Jaurlaritzak dio Gaztelugatxeren izendapenaren alegazioei legearen arabera erantzun dietela
Kultur eta Ondare zuzendaria den Mikel Aizpuruk esan duenez, alegazioen erantzuna dekretua argitaratu ondoren jaso beharko lituzkete interesatuek, legeak zehazten duena jarraituta.
Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondare izendatu zuten apirilaren 13ko Gobernu Kontseiluan, eta izendapen horren berri komunikabideetatik eduki izana salatu zuen SOS Gaztelugatxek. Ez udalak, ez plataformak ez partikularrek alegazioen berri ez zutela salatu zuten joan den astean, eta Hitzak horren berri argitaratu zuen. Gerora argitaratu du SOS Gaztelugatxek sare sozialetan alegazioen erantzunak heldu zaizkiela. Joan den asteko salaketan Plataformak esan zuenez, ez dute ulertzen ezta onartzen ere Eusko Jaurlaritzak eta zehazki Kultur eta Ondarearen Zuzendaritzak jarraitu duen prozesua.
Arloko zuendari Mikel Aizpuruk plataformaren salaketak erantzun ditu, prozedura legearen arabera egin dutela esanez: “Prozedura administratiboaren legeak agintzen du aurkeztu diren alegazioen erantzuna dekretua argitaratu ondoren jasoko dutela interesatuek. Kasu honetan, alegazioak oso ugariak eta luzeak izan dira, eta alegazioak onartzeko edo ukatzeko arrazoiak espedientean dauden txosten teknikoetan aztertu dira. Arrazoi horiek guztiak txosten juridikoan batu dira, eta horren kopia bidaliko zaie interesatuei, dekretua argitaratzearekin batera”. Aizpuruk gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu eta aldizkari ofizialean argitaratu arte ez dago indarrean babes-dekretua; ondorioz, ordura arte ezin da errekurtsorik aurkeztu haren aurka.
Izendapenaren prozesua hasteko ebazpena argitaratzeko data ere kritikatu zuen SOS Gaztelugatxek, uztaila horretarako data egokia den zalantzan jarriz. Aizpururen esanetan, baina, uztaila ez da opor-garaia, ez administrazioarentzat, ezta enpresa pribatu gehienentzat ere: “Denbora dezente atzeratu zen espedientearen prestaketa-lana eta ahal izan genuen bezain arin argitaratu genuen, inongo asmo txarrik gabe”.
Zenbait eskari onartzeko eskumenik ez. Ondare zuzendariaren iritziz, “txalogarria” da hainbeste herritarrek ondare-kezka edukitzea, eta herritarren laguntzarekin, babesarekin eta lankidetzan aritzen saiatzen direla esan du, “baina nahiz eta jakin Gaztelugatxeren babes-dekretua prestatzen ari ginela, hainbat bilera egin baitziren erakunde publiko eta pribatuekin, ebazpena argitaratu ondoren Eliza Katolikoa baino ez zen gurekin harremanetan jarri”. Horretarako, SOS Gaztelugatxek bide administratiboa aukeratu zuela esan du ondare zuzendariak, eta horren arabera erantzun dutela.
Alegazioen erantzunei dagokienez, Aizpuruk gogorarazi du Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eskumenetatik kanpo geratzen direla itsas bazterraren kudeaketa edota Estatuarenak diren eta zerbitzuan dauden azpiegituren kudeaketa, eta alegazioak aurkeztu dituzten hainbat pertsonak horren berri izango dutela esan du. Hala ere, gaineratu du eremu handiagoa mugatzea eta babestu beharreko elementu gehiago jasotzea Espainiako Kultura Ministerioari eskatu beharreko gauza dela; “zoritxarrez, jakin badakigun arren, azkeneko urteetan gutxitan egin die men Euskal Herritik bidalitako eskaerei. Gaztelugatxeko inguru naturala, bestetik, babestuta dago, Biotopo figurarekin; hori aldatzea ere ez da Kultura Sailaren eskumena”.
Alegazio batzuk onartu egin dituzte, beste batzuk zatika jaso eta beste batzuk ez dituzte zuzen ikusi. Horiek atzera botatzearen arrazoiak ere hartuko dituzte interesatuek.