Gernika RT eta La Vila, igoera faseko finalean
Luzapenean erabaki da Gernikaren eta Pozueloren arteko finalerdia. Bi aste barru Alacanten lehiatuko dute finala.
Ohorezko Mailara bueltatzea geroz eta gertuago dauka Gernika Rugby Taldeak. Atzo Pozuelo Rugby Union talde madrildarra garaituta (23-20), igoera faseko finalean egongo da. Finalerdian Hernaniri irabazi dion CR La Vilaren kontra (23-10) jokatuko du, maiatzaren 16an, El Pantanon (Villajoyosa, Alacant). Ohorezko B Mailako A multzoko eta B multzoko zein baino zein gehiago ariko dira final handian.
Irabazlea zuzenean igoko da mailarik gorenera, eta galduz gero, Getxoren edo Independienteren kontra jokatzea izango da igoera lortzeko bigarren aukera.
Gernika eta La Vila Ohorezko Mailan aurkari izandakoak dira, elkar ondo ezagutzen dute bi klubek. Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak esan modura, etxean jokatzen duen taldea da faboritoa: “La Vilak talde oso konpaktua dauka, La Vila ere historikoa da, Ohorezko Mailan euren kontra jokatu dugu, badakigu zelako talde eta zelaia den. 3/4 jende oso abila dauka, agian, aurrean ez dira Pozuelo bezala hain indartsuak, baina oso gogorrak dira. Etxean jokatzen dute, eurek dira faboritoak”.
Eduardo Maidagan (Gernika RTren entrenatzailea): “Kopa Gernikara ekartzeko ahalegina egingo dugu, hori argi dago”
Finala prestatzeko bi aste dituzte. “Aste honetan errekuperazio lana egingo dugu, lasaitasunagaz hartuko dugu, eta datorren astean finala prestatuko dugu. Final bat da, eta gure jokoa egin behar dugu. Gure jokoa egiten badugu, irabazteko aukerak ditugu. Eurek euren zelaian jokatzen dute, hori izango da gogorrena. Kopa Gernikara ekartzeko ahalegina egingo dugu, hori argi dago”.
“Badakigu zelako taldea eta zelaia den”
Finalerdia, oso lehiatua. Gernikak eta Pozuelok atzo lehiatu zuten finalerdia, Urbietan. Neurketa parekatua, oso berdintsua aurreikusten zen, eta horrela izan zen. Bi taldeek joko oso ona erakutsi zuten. Sufritutako garaipena izan zen basurdeentzat. “Atzokoa partidu oso gogorra izan zen. Pozuelok talde oso sendoa dauka, eta Gernikara dena ematera etorri ziren. Finalerdia zen, eta denok gura dugu egon gorenean”. Madrildarrak oso gogor hasi ziren. Partidua hasi eta zortzi bat minutura, Jon Mikel Aboitiz etxeko jokalariak min hartu zuen: “Hor gure gauzak aldatu ziren, eta eurak gorantza joan ziren. Gero, ostera ere lema hartu genuen”.
Neurketa hasi eta bi minutura Siyabonga Masuku basurdeak estreinatu zuen markagailua aldeko zigor ostikoa ona egitea lortuta. Hamargarren minutura iritsi aurretik, ordea, madrildarrak erasoan zirelarik, mele batetik epaileak zigor-entsegua adierazi zuen Pozuelo Rugby Unionen alde. Orduan, talde madrildarrak markagailuan aurrea hartu, eta partiduaren zati handi batean abantaila izatea lortu zuen. Bi taldeek entsegua burutzea egokitu zitzaien zelaian jokatu nahi zuten eta, ondorioz, ostiko asko, airetiko jokoa gailendu zen. Etxekoak defentsan antolaturik bazeuden ere, erasoan madrildarrak gainditzeko zailtasunak izan zituzten.
9 eta 10eko markagailuagaz joan ziren aldageletara. Bigarren zatian ere oso indartsu hasi zen Pozuelo, markagailuan tartea handitzeko asmoarekin. Eta egoera irauli nahian zelairatu zen Gernika. Jokoa berrabiarazi eta minutu gutxira Jon Ander Puertasek entsegua egin zuen talde madrildarrarentzat. Hala ere, etxeko jokalariek puntuak gehitzeko izandako aukerak aprobetxatu zituzten, zigor-ostikoez baliatuta berriro ere markagailuan hurbildu ziren (12-17). Bigarren zatiaren erdia pasatuta heldu zen Gernikaren lehen entsegua; Eneko Gorostizak lortu zuen. Horrekin markagailua berdindu zuten basurdeek, baina minutu gutxira, berriro ere aurrea hartu zuten madrildarrek, Santiago Ortegak zigor-ostiko on bat eginda. Neurketa amaitzeko bost bat minutu falta ziren. Urduritasun puntu bat somatzen zen airean, baina berdegunetik entzuten ziren garrasiek argi utzi zuten gernikarrek ez zutela amore emateko intentziorik. 80. minutura heltzear zeudela, Siyabonga Masukuk berdindu zuen markagailua (20-20).
Partidu bakarreko kanporaketa zelako, 20ko berdinketa horregaz luzapenera joan ziren. “Errugbian oso arraroa izaten da hori. Nire bizitza guztian uste dut lehenengo biderra dela hau gertatzen zaidana”. Luzapenean hamar minutuko bi zati jokatu zituzten. Basurdeen entrenatzailearen berbetan, defentsa lana eta egindako aldaketetan asmatzea giltzarriak izan ziren partidua irabazteko. “Jokalariak aldatu genituen eta horiek izan ziren partidua aurrera atera zutenak”. Hain zuzen, defentsan antolaturik, eta bigarren zatian zein luzapenean bertan egindako aldaketek mantendu zuten mailarekin, 93. minutuan aurrea hartu zuen Gernikak, Masukuren zigor-ostikoa baliatuz.