Gernika, Markina-Xemein eta Berriatuara joan dira Bizkaiko txapelak
Bizkaiko Zesta-punta Txapelketako finalak jokatu ziren zapatuan [maiatzak 1] Markina-Xemeinen. Leke eta Unda gernikarrak, Arrasate eta Urko berriatuarrak, eta Arakis eta Atain II markina-xemeindarrak dira aurtengo txapeldunak.
Berriatua, Markina-Xemein eta Gernika-Lumoko bikoteak izan dira nagusi aurten, Bizkaiko Zesta-punta Txapelketan. Zapatuan [maiatzak 1] jokatu ziren finalak Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan, hiru kategoriatan –kadete, gazte eta nagusi–, eta lehia ederrekin gozatzeko aukera egon zen.
Nagusien partida izan zen azkena eta zirraragarriena. Aimar Aldazabal eta Ander Bilbao berriatuarrak eta Urko Lekerika eta Iñigo Unda gernikarrak aurkitu ziren finalean aurrez aurre, eta bikote biek gogor borrokatu zuten txapelak etxera eramateko. Hala, finala azken tantoan erabaki zen Lekerika eta Undaren alde.
Partida ondo hasi zuten gernikarrek, abantaila hartuta. Euren pilotagaz jokatu zuten batez ere, baina hutsegite baten apurtu eta berriatuarrek atera zuten pilota. Sei tantoko aldea zeukaten gernikarrek, baina pilota berrira moldatzea kostatu egin zitzaien eta abantaila galdu zuten 25era berdinduta geratuz. Aukera hori aprobetxatuta, Berriatuko bikotea 29-27 jarri zen aurretik. Tanto bakarrera zeukaten garaipena, baina Lekek eta Undak partidari buelta ematea lortu zuten, eta 30-29 irabazi zuten txapelketa.
Guztira, hamar bikotek parte hartu dute Bizkaiko Txapelketako senior kategorian, eta Urko Lekerika eta Iñigo Unda gernikarrak izan dira gazteenak. Bederatzi jardunaldiren ostean, eta ligaxkan partida bakarra galduta, finalaurrekoetara igaro ziren, eta Gernikako frontoian markinako bikoteari irabazi ondoren lortu zuten finalerako pasea.
Undak azaldu duenez, finalekoa partida gogorra izango zela aurreikusten zuten, justu ligaxkan galdutako partida bakarra horien kontra izan zen eta. Pilotari handi bi, profesional aritutakoak zituzten gainera, aurkari: aurrean, Aimar Aldazabal berriatuarra, mundu mailako azpitxapeldun geratu dena, eta atzean, Ander Bilbao profesional ohia.
Kadeteen norgehiagokagaz hasi ziren finalak. Berriatuko bikote bi atera ziren Uniko kantxara zein baino zein gehiago aritzeko: Arrasate eta Urko alde batetik eta Ihart eta Maialen bestetik. Neurketa horretan Arrasate eta Urko izan ziren garaile 30-4 irabazita.
Gazte mailan, berriz, Markina-Xemeingo Arakistain eta Atain II. izan ziren nagusi. 30-17 irabazi zioten Ekaitz eta Amets Berriatuko bikoteari.
GRABNI. Joan den astean erabaki ziren baita ere GRABNI txapelketako irabazleak. Gazte mailan Bizkaiko ordezkariak izan ziren Markina-Xemeingo Zelaia eta Atain II. izan ziren garaileak. 30-17 irabazi zuten Mutrikuko Eñaut Urreisti eta Zumaiako Ander Ureta Gipuzkoako ordezkarien kontra.
Nagusien mailan, berriz, Bizkaiko taldean Etxebarriko Alberdi eta Markina-Xemeingo Zabala egon ziren eta Gipuzkoako ordezkariak Eduardo Agirre zumaiarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra izan ziren. Agirre eta Manzisidor 30 eta 21 nagusitu ziren finalean.