Zazpi hektarea berreskuratu dituzte Undabason
Pinu intsignearen laborantza berreskuratzeko lanetan 5.121 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte
Lurgaia Fundazioak Undabaso ingurua lehengoratzeko proiektua bukatu du. Muxikako Udalarekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailaren laguntzarekin, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako harizti misto handienean 7 hektarea baso leheneratu dituzte. Pinu intsignearen laborantza berreskuratzea helburu, espezie autoktonoen 5.121 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte.
Horrez gain, 1,5 kilometro pista ere leheneratu dute, baso-hidrologia berreskuratuz eta higadura saihestuz. Hezegune txikiak ere sortu dituzte, bertan, urlehortarrak eta haiekin lotutako fauna eta flora errazago sar daitezen. Lurgaiak dioenez, natura bera arduratuko da bere prozesu ekologikoak martxan jartzeaz, eta ekosistemaren konplexutasuna eta biodibertsitatea areagotuko dira. “Prozesu horiek, denborarekin, balio handiko paisaia osatuko dute, ez bakarrik naturalistikoa, baita kulturala ere”.
Hamar urte daramatzate Muxikako Udalak eta Lurgaia Fundazioak Undabasoko proiektu handian lanean. 160 hektarea baino gehiago ditu inguru horrek, eta zenbait udalerrik basoak kontserbatzeko garrantziaz jabetzea “albiste ona” dela esan du fundazioak, eta erakundeen laguntzei esker egitea are hobea dela gaineratu du.