"Gero eta produktu gehiago daude, eta eskaintza anitzagoa da"
Baserritik Gernikara plataforman erosten ditu produktuak Vicky Aretxederretak. Proiektua sortu zenetik bat egin zuen beragaz, eta bere garrantzia nabarmendu du.
Noiztik zaude proiektu honetan?
Hasieratik. Ideia oso ona iruditu zitzaidan. Ekoizleek berme bat edukitzea zen asmoa, euren produktuak eskoletara eroaten baitzituzten, eta salmenta hori eten egin zen. Konfinamenduan ere lanean egon nintzen, eta berez, ez nuen inolako beharrik produktuak etxera ekartzeko, baina ekartzen zizkidaten.
Orain dendan eskuratzen dituzu produktuak?
Bai, ostegun arratsaldetan joaten naiz. Eguaztenetan 12:00ak arte daukagu eskariak egiteko epea. Denda egotea ere aurrerapauso bat izan zen, mesedegarria da, oso erosoa eta arina. Etxerako zerbitzua ere mantendu dute. Jende nagusiarentzat zein erosketak egiteko denborarik ez daukatenentzat etxera eroateko aukera dago. Erraztasun guztiak daude. Teknologia berriak zure esku dituzu, betiko sistemarekin, eta nekazaritza ekologiko batekin, gure inguru natural batean. Hasiera batetik inguruko ekoizleei laguntzea zen helburua, eta hori mantendu egin da.
Zer eskaintzen dizu proiektu honek? Ze onura ditu? Zuretzat zergatik da mesedegarria honen parte izatea?
Webgunea oso polita da, eta erabiltzeko oso erraza. Kontsumitzaile moduan, ama moduan, argi daukat bertoko produktuak ditudala, sasoikoak, freskoak. Sasoian hazten dena eskaintzen digute. Denok hara eta hona gabiltza, arrapaladan, eta segundo batean egiten duzu eskaera eta txartelagaz edo bizum bidez ordaindu.
Astelehenetan plazara joan ezin direnentzat aukera, bide bat ere bada. Lehen plazan erosten zenuen?
Orain Lekeition lan egiten dut, eta urte askotan Gernikan lan egin izan dut. Baina lanean egonik ezin nuen joan, plazara jai egunetan joan izan naiz. Baserritik Gernikara plataformari esker, bertoko produktuak edukitzeko aukera daukat, eta ez daukate prezio garestiagoa. Edukiko balute ere erosiko nituzke. Azken finean, ekologikoak dira, bertokoak, sasoikoak eta oso osasuntsuak. Halako plataforma erraza edukitzea arrapaladan gabiltzanontzat abantaila itzela da.
Harreman zuzena dago ekoizleen eta kontsumitzaileen artean. Gertutasun horrek konfiantza edota fidagarritasun gehiago ematen al dizu?
Bai, noski. Gainera, uste dut ez dela beharrezkoa pandemia bat konturatzeko gure ingurua zaindu behar dugula. Lanpostuak sortzen edo finkatzen dira inguruan. Urdaibain bizi gara, natura aldetik ere bai ekosistema hori mantentzen duzu, gertutasun hori daukazu, naturarekiko harreman hori ez da galtzen… Azpilan oso sakona dago hor, eta hau azkenenego pausoa ematea izan da, eta gelditzen direnak! Lehenengo sektoreari lagundu egin behar zaio, argi dago.
Uste duzu halako proiektuei esker orain jendeak gehiago baloratzen dituela KM0-ko produktuak?
Uste dut baietz. Gainera, orain momentuan plataforma honekin ez dago aitzakiarik esateko ezin zarela plazara joan edo ez dituzula ekoizleak ezagutzen. Telefono mugikorrean daukazu, argazkiak oso argiak dira, eta klik batean egin dezakezu. Eta uste dut elkar hezi behar dugula. Argi dago letxugak, babak hartu eta garbitu egin behar direla, lana ematen dutela. Baina, zelan jaten genuen amonaren etxean? Zelan jaten genuen amaren etxean? Horretara bueltatu behar gara. Eta gure seme-alabak horretan hezi behar ditugu. Ez dut nahi nire umeak okela urrun erostea eta hegazkinean etortzea, hemen badago primerako okela, eta frutak eta barazkiak. Gainera, zenbat eta jende gehiago batu halako proiektuetara, hainbat eta jende gehiago haziko da horretan eta lanean. Hori frogatu da horrela izan dela, finkatu dira lanpostuak, sortu dira lanpostu berriak… Gure ingurua, natural zein ekonomikoa, horrela mantentzea nahi badugu, eta baserritarrei baldintza duinak ematea nahi badugu, kontsumitzaile moduan ardura hori eduki behar dugu. Hemen atzean bertoko ekonomia dago. Dena dago erlazionatuta. Ekonomia zirkularra lantzea da, eta gugandik, bakoitzaren arduratik hasten da.
Sare honetara gehitzeko, zer esango zenioke jendeari?
Behin froga egiteko esango nieke, eta ikusiko dute letxuga busti datorrela, kipulak lur zatiekin datozela… Aurreko egunean hartutakoak direla ikusiko dute. Halako zerbait ez erabiltzeko ez dago aitzakiarik. Uste dut behin froga eginda, errepikatu egiten duzula. Gero eta produktu gehiago daude, gero eta anitzagoa da eskaintza. Kalitatezko produktuak dira. Hasiera batean produktu freskoekin hasi ziren, eta orain kontserbak ere badaude, ingurukoak dira, mermeladak zein antxoak eta atuna. Gainera, detaileek ere garrantzia daukate. Produktu batzuk, solte etorri ahal direnak, letxugak adibidez, horrela datoz, baina, beste batzuk, orain momentuan, babak, adibidez, paperezko poltsetan datoz. Horrenbeste plastikorik ez edukitzeko ahalegina egiten dugunon eta birziklatzeko apustua egiten dugunokin bat dator hori. Gauza asko eskatu badituzu eta kaxa bat hartzen baduzu, gero kaxa hori bueltatu egiten duzu. Mentalitatea aldatzea da pixka bat. Adibidez, niretzat plastiko falta hori oso garrantzitsua da.