Busturialdeko pentsiodunek dirua kudeatzeko banketxeetan dituzten zailtasunak salatu dituzte
Bermeon zein Gernika-Lumon banketxeen aurrera eroan dituzte gaurko protestak.
Adineko pertsonek eta pentsiodunek euren pentsioetako dirua kudeatzeko banketxeetan dituzten zailtasunak salatu dituzte Busturialdeko pentsiodunek gaur. Hego Euskal Herriko hiriburuetan joan den astelehenean batu ziren pentsionistak protesta egiteko.
Bermeon zein Gernika-Lumon, protestak lekualdatu dituzte gaur. Bermeotarrak Goiko Plazan elkarretaratzea egin beharrean, Lameran batu dira eta banketxeen aurrera eroan dituzte protestak. Gernikarrak, berriz, Foruen Plazan batu beharrean Merkurion batu dira, banketxeen aurrean baita ere. “Kezka” agertu dute, batetik, sukurtsaletan sortzen diren ilarengatik, eta bestetik, komisioak “gero eta altuagoak” direlako, “baliabide gutxi dituztenei kalte handia eginez”.
Gaur egun, banku zerbitzua zerbitzu publikoa dela azpimarratu dute: “Finantza bitartekarien funtzioa bete behar dute, jarduera ekonomikoa eta produktiboa errazteko”. Banku zerbitzua “hondatzen” ari dela diote, euren dirua kudeatzea “gero eta zailagoa” dela gaineratuta. Pandemiaren ondorioz, gainera, zailtasunak areagotu egin direla aipatu dute: “Sukurtsalak zarratzen ari dira, eta horiek izaten dira askotan, auzoetan eta herrietan zuzeneko arreta jasotzeko aukera bakarra. Erabiltzaileei arreta emateko langileak murrizten ari dira, eta komisioak handitzen, enpresen dibidenduak handitzeko helburuz”. Gogorarazi dutenez, Espainiako Estatuko banketxe handiek epe laburrean 18.000 lanpostu likidatzea aurreikusi dute, “kaleratze, erretiro aurreratu edo borondatezko bajen bidez”.
Aipatu dutenez, duela lau aste inguru gutunak bidali zizkieten Espainiako Bankuari, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroari eta Euskal Herrian dauden banku eta aurrezki kutxa ia guztietako zuzendari edo kudeatzaileei, “gai horiei guztiei buruzko neurriak eta konponbideak eskatzeko”.