita izan daitekeela.
Pozik al zaude emaitzagaz?
Bai, egia esan, beteta utzi nau liburuak. Ordu asko eman ditut proiektu honetan. Urte bat, baina ordu asko izan dira. Goizaldean izartu eta bueltaka hasten nintzen. Maitasun osoz egindako lan bat da. Ilobari erakutsi gura diot zerbaitengandik kuriositatea baldin badauka, jarrai dezala bidea. Era berean, logika ere erakutsi gura diot, bere jakin-mina pizten joan dadin. Garrantzitsua da gustatzen zaizun horren aldeko bilaketa egitea.
Orain arteko zure lanak Interneten ere badaude. Azken hau ba al dago?
Ez. Lehenik eta behin liburuak bere bide fisikoa egitea gura dut. Elkar dabil banaketa lanak egiten, hemen Bermeon Luma liburudendan aurkitu daiteke. Tarte bat emango diot, Interneten zabaldu aurretik.
Autoekoiztutako liburua da.
Hala da, bai, den-dena nik egindakoa da, diseinua eta guzti. Modu horretan, nik neure gustura egin ahal izan dut, ezer aldatu barik. Irakurteko oso erraza da, arin egiten da. Liburuan esaten dudan moduan, irakurterraza da, terrazan irakurtzeko modukoa.
Irakurri dutenek zer esan dute?
Lagun batek irakurri du, eta asko gustatu zaiola esan dit; aitita da bera ere, eta beste ikuspuntu bategaz irakurri du. Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duen nire familiako batek ere esan dit arin irakurri duela. Hala ere, egia esateko, berdin dit jendeak esaten duena. Ni neu gustura geratu naiz egindako lanagaz.
Aurrera begira, badaukazu proiekturik buruan?
Ez dakit, buruan beti ditut gauza asko. Marketing munduan esaten da: “Egin hobeto edo desberdin”. Niri desberdin egitea gustatzen zait, argi dago. Gauza desberdinak egiten ibili izan naiz beti, sasoi batean hizkiei buruzko bideo laburrak ere sortu nituen. Horiek YouTuben ikusi daitezke.