"Gero eta jende gehiago batu da, gehiagora doa"
Baserritik Gernikara plataforman dauden Busturialdeko hamalau ekoizleetako bat da Josu Uruburu muxikarra. Ortuariak eskaintzen ditu. Plazan zuzeneko salmentan ere aritzen da astelehenetan.
Noiztik zaude proiektu honetan, eta zer eskaintzen duzu?
Abuztua-irailean hasi nintzen. Ortuariak saltzen ditut, sasoian sasoikoak. Piperra, tomatea, letxuga, aza, brokolia, azalorea… denetarikoa edukitzen dut.
Zer ematen dizu sare honek? Zuretzat ze onura ditu, zergatik da mesedegarria honen parte izatea?
Orokorrean guretzat, ekoizleontzat ondo dator. Nik gehienbat eskura saltzen nuen, Gernikan plazan edo eskatzen didan jendeari, eta horrela, jende batengana heltzen nintzen. Halako platagorma bategaz, Internetetik eskatzeko aukera ematen duenagaz, askoz ere jende gehiagorengana heltzen zara. Guretzat itzel dator. Daukazun produktuari irteera hobea ematen diozu, eta prezio dezente batean.
Plazan ere egoten zara. Noiz hasi zinen bertara joaten?
2018an hasi nintzen serio hartzen, eta plazan 2019tik egoten naiz.
Plataforman zaudenetik gehiago ekoizten eta saltzen duzu?
Bai. Ipini ere aurreikuspen bategaz egiten duzu, badakizu jendeak zer eskatzen duen. Bestera, denetarikoa ipini eta denetarikoa saltzen ahalegintzen nintzen. Honetara badakizu letxugak, porrua, azak edo brokoliak asko saltzen direla; orientazio apur bat daukazu antolatzeko.
Nola antolatzen zara biak uztartzeko?
Koordinatzaileak aurreko asteko barikuan eskatzen digu hurrengo astean zer edukiko dugun esateko. Orduan, zer daukadan begiratu eta gutxigorabehera gordetzen dut Baserritik Gernikarako zenbat izango den, eta bestea plazara eroaten dut. Normalean eskatzen dena baino kantitate gehiago edukitzen dugu. Eguaztenean esaten digute dagoen eskaria eta eguen eguerdirako dendara eroaten ditugu.
Non saltzen duzu gehiago, plataformaren bidez ala plazako zuzeneko salmentan?
Antzera saltzen da, eta astearen arabera ere izaten da. Agian, aste batzuetan plazan gehiago saltzen da. Egoera normalean plazan gehiago saltzen da; pandemia sasoitik kanpo plazan gehiago saltzen da. Plazan neu nago han eta niri hartzen didate. Baserritik Gernikaran, gehiago saltzen da, baina gehiago gara eta denen artean banatzen da. Baina, orain gauden moduan, agian, aste batean plazan ez da hainbeste saltzen, eta ostera Baserritik Gernikaran gauza gehiago eskatzen dute. Bestera ere gertatzen da. Ez dago alde handirik.
Zelako erantzuna eta garapena eduki du Baserritik Gernikara plataformak?
Erantzuna ona da, eta garapena igartzen da. Astiro-astiro gero eta jende gehiago batu da, handitzen joan da, gero eta gehiagora doa. Hasi berritan batzuk ezagutzen zuten, baina denek ez; eskatzen zen, baina ez hainbeste. Astiro-astiro gero eta jende gehiago joan da eskatzen. Neguan ortuan ez da gauza asko egoten, baina, hala ere, nahikoa ondo eskatu dute.
Ekoizleok igarri duzue proiektu honi esker orain jendeak gehiago baloratzen dituela KM0-ko produktuak?
Nik ez daroat hainbeste denbora ere, baina uste dut igartzen dela. Gainera, gauden egoeran, pandemia sasoian ezin izan garenez nahi beste eta edonora mugitu, uste dut jendeak kontzientzia apur bat gehiago hartu duela, eta bertoko produktuei kasu gehiago egiten hasi dela.
Sare bat osatzen duzue. Zelan hartzen dituzue erabakiak ekoizleen artean?
Gure artean koordinazioa dago, eta lantzean behin batzartu egiten gara. Elkar-laguntza, elkarlana ere badago, eta orientazioa apur bat ere ematen diogu elkarri. Gure artean ezagutzeko ere balio izan du.